NAIZ

Osakidetza hobetzeko Lakuak autokritika baliatu beharko lukeela uste du EH Bilduk

Osasun Mahaiak emandakoaren balorazioa egin du EH Bilduk, egindako lana balioan jarri eta Lakuak autokritika egin eta bere akatsetatik ikasi beharko lukeela iritziz: «Osasun Sailak hobekuntza tarte handia du, eta komeni litzaioke hori jarrera eraikitzailetik bultzatzea, ez autosatisfakziotik».

Osasun Mahaiak emandakoaren balorazioa egin du EH Bilduk Donostian.
Osasun Mahaiak emandakoaren balorazioa egin du EH Bilduk Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

EH Bilduren Osasu Publikoko Lan Taldea Donostian bildu da larunbat goiz honetan, Osasun Mahaiak emandakoaren balorazioa egiteko. Rebeka Ubera legebiltzarkidearen hitzetan, «egin dugun bideak fruituak eman ditu eta Gobernuarentzat balio beharko luke autokritika egiteko. Osasun Sailak hobekuntza tarte handia du, eta komeni litzaioke hori jarrera eraikitzailetik bultzatzea, ez autosatisfakziotik». Lakuako Gobernuak «akatsetatik ikasi» eta osasun sistema eraldatzeko pausoak eman beharko lituzkeela iritzi du.

Bide horretan EH Bildutik «izugarrizko lana» egin dela jarri du balioan, «ez gara bertan egon argazki bat ateratzeko, benetako eraldaketak lortzeko baizik, euskal gizarte osoaren mesedetan». Hala, EH Bilduren lehentasuna osasun sistema publikoa sendotzea izan dela berretsi du.

Uberak Osasun Mahaira eraman dituzten proposamenak ere zerrendatu ditu. Lehen Arretari begira, aurrekontu zehatz bati lotua egotea lortu da, autonomia operatiboa eta kudeaketa gaitasun propioa emango dizkiona. Baita arreta integrala bermatzeko diziplina anitzeko lantaldeak sortzea eta profesional profilen arteko ratio argiak zehaztea ere, eta pazienteen historia klinikoetan balorazio biopsikosozialeko tresnak txertatzea, arreta pertsonalizatze aldera.

Osasun mentala ere jarri du mahaigainean EH Bilduk. Osasun mental publikoaren aldeko apostua egiten dute, «herritarrengandik hurbil dagoena, estigmarik gabea eta baliabide errealekin hornitua». Arlo honetan talde psikoterapiari lehentasuna ematea, diziplina anitzeko taldeak sendotzea eta esku-hartze komunitario sistematikoak ezartzea lortu dela nabarmendu dute.

Osasun Publikoari dagokionean, «kontzeptua eguneratu eta logika prebentibo, interkonektatu eta etorkizuneko batean txertatzeko gure ekarpena erabakigarria izan da», esan du Uberak. ‘One Health’ edo osasun bakarreko ikuspegia sartzea lortu dutela azpimarratu du, «giza osasun, animalen eta ingurumenaren arteko lotura aitortzen duena». Bide horretan, Osasun Publikoko eta Kudeaketa Sanitarioaren Eskola sortzea onartu da eta etorkizuneko Euskadiko Osasun Publikoko Institutuak egitura sendoa eta benetako eragin gaitasuna izan dezan oinarriak ezarri dira. Honen baitan legoke immunizazio eta populazio-kribaketa programa guztiak Osasun Publikoko estrategia bateratu batean integratzea.

Bizitzaren amaierako zaintzak eta pertsonetan zentratutako azpiegiturak ere hartu ditu aintzat Osasun Mahaiak. Arlo honi begira, Bizitzaren Amaierako Behatokia sortzea jaso da, zaintza duinak, etikoak eta humanoak bermatzeko. Baita azpiegitura sanitario berrien plangintzan profesionalek eta herritarrek parte har dezaten mekanismoak bultzatzea eta plataforma logistikoaren ustiapen eredua birdefinitu ere, kudeaketa eraginkorra eta irizpide profesionaletan oinarritua bilatuz.

Azkenik, Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua indartzea lortu dela ere ospatu due, «herritarren eskubideak bermatzeko eta sistemaren kalitatea hobetzeko bide zuzen gisa» duen balioa berretsiz.

Autokritika eta hobekuntza

Lorpenak aintzat hartuta, EH Bilduk iritzi du Lakuako Gobernuak «bere akatsak onartu» eta hobekuntzarako baliatu beharko lukeela autokritika. «Osasun Mahaiaren esperientziak erakutsi du sistema eraldatzeko aukera badagoela, baina baita ere Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak askotan erresistentziekin, anbizio faltarekin eta autokritika egiteko borondate urriarekin jokatu dutela», azaldu dute.

Era berean, ohartarazi du ezin direla eztabaida garrantzitsuak faltsuki itxi. Osasun publikoa ezin dela «propaganda politikoaren eszenatoki» bihurtu esan du, eta erabakiak «ausartak, irekiak eta partekatuak» izan behar direla aldarrikatu du.

«Akordioak eta desadostasunak kudeatzea guztion betebeharra da. EH Bilduk arduraz egingo du, argazkia lehenetsi gabe eta Osakidetzaren etorkizunerako funtsezkoak diren erabakiak hartu eta eztabaidak modu faltsuan ixteko asmorik gabe», adierazi du Uberak.

Etorkizunera begira, EH Bilduk Osakidetza publikoarekin duen «konpromisoa» ere berretsi du. «Badakigu sistemak erreforma sakonak behar dituela, eta horiek bultzatzeko prest gaude espazio guztietan», adierazi du. «Zorroztasunez eta determinazioz jarraituko dugu lanean. Osasun Mahaian, Legebiltzarrean eta behar den toki guztietan. Gure konpromisoa osasun publikoarekin eta euskal herritarrekin dago», nabarmendu du Uberak.