Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Aiora Belartieta
Arraun Lagunakeko arraunlaria

«Oraindik irabazteko gose handiarekin gaude»

Aiora Belartieta (Lasarte-Oria, 2002) Arraun Lagunak taldeko harrobiko kide da eta nahiz eta gazte izan, beterano da ‘Lugañene’ traineruan. Bere konpromezutik eta gose hase ezinetik abiatuta azken urteetan emakumezkoen arraunaren erreferente bilakatu da. 

Aiora Belartieta, Lasarte-Orian.
Aiora Belartieta, Lasarte-Orian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Astebukaera honetan Bilbon emango dio hasiera denboraldiari Euskotren Ligak. Aurreko sasoian Donostiako Arraun Lagunakek historia egitea lortu zuen jokoan zeuden bandera guztiak irabaziz eta datorrenerako «gogotsu» dagoela adierazi du Aiorak. Hala ere, taldeak «burua hotz eta oinak lurrean» dituela azpimarratu du. Erronka nagusia aurreko denboraldia berdintzea izango dute eta hori lortzeko presio puntu bat dutela onartu du, aurkarien maila talde donostiarrarenarekin batera gora bai dihoa.

Azken urteetako arrakasta ikusita, zein helburu edo erronka jarri dituzue datorren deboraldirako?

Aurtengo helburuak azkenean ez dira hainbeste aldatuko, gure helburua berriro ere Euskotren Liga eta aurrerago Kontxako bandera irabaztea izango da. Bitartean denboraldiaz disfrutatzea, hori izango da gure helburu nagusienetariko bat.

Euskotren Ligan datorren denboraldian faborito zarete Tolosaldearekin batera. Orain arte eman duzuen maila eta gero, zuen gain presio mota bat sentitzen duzue?

Egia esan oso ondo ari gara entrenatzen, egia da denboraldi oso potente batetik gatozela eta presio puntu hori daukagula dena irabaztetik gatoz-eta. Hori dela eta, dena irabazteko daukagu eta dena galtzeko daukagu baita ere. Orduan badaukagu presio mota hori eta kontziente gara egoera hori ondo kudeatzen saiatu behar garela eta uneoro burua hotz mantentzen.

Zuen lehiakide nagusi den Tolosaldearen maila baita ere igo da.

Bai, haien mailari dagokionez, ikusi da maila bat gora egin dutela, beraiek ere taldea errefortzatu dute fitxaketen bidez, baina egia da talde gisa urtez urte maila altuagoan lehiatzen ari den taldea dela, eta aurten gerra handia emango duen taldea dela ziur nago.

«Urte asko daramatzagu gogor entrenatzen eta aurten ere gogor entrenatu dugu»

Hainbeste garaipenen ondoren, taldearen giroak eta motibazioak bere horretan jarraitzen duela imaginatzen dut.

Hala da, oraindik irabazteko gogo handia dugu nahiz eta aurreko denboraldian dena irabazi, azkenean fruituak jasotzen dituzunean edo irabazten duzunean gehiago irabazteko nahi hori pizten da eta momentuz, jarrera horrekin gabiltza eta oraindik irabazteko gose handiarekin gaude.

Zein esango zenuke dela taldearen indargune nagusia?

Zalantzarik gabe jarrera da, gure aldetik jartzen dugun guztia eta gure arteko harremana.

Prestakuntza fisikoari dagokionez exijentzia geroz eta altuagoa da.

Prestakuntza aldetik, egia da urtez urte exijentzia maila handiagoa duen taldea dela, eta gure prestatzaile fisikoak pilo bat gustuko duenez bere lana eta pasio handiz aritzen denez horretan, beti gauza desberdinak probatzen aritzen da gure prestakuntzari begira. Hala ere, urte asko daramatzagu gogor entrenatzen eta aurten ere gogor entrenatu dugu.

«Egia da bai, Andrearekin [Astudillo] ni 7 urtez ibili naizela eta agian gutako batzuk gure konfort gune horretatik irten garela edo gure aurreko patroiak zituen ohituretatik ‘desohituratu’ egin behar izan dugula»

Lemazainaren aldaketa kasu delikatua izan da…Nola baloratuko zenuke teknikarien kudeaketa?

Gure entrenatzaileak egoera ondo kudeatu duela pentsatzen dut. Gainera etorri den patroiak, Joanak [Halsouet], duela bi urte gurekin jardun zuen, arraunlari gisa, ez patroi gisa, baina berak ezagutzen zuen patroi rola duela urte batzuk Lapurdin patroi izan baitzuen. Lehenengo aldiz hemen aritu zenean ikusi genuen neska arduratsua zela eta gure taldearentzat balio zuela, orduan alde horretatik egia esan oso kontentu nago.

Ikaskuntza pertsonalen bat aterako zenuen trantsizio-aldi horretatik.

Egia da bai, Andrearekin ni 7 urtez ibili naizela eta agian gutako batzuk gure konfort gune horretatik irten garela edo gure aurreko patroiak zituen ohituretatik ‘desohituratu’ egin behar izan dugula. Adibidez, Joanak uretan eskatzeko dituen moduak eta Andrearenak ez dira berdinak, alde horretatik Joanaren moduetara egokitu behar izan dugu. Azken finean, denok izan dugu txip aldaketa hori eta egia esan nire ustez taldea oso ondo egokitu da eta Joana berdin-berdin, dena ondo irten da.

Taldearen dinamika aldatu dela esango zenuke Joana Halsouet lemazainaren etorrerarekin?

Aldatu-aldatu ez da ezer aldatu, Joana gure patroi berria da, patroiek ere beraien maniak dituzte eta nire ustez hori da aldatu den gauza bakarra.

Erraz esaten da aurreko denboraldian bandera guztiak astindu zenituztela. Zein estropada duzu bereziki buru-belarri, berriro lortzeko erronka edo helburu berezitzat?

Niretzako orain denak dira bereziak…(barrezka). Gu estropadaz estropada goaz, beraz, ez daukat bat bereziki gogoan. Egia da bai Kontxako bandera beste ‘mobida’ bat dela, baina ligan zehar niretzako denak dira garrantzitsuak.

«Batzuetan kosta egiten zait talde honekin lortutako guztia lortu dudala sinistea»

Larunbatean Bilbon emango diozue hasiera ligari... Nola prestatzen ari zara zure burua denboraldi berri honen hasierarako?

Negu guztian entrenatzen egon eta gero gogo handia dut liga hasteko, aurredenboraldia luzea egiten da eta lehiatzeko gogo handiarekin nago. Lasaitasunez hartuko dut denboraldi hau.

Donostiako Arraun Lagunak emakumezkoen taldea sortu zenetik, taldeak emakumezkoen gorengo ligan parte hartu duen liga guztietan aritu zara, lehenengoan izan ezik.

Batzuetan kosta egiten zait talde honekin lortutako guztia lortu dudala sinistea. Urte gutxitan gauza asko gertatu dira eta dena asimilatzea ez da erraza egiten, uste dut etorkizunean konturatuko naizela lortu dugunaz eta sakrifikatutako denbora guztiaz, bitartean oraina gozatzea eta disfrutatzea tokatzen zait.