NAIZ

Zortzi gertaera arrazista zenbatu ditu Hernaniko Udalak jaietan eta elkarbizitza sustatuko du

«Jokabide arrazista» islatzen zuten zortzi «gertakari» antzeman ditu Hernaniko Udalak Sanjoanetan (hasieran hiru zirela uste zuen). Horren berri eman du festen balantzea eta «elkarbizitza oinarri izango duten espazioak sustatzeko» konpromisoa hartu du.

Xabier Lertxundi alkatea eta Aitor Huizi Kultura zinegotzia.
Xabier Lertxundi alkatea eta Aitor Huizi Kultura zinegotzia. (Hernaniko Udala)

Ekainaren 23ko gauean Hernanin kateatu ziren zenbait istiluk oihartzun handia izan zuen, informazio nahasiak tarteko. Jaiak amaituta, argipen batzuk eman ditu Udalak eta kezka agertu du. «Jokabide arrazistak» antzeman ostean «elkarbizitza oinarri izango dute espazioak» sustatuko dituela aurreratu du.

Jai Batzordeak urtero moduan egin du Sanjoanen balorazioa. «Aurtengo jaietako gertaerak ezohikoak izan dira eta horregatik Henaniko Udaletik ere balorazio propioa egitea erabaki dugu», aipatu dute Xabier Lertxundi alkateak eta Aitor Huizi Kultura arloko zinegotziak.

«Ezin ditugu aipatu gabe utzi elkarbizitza oztopatu duten gertakariak –nabarmendu dute–. Azken asteetako norabide berean, arrazakeria oinarri duten hainbat eraso gertatu dira gure herrian. Ekainaren 23ko gauean istiluak izan ziren horien ondorioz. Bereziki gau horretan izan ziren gertaerek erakusten dute jokabide arrazistak izan zirela. Izan ere, hasiera batean istiluen ondorioz hiru gertakari izan zirela uste bazen ere, Udalak baieztatu du herrian zehar sei gertakari eman zirela eta sei gertakari horietan pertsona magrebiarrak egon zirela jomugan. Gau horretaz gain, beste bi gertaeren berri ere izan da, zaurituak tarteko».

Sanjoanetan gertatutako eraso sexista baten berri ere izan du Udalak, agerraldian aipatu dutenez.

«Jaiak gure jendartearen ispilu izan ohi direla esan ohi dugu. Zoritxarrez, momentu honetan gizartean ematen ari diren hainbat ezinegon eta jarrera nabarmen ikusi dira aurtengo sanjoanetan. Horiek kontuan hartu eta elkarbizitza oinarri izango duen hausnarketa prozesu bat abiatzea eskatzen du herrian bizi dugun egoerak», ondorioztatu du Udalak.

«Kohesioa indartzea» helburu

«Hilabeteak dira egora hauen gainean ikuspegi desberdinetatik lanean ari garela –oroitarazi du–. Herrian zabaltzen ari den kezkari erantzunez lanketa hori indartu eta Hernaniko Udalak gaia lantzeko espazio ezberdinak sustatuko ditu. Lanketa horretarako elkarbizitza gaian adituak diren kanpo laguntza espezializatua kontratatuko da eta, besteak beste, diziplina anitzeko mahai bat eratuko da, gaiari ikuspegi desberdinetatik erantzuteko asmoz. Arazoak definitu eta horien soluziorako erantzun zehatzak diseinatuko dira. Lanketa horren guztiaren helburua herriko kohesioa indartzea eta komunitatea sendotzea izango dira», aurreratu dute.

Txanponaren beste aldeari ere erreparatu dio Hernaniko Udalak balantze honetan. Eskerrak eman dizkie Jai eta Txosna Batzodeei, jai eragileetako kideei eta langilei, «baita egunez zein gauez herriko festez gozatzera errespetuz atera diren herritarrei ere. Eurak izan dira sanjoanetako alde positiboa».