Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Atsekabe txiki bat maisuarentzat, lehen helburuak dizipuluentzat

Aurreko hiru txapelketetan minutu guztiak jokatu ondoren, zigor batek harmailetara bidaliko du gaur Irene Paredes. Maite Zubietak debuta egiteko ilusioa dauka eta Damaris Egurrolak leku bat nahi du etzi bere taldearen hamaikakoan.

Laugarren Europako Txapelketaren lehen partida harmailatik jarraitu beharko du Paredesek, aurrekoak oso-osorik jokatu ondoren.
Laugarren Europako Txapelketaren lehen partida harmailatik jarraitu beharko du Paredesek, aurrekoak oso-osorik jokatu ondoren. (RFEF)

Hiru futbolari ditu Euskal Herriak Suitzan jokatzen ari den Europako Txapelketan, beren kamisetak beste kolore batekoak diren arren. Euren artean ere ez datoz bat; izan ere, Irene Paredesek eta Maite Zubietak Espainiako selekzioarena jantziko duten bitartean, Damaris Egurrolak Herbehereetakoa jarriko du beste behin.

Lauki bera ere ez dute okupatzen eta gure futbolaren iragana, oraina eta etorkizuna hartzen dituzte: oraindik gasolina duen arren –Bartzelonarekin kontratua berritu berri du bi denboralditarako–, laugarren Eurokopa izango da aurtengoa Paredesentzat, Damarisek bigarrena jokatuko du eta Zubietak, bere aldetik, debuta egingo du maila goreneko txapelketa batean.

Ilusioei buruz hitz egitean, adostasuna antzematen da, hirurek nahi baitute minutu asko jokatu eta ahalik eta gorenen iritsi beren taldeekin. Baina, berriz ere desberdintasunak, ez omen dute helburu horiek lortzeko aukera bera.  Helburu biak gertuen dituena Paredes omen da, bere taldea titulua irabazteko faborito nagusietakoa baita eta, gainera, konfiantza osoko jokalaria delako atzelaria Montse Tomerentzat, aurretik Jorge Vildarentzat eta bere hastapenetan Ignacio Queredarentzat izan zen bezala. Izan ere, 2013an Suedian debutatu zuenetik, Espainiak Europako eta Munduko txapelketetan lehiatu dituen partida guztiak (26) oso osorik jokatu ditu futbolari legazpiarrak.

Beste inork ez du horrelakorik egin, eta ez da harritzekoa: hamabi urteko epe honetan, Europako lau txapelketa izan dira, aurtengoa barne, eta Munduko bi; horiek denak lehiatu ahal izanak esan nahi du lesioek errespetatu dutela eta, horrez gain, denbora honetan guztian mailarik gorenean lehiatzeko gai izan dela.

Markako ibilbide hori, zoritxarrez, eten egingo da gutxienez egun batez; atzo jakin zenez, iaz sailkatze fasean hartu zuen txartel gorriaren ondoriozko zigorrak txapelketako lehen partida (Espainia-Portugal, 21.00) harmailatik jarraitzera kondenatuko du euskal futbolari sarituena.

Leku baten bila

Zortzi urte gutxiago dituen arren, Damaris Egurrolak aurrea hartu zion legazpiarrari eta Txapeldunen Liga irabazi zuen lehen euskalduna izan zen. Selekzioan, ordea, bidea motelago ibiltzen ari da eta, Andries Jonkerren konfiantza pixkanaka eskuratzen joan den arren, oraindik ez du lortu hamaikakoan postua bereganatzea, OL Lyonnesen ez bezala. Lehen partidan (etzi, Gales-Herbehereak) postu hori lortzea da bere lehen helburua.

Bigarrena zailagoa izango du, Txapelketako multzo zailenean lehiatzen dutelako –Alemania, Suedia eta Galesekin– eta, horrez gain, Oranjeak ez daudelako beren unerik onenean. Ez ziren ondo aritu duela hiru urte Ingalaterran aurreko edizioaren tituluaren defentsan, ez eta Munduko Txapelketan ere, eta Joko Olinpikoetatik kanpo geratu ziren ondoren. Jonkerrek, hain justu, aulkia utziko du Suitzako txapelketa amaitu bezain laster. Sarina Wiegmanen laguntzailea den Arjan Veurink aukeratu du Herbehereetako Federazioak bere postua hartzeko, bikoteak joan den hamarkadan lortu zituen eta Ingalaterrako aulkian jarraipena eman dien arrakastak errepikatzeko asmoz.

Etorkizuna

Maite Zubietari kontrakoa gertatzen zaio. Beheko mailetan aparteko palmaresa lortu ondoren, udazkenean debutatu zuen Montse Tomeren deialdian, baina, oraingoz, minutu solteak besterik ez ditu jokatu; dena den, Sbelleiraren lesio larriak ireki dio txapelketa hau jokatzeko atea.

Ezustekorik ezean, aulkitik bultza egin beharko du, eta ezustekorik ezean hau ere, etorkizunean oso desberdina izango da. Ezinbesteko titularra Athleticen, klub zuri-gorriak kontratuaren klausula bat baliatu behar izan du urtebetez berritzeko begi ahaldun askok gertutik jarraitzen duten erdilaria.