Arnaitz Gorriti

Xabier Añua entrenatzaile eta euskaltzale gasteiztarra hil da

Saskibaloi entrenatzailea, abokatua, euskaltzalea, gasteiztarra goitik behera, irribarrea beti ahoan eta azken egunera arte bere herriarekin konprometitua. Makalik zebilen aspalditik eta azkenean eta azkenean, 89 urterekin eman du azken hatsa.

Xabier Añua, Gaur 8rako eginiko elkarrizketan.
Xabier Añua, Gaur 8rako eginiko elkarrizketan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

89 urterekin, eta saskibaloiari eta Euskal Herriari lotutako bizitza intentsu baten ostean, Xabier Añua entrenatzaile eta abokatua hil da. Saski Baskonia, KAS edo Aguilas taldeetan aritu zuen, eta saskibaloiaz aparte, Herri Batasunaren sorreran edota Gasteizko Jazzaldia sortzeko lanean jardun zuen.

Lagun bat hil da. «Zu gureetakoa zara», zioen, irribarrea ahoan, 2017ko Kopan elkarrizketa egiteko unean eta ACB Ligan bezala Entrenatzaileen Elkarteak omenaldia egin osteko lasaitasun tarte batean esana. «Emozio gaindosian naukazue». Nola ezin daiteke maite Xabier Añua bezalako pertsona bat? Euskara falta izan zitzaion bere bizitzari eredutzat nahiko genukeen euskal herritarra izateko, eta horrek penatzen zuen, baina osterantzean mundu osoa bere gorputz txiki horren barruan kabitzen zen: gazte zein zahar, bertako zein atzerritar. Saskibaloia ardatz hartuta eta bizitzari zukua ateratzeko desira erabatekoarekin, kultura, politika, herrigintza eta belaunaldien arteko ulermena izan zituen beti bere helburuen artean.

Abokatua eta Gasteizen pisu handia duen abizenaren jabea, Xabier nonahi eta noiznahi edonorekin hizketan ikustea ez zen harritzekoa. Berdin etxekoandre, politikari, Baskoniako kargudun edo ikasle; Xabier Añuak isilean zenbat lan egin duen euskal gizartearen alde berak bakarrik daki, ez delako geldi egotekoa izan. Bizitza publikotik erretiraturik eta bihotzeko arazoekin makalik zegoela ere, bizikletaz pasioan behin baino sarriago aurkitu dute gasteiztarrek bertan jaio, hazi eta hil den semea. Gasteizko hiruak eman zion Urrezko Zeledon hura zateeken gutxieneko ordaina. Hori eta 1984/85 denboraldian Saski Baskoniarekin lortu zuen Copa Asociacion delakoa –«nire kirol bizitzan irabazi dudan trofeo bakarra»–, bere bihotzean iltzaturik geratuko ziren.

Bihotza. Bihotzak nahikoa zela esan arte izan zen saskibaloiko entrenatzaile, eta han ere Euskal Herria izan zuen bere etxea eta Madrilgo botere zentralista, etsai amorratua. «Real Madrilek Espainiako selekzioko jokalari guztiak zituen eta merkatuan zeuden amerikarrik onenak zituen beti aukeran. Nola irabaziko genion ba guk? Baina hortxe genbiltzan, Baskoniarekin edo Bartzelonan, izorratzen!», esaten zuen behin baino sarriagotan, algara baten.

KAS taldeko entrenatzaile izan zen eta 1968 eta 1972an bitartean Bartzelona entrenatu zuen, bertan, galtza motxak jantzita, Aito Garcia Reneses izaneko antolatzaile bizi bat izan zuen bere aginduetara. «Jokalari zelarik, nik baino askoz gehiago zekiela bistakoa zen. Han entrenatzaile bat bazegoela», zioen. Horrez gain Bilboko Aguilas taldeak aurrera egin zezan ere lan egin zuen, bertan entrenatzaile izanik ere eta gerora Baskonian izen handia izan duen Pepe Laso ere berarekin eramanez.

Bidaiaria eta konprometitua

Nola izan liteke horren gasteiztarra eta horren mundutarra? Egun «munduko hiritar» dioten hainbatek ez lukete ulertuko Xabier Añuaren ibilia. 1966 urtearen inguruan New York Knicks taldearentzat lanean ekin zion. Horrez gain, NCAAko entrenatzaileekin harremana lotu zuen AEBetan egiten zen saskibaloia Atlantikoaz bestalde egiten zen harengara apur bat hurbiltzeko.

«Garai haiek beroak izan ziren. Egun batean, hainbat jokalarik eurekin bazkaltzeko gonbita egin zidaten, Harlem auzoan. Halako batean sekulako eztandak eta suteak sumatu eta ikusi genituen. Martin Luther King erail zuten, eta ni Harlemen nengoen. Zuri potoko bat bi metroko beltzez inguratua. Autoan gordeta eraman ninduten hotelera, arazoak saiheste aldera. Drama handia izan zen, kolpe ikaragarria AEBetako beltzentzat», oroitzen zuen Andoni Urbistondo kazetariari Gaur 8 gehigarrirako eskainitako elkarrizketan.

