
San Juan baleontziaren eraikuntza aurrera doa eta, uda honetan, kaskoa iragazgaitz bihurtzeko fasea burutuko dute Albaola Itsas Kultur Faktoriako artisauek. Uretaratu aurreko zigilatze hori jada abiatua dutela jakinarazi dute Pasaiako faktoriatik eta, ohi duten moduan, fase hau XVI. mendeko ontzigile tradizionalek erabilitako teknika eta lehengai berberak erabiliz egingo dela ziurtatu dute.
Azaldu dutenez, kalapetatzea edo istinkatzea tarteen arteko hutsuneetan landare-zuntzak sartzean datza, kasu honetan kalamu-zuntzak, mailu baten laguntzaz. «Ekintza honek tarteak zigilatzen ditu, uraren sarrera saihesteko. Ogibide espezializatua da, egurrezko ontzigintzan funtsezkoa den kalapetari izeneko langile batek egiten duena. Pauso hau egin gabe, garai hartako ontziek ezingo zuten itsasoratu», zehaztu dute.
Kaskoa kalapetatu ondoren brea emateko pausoa dator, hau da, erretxina edo bikea beroaren nahasketa aplikatzea –kasu honetan Gaztelako brea erabili dute–, garai hartan egiten zen bezala. Helburua ontziaren gainazala guztiz iragazgaitz egitea eta egurra babestea da.
Hau izango da San Juan baleontziak uretaratu aurretik jasoko duen azken tratamendua. «Oso fase esanguratsua da ontzigintza prozesuaren barruan, ontziolan egiten den azken fasea baita», nabarmendu dute.
Lurretik uretara: arboladura eta ekipamendua
Aldaolatik jakinarazi dute brea ematen amaitu eta botaduraren ondoren, hurrengo etaparekin jarraituko duela eraikuntzak: jada itsasontzia uretan dela arboladura osatzeari ekingo zaio. Horren baitan daude mastak fabrikatu eta muntatzea, belak eta aingurak egitea, baita ekipamendu osoa ere.
Azkenik, bisitariek prozesu hau ere zuzenean ikusi ahal izango dutela, ohi denez, Albaola Itsas Kultur Faktorian. Udako orduteguan sartuta, asteartetik igandera 10.00etatik 14.00etara eta 15.00etatik 19.00etara ikusi ahal izango dira lanok, eta bisita gidatuak ere eskaintzen dira. Informazio gehiago Albaolaren webgunean.

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso

Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Donostiako Piratek, Pentsiodunen Mugimendua ardatz
