Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Dolores Redondoren azken eleberri beltza, ‘Lorik egiten ez dutenak’, euskaratu dute

Miren Arratibelek euskarara ekarri du Dolores Redondo idazlearen ‘Lorik egiten ez dutenak. Nash’. Psikologo forense baten pausoen atzetik, desagertutako gazte baten heriotzaren ikerketa jarraituko du irakurleak, gaizkiaren, amatasunaren eta sororitatearen gaietatik saltoka, Malerrekan, Nafarroan.

Dolores Redondo, euskararatu berri duten bere liburua eskuetan duela.
Dolores Redondo, euskararatu berri duten bere liburua eskuetan duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Erein argitaletxearen eskutik, eta Inazio Mujikak editatuta, euskaraz irakurgai dago Dolores Redondoren azken eleberri beltza, ‘Lorik egiten ez dutenak. Nash’. Miren Arratibelek itzulitako istorio honen protagonista psikologo forense bat da, Nash Elizondo.

Protagonista, 2020an pandemiaren atarian ama hil eta gero Legarreako leizearen inguruko sorginkeriari buruzko kondaira bat ikertzen hasten da, baina duela gutxi hildako neska gazte baten gorpua aurkitzen du. Beraz, polizia edo inspektore batek dituen erraztasunik gabe, hildako Andrea Dancur gaztearen bizimodua aztertzeari ekiten dio, gertatutakoa argitzeko.

«Laukote» baten bigarren atala da. Hala azaldu du Redondok ostegun honetan Mujikarekin batera egindako aurkezpenean. Izan ere, ez du uste tetralogia bat denik, ‘Uholdearen zain’ seriearen lehenengo nobelaren jarraipen bat ez delako, ez behintzat kronologikoa. Bilbon 1980ko hamarkadan gertatzen den istorio horretan pertsonaia nagusia Nashen ama da, psikiatra bat.

Baztanetik atera ez denez, idazleari nazioarteko ospea eman zion Baztango trilogiaren protagonista, Amaia Salazar inspektorea, du lagun Nashek. «Bere Watson da», labubildu du Redondok. Donostiarrak azaldu duenez, psikologo forenseak ez dira autopsietan egoten eta gorpurik ez dagoenean edo heriotzatik denbora asko igaro denean sartzen dira ikerketetan.

Bere izena ere bere lanarekin estuki lotuta dago. ‘NASH’ nazioarteko kode forensean jasotako heriotza kausen akronimo bat da, naturala, istripuzkoa, suizida eta homizidiozkoa, ingelesez. ‘Zehaztugabea’ esan nahi duen ‘i’ bat falta da izenean, protagonistaren amak beti nabarmentzen zuen Nashen ezaugarri bat.

«Matriarkatua» eta izenburua

Amatasunarena da, hain zuzen, Redondoren lan honen hanketako bat, «oso sakon aztertuta», Inazio Mujikaren hitzetan. Honek azpimarratu duenez, liburuan nagusi dira emakumeak, Redondoren «matriarkatua» eta izenburuan ere emakumeei «omenaldia» egiten zaie.

Dolores Redondok berak azaldu du: «Lorik egiten ez dutenak emakumeak dira, Erdi Aroan gizonak lo egon zitezkeen gau osoan, emakumeak ez, pentsatzeko eta erabakiak hartzeko denbora zutelako orduan eta sorgin bihurtzen zituzten erabakiak hartzen zituzten, ez ezkontzea edo bakarrik bizitzea bezala».

Bizimodu desberdinak dituzten pertsonen alde egiten duen liburu bat da euskaratu berri duten hau. «Gaur egungo gizartean ere ez dugu alde batera utzi modu desberdinean bizi duten pertsonen aurkako kritika basati hori», hausnartu du Redondok. Eleberrian, epaiketa hori desagertzen da protagonistaren eta Mitxelena familiaren arteko harremanean.

«True crime»-tik urrun

36ko Gerran Josefa Goñi eta bere seme-alabetako seiren gorpuak Legarreako leizera bota zituzten, eta horretan oinarritzen da nobela hau. Hala ere, idazleak ohartarazi du ‘true crime’ delakotik «urruntzen» saiatzen dela, hildako pertsonen familiekiko errespetua gordetzeko, besteak beste. «Idazlea bazara ez duzu literala dena islatu behar, baizik eta hori iragazi eta beste era batean kontatu», azaldu du.

Josefa Goñi eta bere seme-alabei gertatutakoari dagokionez, «hunkitu ninduen eta liluragarria iruditzen zitzaidan», azaldu du. Gainerartu duenez, «sorginkeriazko exekuzio modernoena da, ikaragarria iruditzen zait», eta gertakariari buruz informazio gehiago bilatzera gonbidatu ditu irakurleak.