Urtebete eman zuen New Yorken, diru askorik gabe baina ahal izan zuen beste ikasten, eta era berean, bere gizatasunarekin NBAko jokalariak harritzen. Izan ere, Gasteizko Jazzaldiaren sustatzaile izan baitzen ordurako, nahiz eta Iñaki bere anaia izan benetan jazzaldi hura zuzentzen zuena.

Xabier Añuak izarren «cicerone» lanetan egin zuen bidea. Esaterako, Knickseko jokalariez inguraturik, Dizzy Gillespie tronpeta jole handiak Xabier ezagutu zuen bete inor baino lehen, jokalari amerikarren harridurarako.

Bartzelonan hasi zen lanean 1968an eta Ligako txapeldunorde izatera eraman zuen talde blaugrana, artean halako lehiakortasunik ez bazuen ere. Askatuak taldetik Shegun Azpiazu erraldoia ekarri zuen eta Aito Garcia Reneses Estudiantes taldetik, baina taldeari goranzko bultzada Norman Carmichael ekarrita ematea lortu zuen, eta «gorantz ari ginela kanpoan geratu nintzen, Ranko Zeravica handia fitxatu zuelako Bartzelonak», zioen Añuak, algara baten. Tartean, apropos zapata kantxara bota izana epaileek partida gelditzeko eta beste mila pasadizo.

«Bat, bi, hiru! Apurtu!» Horra Bilboko Aguilas taldearen garrasia Bartzelonatik Bilbora joan zenean. Garai hartakoak dira Gasteiztik Bilbora alde egin zuen KAS eta Aguilasen arteko derbiak eta Jose Luis Sanchez Erauskin «Santxon» handiaren eskutik sortu zen Saski Baskoniaren aurkako lehiak. Bartzelonatik Bilbora ezkonduta iritsi zen, bestalde, Normal Carmichael fitxatzeko lanetan ezagutu baitzuen bere emazte izango zena.

Estatu frantsesean Antibes taldeko entrenatzaile ere izan zen 1973 eta 1975 bitartean, eta Sarajevoko Bosnaren aurka itxi zuen etapa hura. «21 puntugatik irabazi genien joaneko partida eta 22gatik galdu. Belgradetik Sarajevora trenez joan behar izan ginen eta ohatzean lo egin ahal izateko, Jean Bonato jokalariari leihotik sartu arazteko eskatu behar izan nion. Cachemire, nire taldeko kidea etorri zitzaidan partida jokatu aurretik Bosnako izarra berak defendituko zuela esanez: "batere ez du sartuko!", zioen. Ez, batere ez: 60 saskiratu zizkigun Mirza Delibasic handiak. Hantxe amaitu zen gure ibilbidea Korac Kopan eta nirea Antibesen», zioen.

Bihotzak aurreneko abisua eman zion garai horretan eta 1984an Baskoniara itzuli arte saskibaloi kantxetatik aparte ibili zen. Hori bai, 1973an Entrenatzaileen Elkartea sortzeko lantaldean aritu zen.

Epilogo luzea

Horren ostean Herri Batasunaren aurreneko Mahai Nazionaleko kidea izan zen. «Bertan jende ezagun asko zegoen. Jose Angel Iribar atezain ezaguna, Telesforo Monzon, ‘Ortzi’ Letamendia, Jon Idigoras… Mundua aldatu egiten da, alderdi politikoak eta jendea ere bai, baina lagunak izan nituen garai hartan, eta harro nago hala izan zelako, hori ezin da aldatu», zioen Gaur 8ko elkarrizketan.

«Nire ideia politikoak ez dira aldatu. Ez naiz ezker abertzaleko militantea, baina EH Bildu alderdiko gertukoa sentitzen naiz», gaineratzen zuen.

Pablo Laso eta Ibon Navarrorekin izan zituen bere azken harremanak saskibaloiarekin. 1984an, 16 urte baino ez zituen Pablo Lasori ACB Liga jaioberri hartan debuta egiteko modua aurkitu zion eta «Pablito» hark beti ikusi izan du esker onez Añuaren ausardia.

Barre algaraka, Ibon Navarrori ingeniaritza kimikora itzultzeko gomendatu ziola gogoratzen zuen ere, azken honek Unicajarekin kontratua sinatu eta egundoko arrakasta lortu bezperan. «Ez zidan jaramonik egin, eta hobeto joan zaio», zioen, algara batean.

Zenbat pasadizo, azken urteetan ACB.com-eko atariaren bitartez eta Twitterren kontatu izan dituen kontuen bitartez! 2017an Entrenatzaileen Elkarteak bere lanagatik saritu zuen eta hil berri den honetan, Saski Baskoniak, Bilbao Basketek eta euskal saskibaloiaren familiak bere dolumina azaldu du Xabier Añua zendu dela jakin berritan. Izan ere, lagun handi bat joan zaigu.