Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Lang eta txakur beltza

BLACK DOG
Txina, 2024. 110’. Zuzend.: Guan Hu. Gidoia: Rui Ge, Guan Hu. Aktoreak: Eddie Peng, Tong Liya, Jia Zhangke, Zhang Yi. Musika: Breton Vivian. Argaz.: Weizhe Gao.

Lang eta filmeko txakur beltza.
Lang eta filmeko txakur beltza. (The Seventh Art Pictures)

Canneseko zinema jaialdiko Un Certain Regard saileko irabazlea eta Independent Spirit Awards-etan Atzerriko Film onenaren sarirako izendatua, Jia Zhangkeren zinea gogora ekartzen duen filma da –aktore gisa hartzen du parte, kameo txiki batekin eta ekoizlea da–, eta azkarregi eta zentzu handirik gabe eraldatzen ari den munduari buruzko metafora gisa funtzionatzen du.

Txinako iparraldeko Gobi basamortuaren inguruan eta Beijingo Olinpiar Jokoak hasi aurreko egunetan, Lang izeneko preso ohia bere hirira itzuli da. Hiria guztiz hondatuta dago, apenas geratzen den jenderik bertan eta milaka kale-txakurrek inbaditu dute guztia.

Gobernuak etxeko txakur guztien errolda eta kaleko txakurren harrapaketa agindu ditu, txakur izurrite bat saihesteko eta hiria garbitzeko prozesuaren parte gisa. Prozesu hau Olinpiar Jokoen atarian egin nahi dute, hiria «garbitzeko» asmoz. Horien guztien artean, bada txakur beltz bat –ustez amorrua duena–, eta hura harrapatzen duenari sari mamitsua eskaintzen zaio. Lang-ek, ordea, txakurra babestu eta harekin ihes egingo du. 

Bien arteko lotura da filmaren muina, eta Langek txakurrarekin duen harremanaren bidez une ilunenetan ere konpainia eta motibazioa aurki ditzakegula erakusten digu filmak. Eddie Peng aktoreak jokatzen du protagonistaren rola.

Basamortuaren erdian hautsez betetako herri batean, istorioa, 2008ko Beijingo Olinpiar Jokoak baino lehentxeago girotua dago eta eguzki-eklipse baten ondoren. Bi gertaera horiek garrantzitsuak dira narrazioan eta kontrajarritako sinbolo gisa jokatzen dute. 

Guan Hu

Zinema txinatarraren «seigarren belaunaldiko»  figura nabarmena izateagatik ezaguna da. Beijingeko Zinema Akademian graduatu zen 1991n, eta bertako zuzendari gazteenetako bat bihurtu zen. 1990eko hamarkadan, hainbat film zuzendu zituen, eta 1994an ‘Dirt’ filmarekin egindako debutari esker, bereziki, ospea irabazi zuen. Bere lanek estilo errealista eta Txinako gizarte garaikideari buruzko ikuspegi kritikoa izaten dute ohiko ezaugarri.