Oriok irabazi du Bilboko erlojupekoa, pronostikoak beteta

Txapelketetan erakutsitako nagusitasunari jarraipena emanez, gipuzkoarrek eraman dute etxera Bilboko Bandera eta Eusko Label Ligako lehen liderrak dira. Argi geratu da Zierbena, bigarren, eta Donostiarra, hirugarren, ere koska bat gorago daudela.

Gorka Aranberri, bandera astintzen.
Gorka Aranberri, bandera astintzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Oriok lehen estropadatik erakutsi nahi izan du Eusko Label Liga irabazteko hautagai nagusia dela. Txapelketetan erakutsitako nagusitasunari jarraipena emanez, oriotarrak izan dira azkarrenak Ligari hasiera eman dion erlojupekoan, XVI. Bilboko Bandera etxeratuz. Era berean, ohorezko txandan lehiakide izan dituen Zierbena, Donostiarra eta Urdaibai, beste talde guztiekiko koska bat gorago daudela ikusi da, batez ere bi lehenak.

Lehen txandan Ares eta San Juan bi talde igo berriak aritu dira Kaiku eta Caborekin batera, eta emaitzak oso desberdinak izan dira aurtengo ontzi berrientzat. Aresek txanda irabaztea lortu duen bitartean, 20:33ko denborarekin, San Juanek ez du espero zen maila eman eta azken postuan amaitu du –bai txandan eta bai estropadan–. Kaiku Aresengandik hurbil geratu da –epaileek irteera errepasatu dute, denbora baino lehen atera ote diren, baina azkenean ez da zigorrik egon–, eta Cabori sufritzea tokatuko zaiola egiaztatu dugu.

Aresen erreferentziarekin irten dira bigarren txandan Ondarroa, Isuntza, Getaria eta Hondarribia. Eta laukote horretan Getaria izan da nabarmendu dena. Lehen luzeetan Hondarribia izan da getariarrengandik hurbilen ibili dena, baina estropadak aurrera egin ahala, Isuntza izan da bigarren postuan egonkortzen joan dena. Ondarroa ere estropada bikaina egiten ari zen, baina hirugarren luzean Harkaitz Talledo aurrekalariak bero-kolpe bat izan du eta arraun egiteari utzi behar izan dio tarte luze batzuetan.

Getariak markatutako 20:21ekoa zen erreferentzia, beraz, lau oilar nagusientzat. Eta hasiera-hasieratik ikusi da bandera ohorezko txandan zegoela. Zehazki, Orio izan da lehen ziabogan zalantza guztiak uxatu dituena, Getariari jada 15 segundu sartuz. Donostiarra, ordea, gertu zuen, 3 segundora.

Txandak aurerra egin ahala, Zierbena izan da denborak hobetzen joan dena eta tarteak jaten. Hirugarren ziabogan Donostiarraren atzetik zen oraindik, baina azken luze bikain bati esker bigarren postua eskuratu dute bizkaitarrek. Garaipena Oriorentzat izan da 19:43:58ko denborarekin, Zierbena 4.30 segundora geratu da, Donostiarra 8.92ra eta Urdaibai 21.72ra.

Argitu beharreko zalantzetako bat zen ea Zierbenak eta Donostiarrak zer maila ematen zuten harrobiko lau arraunlariko kupoa beteta, eta ikusi da oso maila txukunean arituko direla, nahiz eta zaila izango duten Orio menderatzea.

«Guk argi geneukan, etxean egiten dugun lana lehiaketan eginez gero garaipenetik gertu izango ginen, eta hala izan da. Normala da jendeak gu faboritotzat jotzea, demostratu egin dugulako uretan, eta ezin dugu ezkutatu. Berdin jarraitu behar dugu lanean, ahalik eta mailarik onena eman, eta irabazi ezin denean bigarren egin», aitortu du Gorka Aranberri patroiak.