
Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Eurocupa jokatuko du 2025/26 denboraldian. 2017/18 denboralditik zazpi urtez jarraian ibili zen talde gernikarra Europan zehar, baina iaz ezin izan zuen jokatu liga txapelketan ez zuelako sailkapenik lortu. Aurten ere, Emakumeen Endesa Ligan bederatzigarren amaitu ostean, ez zegokiokeen Europan aritzea, baina azken orduan, talderen batek atzera egin ondotik, FIBAren gonbita jaso du eta, hala, zortzigarren aldiz jokatuko du talde bizkaitarrak Europan.
Lucas Fernandezek klubean Europan jokatu ahal izateak sortzen duen ilusioa nabarmendu du. «Lehenengo ikusi beharko dugu aurre-kanporaketa jokatu beharko dugun ala ez, horrek taldearen plangintza aldatzen duelako. Hala ere, oso pozik gaude aukeragatik, azken ordukoa izan bada ere, kluba prest egon da abagune hau baliatu ahal izateko», adierazi du Lointek Gernika Bizkaiaren webgunean.
Urte borobila izatea espero du 2025/26 denboraldia klub gernikarra, izan ere, aurten 30 urte beteko dituelako. Ez dago urteurrena ospatzeko modu hoberik ostera ere Europan jokatzen baino.
Isabela Quevedo, Araskiren fitxaketa
Bestalde, Kutxabank Araskik 2025/26 denboraldiari begira Isabela Quevedo, 22 urte eta 1,90 metroko pibot kubatarra lotu du. Quinn Dornstauder, Noa Morro eta Montse Brotonsekin batera, gasteiztarren barruko jokoa sendotuko du uda honetan Brasilgo Sampaio Basquete taldean jokatzen ari den jokalariak.
Kubatik Europara 2021ean iritsi ostean, Portugalgo Nataçao de Portugal taldearekin jokatu zituen aurreneko bi denboraldiak eta han emandako itxura onaren ondorio, Benfica talde indartsuak fitxatu zuen 2023an. Portugalgo Liga irabazi di Benficarekin eta finaleko MVP edo Jokalari Baliotsuena izendatu dute aurten. Horrez gain, Portugalgo Ligako Jokalari Gazterik Onenaren saria ere irabazi du Quevedok. Horren ondorioz, Kutxabank Araskik etorkizun oparoa duen jokalari hau fitxatzea erabaki du.
Orotara 13 puntu eta 8,1 errebote pilatu ditu denboraldi honetan Portugalen jokatu dituen 27 neurketetan. Emakumeen Eurocupean sei partida jokatu ditu eta 10,3 puntu y 6,5 errebote lortu ditu batez beste.
Esan gabe doa Kubako selekzioarekin oso gazterik hasi zela jokatzen. Hain zuzen, 16 urte baino ez zituela, 2019ko Americup delakoa jokatu zuen, baina 2023koa ere. 2022ko Centrobasket txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen bere herrialdearentzat.
«Talentu handiko jokalaria da eta etorkizun handia badu ere, iristeaz bat lan bikaina emateko moduan dago. Erreboteak hartzeko orduan jokalari bikaina da, baina bere neurrirako mugikortasun handia du, oso lirain mugitzen da. Baloia lurrean jartzeko gaitasun handia ere badu, eta kanpotik jaurtiketa txukuna ere bai», adierazi du Madelen Urieta entrenatzaileak.
Amare Sylla, 2027ra arte Bilbon
ACB Ligari dagokionez, Surne Bilbao Basketek 2027ra arte kontratua luzatu dio Amare Sylla hegal-píbotari. Dakarren duela 23 urte jaio zen 2,06 metroko jokalariak FIBA Europe Cupean jokatu zuen batik bat, eta bertan batez beste 6 puntu eta 6 errebote pilatu zituen. Dijonen aurkako finalerdi ero hartan jokatu zituen bere minuturik onenak. ACB Ligan, berriz, ez du aukera askorik izan, nahiz eta orotara 2024/25 denboraldian 33 partidatan hartu duen parte.

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Uno de los detenidos en Ordizia va a prisión y el otro queda libre

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala
