Joseba Salbador Goikoetxea

Euskal kooperatibek gizartean duten eragina areagotu nahi dute

Euskal kooperatiben mugimenduak hazten jarraitu nahi du, baina ez zenbakietan bakarrik, baita gizartean duen eraginean ere. Horretarako, 2025-2028 Plan Estrategikoa jarri du abian, etorkizun ekonomiko eta sozialari eragiten dioten erabakiak hartzen diren lekuetan kooperatiben zeresana indartzeko.

Kooperatiben Konfederazioak Miñaoko Parke Teknologikoan egindako batzar nagusia. Irudian, Rosa Lavin presidentearen hitzartzea.
Kooperatiben Konfederazioak Miñaoko Parke Teknologikoan egindako batzar nagusia. Irudian, Rosa Lavin presidentearen hitzartzea. (KONFEKOOP)

Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak ohiko batzar orokorra egin zuen maiatzean Miñaoko Parke Teknologikoan, “Handiagoak, indartsuagoak, eraginkorragoak” lelopean eta Nazio Batuen Erakundeak izendatutako Kooperatiben Nazioarteko Urtean. Jorratutako gaien artean, honako biak nabarmendu ziren: 2021-2024 aldiko balantze baikorra eta euskal kooperatibismoarentzat ziklo estrategiko berriaren hasiera, euskal garapen ekonomiko eta sozialaren eragile estrategiko gisa.

Urteroko hitzorduan, Konfederazioa osatzen duten enpresa kooperatiboetako 200 ordezkari baino gehiago eta erakunde publikoetako ordezkaritza zabala izan ziren, Imanol Pradales lehendakaria eta Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua buru zirela. Legebiltzarreko, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariak ere izan ziren bertan.

Konfekoop-eko presidente Rosa Lavinek euskal kooperatiba-mugimenduaren hazkunde iraunkorra azpimarratu zuen, bai enpleguan, bai eraginean, baita erakundearen enpresa-dimentsioan ere: «Gaur handiagoak gara, kooperatiba eta jarduera-sektore gehiago batzen ditugulako urtez urte eta 62.500 enplegu zuzen baino gehiago sortzen ditugulako. Indartsuagoak gara, gure enpresen indarrak gure eredu ekonomikoa eta gure balioak irmo defendatzeko aukera ematen digulako. Eta eragin handiagoa dugu, gure herriaren orainerako eta etorkizunerako erabakietan gure ahotsa kontuan hartzen delako», adierazi zuen.

2021-2024 zikloari dagokionez, Konfekoop-ek balantze baikorra egin du, kontuan hartuta zalantzaz betetako testuinguru orokorra izan dela. Horrela, kooperatiben elkarteak 1.400 erakunde batzen ditu, 5.000 enplegu berri baino gehiago sortu ditu aldi horretan (%9 gehiago), eta eredu kooperatiboa sendotzea lortu du, alternatiba sendo eta lehiakor gisa.

«Euskadik, gure autogobernuaren jardunean, aurrerapauso bat eman du elkarrizketa sozial parte-hartzaileago eta pluralago baten ikuskeran», adierazi zuen Rosa Lavinek, eta azken urteotan eman diren funtsezko aurrerapausoak nabarmendu zituen, hala nola Konfekoop Lanbide-ren Administrazio Kontseiluan sartzea, Kooperatiben Legearen erreforma eta euskal kooperatibismoaren nazioarteko aitorpena.

«Euskal kooperatibismoa beste erakunde eta herrialde batzuk inspiratzen diren ispilua da. Enpresa kooperatiboak ez dira deslokalizatzen, errotu egiten dira eta komunitatea eraikitzen dute. Prest gaude izan nahi dugun herrialdearen eraikuntzan ardura hartzeko», esan zuen Lavinek.

PLAN ESTRATEGIKO BERRIA

2025-2028 Plan Estrategiko berriari dagokionez, ekosistema kooperatiboko 230 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin egin da. Ibilbide-orriak indartu egiten du konfederazioak duen konpromisoa erakundeen ordezkaritzarekin, lankidetzarekin, kooperatiba berriekiko hurbiltasun eta babesarekin eta erakundearen eraldaketa digitalarekin.

«Ekintzaileengandik gertu egon nahi dugu, eta gero eta pertsona gehiago hurbiltzea eredu ekonomiko honetara. Kolektibotik ekiten dutenei lagundu nahi diegu, dauden kooperatibak indartu nahi ditugu, eredu kooperatiboak herri erronka guztietan ahots propioa izan dezan: industrializazioan, deskarbonizazioan, digitalizazioan, enpleguan eta gizarte kohesioan», gaineratu zuen presidenteak.

Plan Estrategiko berriak lau ardatz ditu:

1. Ordezkaritza eta erakundeen gaineko eragina indartzea, kooperatibismoa funtsezko eragile izan dadin EAEko erronka ekonomiko eta sozial handietan.

