Balin Millerrek bakarka igo du Denaliren 'Slovak direct' bidea
Mendiaren hegoaldeko isurian dagoen marra oso gogor eta luze hori igotzeko, 23 urteko estatubatuarrak 56 ordu behar izan zituen; %70a lotan igaro zuen. M6 eta AI6 mailako luzeak sokarik gabe igo zituen; soilik A2 zailtasuneko luzean bere burua babestu zuen.

Batzuen iritziz, Balin Miller oso xelebrea da. Batez ere, bere sare sozialetan erakusten duen jarrerarengatik. Ero puntu bat duela ere gehitzen diote. Baina kontua da, nortasun hori alde batera utzita, 23 urteko estatubatuarrak estandar batzuk hausten ari dela.
Alpinista gazte hau joan den neguan ezagutu genuen Kanadan eta Patagonian eginiko bakarkako eskaladengatik. Idatzitako erreportajean aipatzen genuen astebeteko epean eta soka lagunik gabe, 'Realtity Bath' bidearen lehen errepikapena (WI6, Mendi Harritsuak) eta Cerro Chalteneko 'Californiana' (5.10, 700 m, Patagonia) sinatu zituela. Horregatik guztiagatik, lan horri honako izenburua jarri genuen: «Balin Miller, gaztetasunaren sugarra bakarkako jardunetan ispilu».
Bada, badirudi sugar horrek berriro indarra hartu zuela joan den maiatzean. Eta hori diogu Millerrek Alaskan eginiko 53 eguneko espedizioan Alaskan orain arte egin den bakarkako jarduera ausartena osatu zuelako. Gaztea gai izan da Denalik (6.190 m) ospe handia duen 'Slovak direct' bidea estilo horretan igotzeko. Horretarako, hegoaldeko isurian sartu zen mendiaren oinarria eta tontorra lotzen dituzten 2.700 metro igotzeko. Erraldoia bezain gogorra. Batez ere, zailtasun teknikoei dagokienez: M6, WI6 eta A2 (M8 era askean). Mistoan eta izotzean ez zuen sokarik erabili bere burua babesteko; bai, ordea, A2 mailako luzean. Irakurtzen den bezala, txunditzeko moduko eskalada izan da.
Eta jarduera hori sinatu ahal izateko, zenbat egun behar izan ditu? Bada, 56 ordu. Jakina, estilo horrek oso azkar eskalatzeko aukera ematen du, baina kontuan hartu behar da zailtasun tekniko oso-oso handiak gainditu behar direla. Bidea zabaldu zuten eslovakiarrek, Blazej Adam, Tono Krizo eta Frantisek Korlek, 11 egun behar izan zituzten. 1984. urtea zen. Marka eder bat ezarri zutenak Scott Backes, Steve House eta Mark Twight izan ziren: 'Slovak direct'-en ordutegia 60 ordura jaitsi zuten. Azkarrenak, berriz, Rob Smith, Sam Hennessey eta Michael Gardner estatubatuarren eskutik heldu zen duela hiru urte: 17 ordu eta 10 minutu.
Nahiz eta denboraren kontuak jarduera horren eiterik garrantzitsuena ez den izan, bitxikeria bat gehitu behar dugu. Aipatu dugu gazte horrek 56 orduan igo duela Denaliren ibilbide mitiko hori, baina %70a lotan igaro zuen. Lehen bibakean, adibidez, 19 ordu!
53 eguneko egonaldia maiatzean hasi zen. Denalin sartu baino lehen, alpinista gazteak, bakarkako estiloan, Begguya mendian izen handia duen 'French connection' (M6, AI6 ) eskalatu zuen 17.5 orduko joan-etorrian. 'Slovak direct'-ekin alderatuta, badirudi txikikeria dela, baina Alaskako eskalada bikain ezagutzen dutenek bestelako iritzia dute. Den-denek diote handia izan dela. Eta Denalin egindakoaren inguruan, zer esan dute? Bada, historikotzat jotzeaz gain, diote bakarkako jarduera tekniko batean Alaskan egin den izugarriena izan dela.
Ia integralean
Ekainaren 10erako Miller prest zegoen 'Slovak direct'-en lehen urratsak egiteko. Marra horren inguruan irakurritakoaren inguruan, gazteak esan du muturreko jardun baten pertzepzioa zuela. Ondoren, iritzia aldatu zuen duela hiru urte bi taldek hogeita lau ordu baino gutxiagoan igo zutela entzun zuenean. Egindako adierazpenengatik badirudi gazteak 'gutxietsi' duela egin berri duen eskalada. Aurreratu du dibertigarria iruditu zitzaiola bakarrik igotzea. Halere, onartu du sokadan egitea ez zuela baztertzen, baina horretarako gertuko sokakide bat behar zuela.
Kanpaleku nagusian eskiak jarri eta hegoaldeko horma erraldoira hurbildu zen. Arreta handiz, izan ere, arrakala izugarriak zeharkatu behar zituen. Zorionez, artesi horiek elur geruza handi batekin estalita zeuden, eta baldintza horiengatik ez zuen ezustekorik izan. Beldur pixka bat izan zuela onartu du, baina, oro har, hurbilketa oso erosoa egin omen zuen.
Eskaladaren lehen egunean, lau orduan, bigarren kanpalekura heldu zen. Aurreratu dugun bezala, hemeretzi ordu igaro zituen lotan; Millerrek baieztatu duen bezala, hurbilketa saio horrengatik oso nekatuta zegoen. Aipatu du ere, horma erraldoi horrek beldur pixka bat eragin ziola, baina eguraldi iragarpenekin oso lasai zegoen: bost eguneko leiho on bat zuen aurretik.
Baldintza eder horiek aprobetxatuta, eskalatzen jarraitu zuen. Gazteak dio luze tekniko gogorrenetan bere burua babesteko soka erabili nahi zuela, baina kide batek aholkatu zion M5/6 maila arte eroso sentitzen bazen hobe zuela soka bizkar-zakutik ez ateratzea. Eta hori egin zuen alpinista estatubatuarrak. Ohartu zen mendiaren baldintzek pixka bat aldatu zutela luze horien maila, eta bakarka integralean igo zituen mistoko tarte zorrotzenak.
Baldintza egoki horiek ez zioten hutsik egin hurrengo sekzioetan: granitoa eta elurra oso egonkorrak ziren. Izotzean, berriz, giltzara iritsi zenean, aurretik egin zuen bezala, ez zen sokarekin babestu. WI6 mailako luze hori ez zen hain pikoa, eta onartu du, motxila bizkarrean bazuen ere, asko gozatu zuela. Elurrez estalita zegoen laugarren mailako plaka batean, aldiz, beldurra izan omen zuen.
Ibilbidearen sekzio gogor horiek aise gainditu ostean, hirugarren eta azken giltzaren aurrean jarri zen. Aurreratu dugunez, A2 mailako tarte hori (M8 era librean) sokarekin eta grigri batekin aseguratuta eskalatu zuen.
Zailtasun tekniko handienak atzean utzi ondoren, Millerrek M4-ko luze bat igo eta goialdeko elur aldatsetara lotu zen. Cassin izeneko ertza zain zuen; hots, bide klasikotik gailurrera eramaten duen tartean. Leku horretan azken bibaka egin zuen. Nahiz eta aklimatazio fasea egin zuen, Denaliren garaiera asko nabaritu zuen. Millerek dio gau txarra igaro zuela. Biharamunean, zazpi orduko ibilaldian Ipar Amerikako gailur altuena zapaldu zuen 'Slovak direct' bakarkako estiloan eskalatu ondoren. Jaitsieran, berriz, lagun baten dendan afaldu eta bide klasikotik kanpaleku nagusira jaitsi zen.
Oro har, ez du jarduera horren inguruan hausnarketa zehatzik egin. Izaera kontua izango da, baina Alaskako espezialista handiek ez bezala, ez dirudi benetako azpimarra jarri dionik Denalin egindakoari. Adierazi du hainbat eskalada egin zituela, baina era berean denbora asko igaro zuela kanpaleku nagusian sozializatzen.

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Uno de los detenidos en Ordizia va a prisión y el otro queda libre

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala
