NAIZ

Israelek Gaza iparraldeko ospital bateko zuzendaria hil du, bere etxea bonbardatuta

Indonesia Ospitalearen zuzendaria hil du Israelek, bere etxebizitzari zuzenean dron bidez eraso eginda. Marwan al Sultan ez ezik, haren emaztea eta lau seme-alabak hil dituzte, baita auzokide batzuk ere. Indonesia Ospitalea Gaza iparraldeko garrantzitsuenetakoa da eta gaur egun zerbitzuz kanpo dago.

Indonesia Ospitalea, duela egun gutxi.
Indonesia Ospitalea, duela egun gutxi. (Bashar TALEB | AFP)

Gazaren mendebaldean Israelek egindako bonbardaketa batek Marwan al Sultan Indonesia Ospitalearen zuzendaria hil du. Indonesia Ospitalea Gaza iparraldeko garrantzitsuenetako bat da, eta zerbitzuz kanpo daukate Israelgo tropek.

Asteazken honen goizean Israelgo Armadako dronek eraso egin diote Al Sultanen etxeari. Bere familiarekin bizi zen Rashid errepideko biribilgune baten ondoko etxebizitza bloke batean eta bera ez ezik, emaztea, lau seme-alabak eta eraikineko beste bizilagun batzuk ere hil dituzte erasoan.

Gazako Osasun Ministerioak baieztatu du Indonesia Ospitaleko zuzendariaren heriotza eta honakoa adierazi du ohar batean: «Medikuen eta langile humanitarioen aurkako krimen orok berresten du metodologia odoltsua darabiltela eta nahita eta zuzenean erasotzen ari direla».

Al Sultan Beit Lahia Indonesia Ospitalearen buru izan zen gerran zehar. Erietxea enklabearen iparraldeko eskualdeko nagusietako bat zen, eta zabalik gehien aguantatu zuenetarikoa, Israelgo tropen aurrerapenak ixtera behartu zuen arte.

Ospitaleari askotan egin zioten zuzenean eraso eta Israelgo Armadaren zenbait setio jasan zituen, iparraldeko eskualdean irekita mantendu ziren beste bi ospitaleek bezala: Kamal Adwan eta Al Awda. Egun, ospitale horiek guztiak hustuta daude eta langile gehienek hiribura egin behar izan dute ihes.

Indonesia Ospitaleak jasan zituen azken setioetako bat maiatzaren 18an izan zen. Orduan, Al Sultanek berak salatu zuen Israelen dronak ospitalearen inguruan zebiltzanei tiro egiten ari zirela.

Kamal Adwan erietxeko zuzendaria, Husam Abu Safiya, atxilotuta daukate Israelgo kartzela batean, eta inork ez daki zein egoeratan dagoen abenduaren 27an ospitalea setiatu eta gero atxilotu zutenetik.

NBEren Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak jakitera eman duenez, egun Gazako 36 erietxeetatik 17 baino ez dira ari, nola edo hala, jendea artatzen. Horietatik bat bera ere ez dago iparraldean. Halaber, Gazako Osasun Sailaren arabera, 1.580 osasun langiletik gora hil ditu Israelek.