2. Lankidetza erabilgarria bultzatzea, kooperatiba txiki eta ertainak indartuko dituzten lankidetza-formula berriekin.

3. Kooperatibei benetako balioa hurbiltzea, talentu ekintzailea sektore berrietara erakarriz, hala nola biozientzietara, mugikortasunera, energiara edo sormen-industrietara.

4. Konfekoop barrutik eraldatzea, modernoagoa, digitalagoa eta pertsonekin konektatuagoa izan dadin.

131 KOOPERATIBA BERRI

2024ko balantzeari dagokionez, Elkar-Lanek 131 kooperatibaren sorrera sustatu du, eta beste 14 ekintzaile-talderekin lan egin du, nahiz eta arrazoi desberdinengatik enpresa gisa eratu ez diren.

Jarduera-sektoreei dagokienez, gehienak (55) Zerbitzuen sektorean sortu dira; 27 Eraikuntzan; 11 Ostalaritzan; 6 Merkataritzan; 6 Higiezinetan; 4 Elikaduran; 3 Energian; 3 Etxebizitzan; 3 Nekazaritzan; 2 Elektriko-elektronikoan; 3 Telekomunikazioetan; 2 Ehungintzan; 2 Garraioan; 2 Makina-erremintan; 1 Automobilgintzan; eta 1 Enplegu-zentro berezian.

Migratzaileek zeresan handia izan dute sortutako enpresetan. Izan ere, eratutako 131 kooperatibetatik 24 etorkinek osatzen dituzte, guztira 64 bazkide langilerekin. Jatorriari dagokionez, 10 Errumaniakoak dira; 6 Marokokoak; 5 Iberoamerikakoak; 1 Italiakoa; 1 Txinakoa eta 1 Ukrainakoa.

Lurralde historikoen arabera, %46,5 Gipuzkoan sortu dira, 61 zehazki. Bizkaian 49 sortu dira, eta 21 Araban.

131 kooperatiba horiek, guztira, 306 enplegu sortu dituzte, hau da, batez besteko tamaina 2,46 enplegukoa da kooperatiba berri bakoitzeko.

Kooperatiben Konfederazioko kideak, alderdi politikoetako ordezkariekin, Legebiltzarreko atarian.

Kooperatiben balio estrategikoa aitortu du Eusko Legebiltzarrak

Ganberako talde politiko guztien babesarekin -Vox-ena izan ezik-, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamena onartu berri du euskal kooperatibismoak «gure lurraldean eredu ekonomiko demokratikoagoa, iraunkorragoa eta errotuagoa eraikitzeko» betetzen duen zeregina aitortzeko.

Proposamenak agerian jartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan adostasun politiko zabala dagoela kooperatibismoak erronka globalei aurre egiteko duen balio estrategikoaren inguruan, besteak beste, enplegu duina sortzen duelako eta enpresa-komunitate erresiliente eta inklusiboak sustatzen dituelako.

Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak ekainaren 19an hartutako erabakia bereziki garrantzitsua da, NBEren Batzar Nagusiak “Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute” lelopean deklaratutako Kooperatiben Nazioarteko Urtean onartu baita. Erakunde-ekimen horrek kooperatibek betetzen duten funtsezko eginkizuna azpimarratzen du, pertsonak ardatz dituen enpresa-eredu gisa; desberdinkeriak murrizten dituelako eta aberastasun partekatua eta oparotasun ekonomiko eta soziala sortzen dituelako.

Onartutako legez besteko proposamenak honakoa eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari: kooperatibak erakunde- eta gizarte-elkarrizketan eragile erabakigarriak direla aitor dezala, eta aliatutzat har ditzala, berritasunez eta arin erantzun ahal izateko herrialdearen erronkei. Halaber, industria-sare kooperatiboa bultzatzearen garrantzia jartzen du agerian, Eusko Jaurlaritza industriaren alde garatzen ari den apustuaren esparruan.

Gainera, konpromiso zehatzak hartzen ditu barnean, ekintzailetza kooperatiboa bultzatzeko, gizarte-ekonomiari buruzko Europako gomendioekin bat datorren estrategia bat garatzeko, eta Kooperatiben Kontseiluarekin eta Konfekoop-ekin batera ekimen estrategikoetan lan egiten jarraitzeko.

Bi erakunde horiek positiboki baloratu dute erabakiaren edukia, aintzat hartzen baititu kooperatiben ereduak azken urteotan izan dituen aurrerapenak, baita datozen urteetan izango duen zeregin estrategikoa ere. Gainera, lankidetza publiko-kooperatiboan jarraitzeko beharra nabarmentzen du, enpresa kooperatiboak sortzea, finkatzea eta nazioartekotzea sustatzeko.