
KAE1, KAE2 eta ETE arraun Ligak martxan dira duela bi astez, eta asteburu honetan Eusko Label eta Euskotren Ligen txanda iritsiko da. Dena prest dago Bilbon larunbatean Bilboko XVI. eta VII. Bandera ospatzeko, hiriaren erdigunea zeharkatzen duen erlojuaren kontrako probarekin.
Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak eta Borja Rodrigo ACTko presidenteak lehiaketaren xehetasun guztien berri eman dute asteazken honetan. Bertan, Euskotren Liga emakumezkoen tripulazioak eta Eusko Label Liga gizonezkoenak lehiatuko dira erlojuaren kontrako estropadan.
ACTeko presidente Borja Rodrigok azpimarratu du garrantzitsua dela denboraldia Bilbon hastea, «ligaren garapenari estu lotuta dagoen hiria» delako. Bestalde, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak balioa eman dio «hiriak kirol honekin duen loturari eta ekitaldiaren eragin positiboari». Batak nahiz besteak jendea animatu dute Bilboko Banderaren inguruan sortzen den jai giroarekin bat egitera eta festa horretan parte hartzera.
Hiri-zirkuituak eta erlojuaren kontrako formatuak ikuskizun aparta eskainiko dute itsasadarrean zehar, eta zaleek traineruak pasatzean gozatzeko aukera izango dute hiri-ingurunean. Gainera, estropada horretako denborek hurrengo eguneko irteera-ordena eta txanden osaera zehaztuko dute, hortaz, garrantzia are handiagoa da kirola arloan.
Euskotren Ligako estropadak emango dio hasiera banderari. Hau 17.20etan hasiko da eta 2.778 metro egin beharko dituzte, bi luze eta ziaboga batekin. Lehenengo txandan Zumaia, Astillero, Hibaika eta Hondarribia arituko dira. Bigarrenean, aldiz, Donostiarra, Orio, Tolosa eta Arraun Lagunaken txanda izango da.
Ondoren, 18.15etik aurrera, Eusko Label Ligako traineruen txanda izango da. Kasu honetan, 5.556 metro izango ditu estropada eremuak eta lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte 12 ontziek.
Lehengo txandan Ares, San Juan, Kaiku eta Cabo arituko dira; bigarrenean, Ondarroa, Lekittarra, Getaria eta Hondarribiaren txanda izango da; eta hirugarrenean arituko dira Orio, Donostiarra, Zierbena eta Bermeo.

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Uno de los detenidos en Ordizia va a prisión y el otro queda libre

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala
