Kale zozketa ere lagun, bigarren garaipena Oriorentzat

Eusko Label Ligako liderrak kale onenetik egin du arraun, laugarrenetik: hiru txandetan kale horretan joan dena nagusitu da. Zierbenak asko estutu du gaur ere. Erreakzio polita sinatu dute Hondarribiak eta San Juanek.

Oriotarrak, bandera ospatzen.
Oriotarrak, bandera ospatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Esne mamitan dabil Orio. Talde bikaina osatuta, garaipenaren gozoari gustoa hartuta, Sestaoko estropada eremu bihurrian zortea ere lagun izan dute gaur, laugarren kaleari zukua atera eta Ligako bigarren bandera etxeratzeko. Zierbenak bigarren postua errepikatu du eta bi ontzi horiek sailkapen nagusian tartetxoa irekitzen hasi dira.

Lehen txandan albiste nagusia San Juanen erreakzioa izan da. Bezperan Bilbon azken postuan amaitu ostean, gaur bigarren kaletik egin behar izan du arraun, txarrenetik, eta sekulako estropada sinatu du. Txandako garaipena Ondarroarentzat izan da, laugarren kalearen abantaila baliatuz, baina San Juan bigarren izan da, Kaiku eta Cabo atzean utziz.

Bigarren txandan Hondarribia izan da laugarren kaletik arraun egiteko aukera izan duen zorteduna, eta baita aprobetxatu ere. Orbañanosen kuadrillak estropada bikaina osatu du, hasi eta buka, eta erlojuaren aurkako borroka izan da berea, aurkari guztiak lehen luzetik oso atzean utzi dituelako. Ares izan da bigarren, Getaria hirugarren eta Isuntza laugarren.

Bigarren txanda horretan deigarria izan da Getariak bigarren kaleari eustea erabaki duela lehen luzean, San Juanek aurreneko txandan egin duen bezala estriborrera jo eta laugarren kalera sartu ordez. Ohorezko txandan Donostiarrari egokitu zaio bigarren kale hori, eta San Juanen taktika jarraitzea erabaki du.

Baina alferrik izan da, laugarren amaitu duelako. Garaipena, Oriorentzat izan da, baina aurreneko bi luzeetan ez du estropada apurtzea lortu. Lehen ziabogan Zierbena segundo bat aurretik zen, eta Bermeo ere oso gertu. Bigarren ziabogan Orio aurretik bai, baina apenas segundo pare bat Zierbenari.

Helmugan egon den bospasei segundoko tartea hirugarren luzearen hasieran pilatu du Oriok. Maniobratik irten bezain pronto estriborrera jo eta hormaren albo-albotik, ipar-haize bizia ekidinez, hortxe lortxe dute abantailatxoa gipuzkoarrek eta amaieraraino eusteko gai izan dira.

Urdaibai izan da hirugarren azkenean eta Donostiarra bosgarren, Hondarribia aurretik sartu zaiolako 12 ehunenekogatik.

«Kalea ongi aprobetxatu dugu. Mina egiteko aukera dagoenean min egin behar da eta horretan asmatu dugu. Behin tartetxoa irekita burua hotz mantendu dugu eta horri esker nagusitu gara», esan du Gorka Aranberri patroiak amaieran.

 

Eusko Label Liga - Sestaoko Bandera
    1.    Orio               20:2402    
    2.    Zierbena         20:29:52   
    3.    Urdaibai          20:30:48    
    4.    Hondarribia     20:36:12    
    5.    Donostiarra      20:36:24
    6.    Ares                20:46:82    
    7.    Ondarroa         20:50:82    
    8.    Getaria            20:52:86    
    9.    San Juan          20:54:62    
    10.    Kaiku             20:57:44    
    11.    Cabo              21:07:68                                                                 12.    Lekittarra        21:24:26   

Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia
    1.    Orio                24 puntu                                                                   2.    Zierbena          22 p.
    3.    Urdaibai           19 p.
    4.    Donostiarra       18 p.    
    5.    Hondarribia       15 p.    
    6.    Getaria             13 p.    
    7.    Ares                 12 p.    
    8.    Ondarroa            9 p.    
    9.    Lekittarra           8 p.    
    10.    Kaiku               7 p.    
    11.    San Juan          5 p.    
    12.    Cabo                4 p.