NAIZ
Gasteiz

Gasteizen prekarizazioaren kontrako borroketan dauden langileekin batzar irekia egin du LABek

Gasteizen prekarizazioaren kontrako borroketan murgilduta dauden pribatizatutako sektore eta enpresetako langileekin batzarra egin du LABek. EAJ eta PSEren eskuetan dauden instituzioei «pribatizazioak bultzatzea» egotzi diete, «oinarrizko zerbitzuak eta zaintza lanak negozio bihurtuz».

LAB sindikatuaren batzar irekia Gasteizen.
LAB sindikatuaren batzar irekia Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

LABek batzarra egin du asteazken honetan Gasteizen prekarizazioaren kontrako borroketan murgilduta dauden pribatizatutako sektore eta enpresetako langileekin. Hauek beren egoera partekatu dute, «elkartasuna aktibatzeko, elkar babesteko eta guztien artean borrokak indartzeko modua aztertzeko».

Batzarrean parte hartu dutenen artean daude Enviser eta Sacyr-eko langileak. Bi enpresak Gasteizko Udalaren azpikontratak dira, lehenak lorezaintzakoak eta bigarrenak estolderien mantenuaz arduraratzen direnak. Greban daude hitzarmen propio eta duina negoziatzeko.

LABek ohar baten bitartez azaldu duenez, Arabako adinekoen egoitzetako langileek herrialde mailako lehen sektore hitzarmenaren alde egiten ari diren borrokaren berri eman dute, egun pribatua den sektorea publiko bihurtzea duena helburu. Esku-hartze soziala eta aniztasun funtzionaleko langileek sektore publikoko langileekiko ekiparazioa aldarrikatzeko piztu dituzten dinamikez hitz egin dute, publifikazioa dutenak helburu. Anbulantzietako langileek, euren aldetik, publifikazioa eskatzeko dinamika baten berri eman dute, Nafarroan honezkero lortu den zerbait.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko eta Gasteizko Udaleko langileek bi erakundeek dituzten asmo pribatizatzaileei aurre egiteko egiten ari diren borroka azaldu dute. Azkenik, Gazteriaren Foru Erakundekoek borrokaren bidez zerbitzu publiko hau indartzeko astelehenean lortu zuten akordioaren berri eman dute.

«Batzarrean argi gelditu da pribatizazioak lan baldintzen prekarizazioa dakarrela eta honi aurre egin behar zaiola borroka sindikalen bitartez, sektore eta enpresa hauetako langileak egiten ari diren bezala. Horrekin batera, gaurkoa bezalako ekimenetan elkartzearen beharra azpimarratu dute bertaratutakoak, guztien artean borrokak indartu ditzaketela sinetsita. Hortaz, antzeko ekimenetan sakontzeko asmoa adierazi dute batzarrera bertaratutakoek. Azkenik, lan baldintzak hemen erabakitzearen garrantzia azpimarratu dute, estatalizazioaren aurpegi desberdinek, hitzarmen estatalek zein Estatuak ezarritako mugek, langileen lan baldintzak kaltetzen dituztelako», azaldu du sindikatuak.

Instituzioei interpelazioa

Beste alde batetik, LABeko kideek salatu dute EAJ eta PSEren eskuetan dauden instituzioek pribatizazioa bultzatzen dutela, «oinarrizko zerbitzuak eta zaintza lanak negozio bihurtuz».

Horrela, batzarra bukatzean mobilizazioa egin dute LABeko kideek langileen lan baldintza duinak exijitzeko eta arlo publikoa indartzeko beharra aldarrikatzeko. Manifestazioa, Foru Aldunditik pasatu ondoren, Gasteizko udaletxe aurrean bukatu da. Bi erakunde hauen «asmo pribatizatzaileak» salatu ditu LABek, honen inguruan duten ardura azpimarratuz.

Sindikatuko ordezkariek gaineratu dutenez, «instituziook ez dute gatazken konponbidean inplikatu nahi». Are gehiago, grebetan «gehiegizko» gutxieneko zerbitzuak eskatzen dituztela salatu dute.

«Honenbestez, LABek borroka sindikalak bultzatzen jarraituko du, pribatizazioari aurre egiteko eta arlo publikoa indartzeko, baita gaurkoa bezalako ekimenak antolatzen ere, langileak elkartu eta lan baldintzen eta eskubideen defentsan aurrera egiteko», nabarmendu du.