
Iñaki Dorronsoro Maioz idazleak bere lehenengo eleberria argirataru berri du Erein argitaletxearekin, ‘Azpijokoa Azpiazun’. Hizkera jostagarria eta parodia erabiliz, ohiko detektibeen istorioen moldeak «hankaz gora» jarri ditu, Inazio Mujika editorearen hitzetan.
Ostiral honetan, Donostiako Liburu Azokaren lehenengo egunean, aurkeztu dute lan berri hau Dorronsorok eta Mujikak. Editoreak azaldu duenez, Ereinen Uzta Gorria sail beltzaren 37. zenbakia bilakatu da orain arte ipuinak idazten aritu den Iñaki Dorronsororen kontakizun hau.
Miren kazetaria eta Alfontso detektibe klasikoa dira protagonistak. Kazetaria da «motorra» idazlearen hitzetan, eta jarrera oldarkorra dauka, baina hizkera jostaria. Kazetari sena gailentzen bazaio ere, bera da Alfontsorengana jotzen duena hasieran lagun baten hilketa dena baina gerora kasu askoz zabalagoa dena aztertzeko.
Parodia eta umorea nagusi dira, baina gizarte kritika zorrotza egiten da nobelan, «lapurretei, ustelkeriari eta etxegabetzeei bizkarra ematen dioten hiri ilun eta gris batean», Dorronsorok esan duenez. Jentrifikazioaz, prentsaren paperaz eta botere ekonomikoaren itzalaz hausnartzen da, besteak beste.
Elkarrizketen ikasgaia «gaindituta»
Estiloari dagokionez, Inazio Mujikak elkarrizketak nabarmendu ditu. Esan duenez, lehenengo liburuetan hauek ondo egitea «ikasgai pendientea» izan ohi da, baina Dorronsorok «gainditu du», «sinesgarriak» direlako eta «irrifarrez irakurtzen den» liburu baten parte dira.
Bergarako idazle eskolan hasi zen proiektu hau. Gero, lagun batekin literatura euskalduneko erreferenteetaz taberna batean hizketan, liburua idaztea erabaki zuen. «Idatzi nuen eta gustora geratu nintzen», azaldu du autoreak, eta «ordutik hazten joan da». Uxue Razquinek egin zuen lehendabiziko edizio lana eta hainbat begik eta eskuk «orrazkerak» eman dizkiote.
Titulua azken zertzelada izan zen prozesu honetan, «txistezkoa» ere bai. Bukaeran bururatu zitzaion hitz-jokoa egin zezakeela, gustoko ditu eta. Gainera, liburuaren azalarekin eta itxurarekin «maiteminduta» dagoela esan du, Kristina Fernandezek egindako diseinu-lanari esker.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

