NAIZ

Presoen etxeratze bidean urteetako elkartasun lana goraipatuz, topa egin dute Hatortxuko kideek

Urteroko legez euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde topa egin dute igande eguerdi honetan Iruñean. Aurtengoan agur esango duen Hatortxu Rock elkartasun jaialdiko kideek egin dute topa, urteetan lau haizetara zabaldutako elkartasun keinuak goraipatuz.

Hatortxuko kideei zapia jarri diete aurtengo sanferminen hasieran.
Hatortxuko kideei zapia jarri diete aurtengo sanferminen hasieran. (Iñigo URIZ | FOKU)

Txupinazoaz harago bada askorentzat ohitura den beste hitzordu bat, 13.00ean Arrano elkartearen atarian elkartu, eta euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak gogoan izan eta topa egitea. Igande honetan ere ezin zen bestela izan, jendetza elkartu da.

Iruñean jada festa lehertu bada ere, gogora ekarri dituzten oraindik gurekin egon ezin dutenak, «dispertsioarekin amaitzea lortu genuen, eta etxeratzearen alde bultzatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere», adierazi dute.

Guztiak etxera ekartzeko garaia dela aldarrikatu dute, eta horretarako norantza argi bat azpimarratu: «Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalak euskal preso politikoen kolektiboari aplikatzen zaizkion salbuespenezko neurriekin amaitzeko konpromisoa hartzea lortu behar dugu, neurri horiek etxeratzea oztopatzen baitute».

Urtez urte Euskal Herriko «luze-zabalean» hainbat elkartasun ekimen egin direla aipatu dute, milaka direla auzoz auzo eta herri herri bildutako «elkartasun keinuak». Eta elkartasunaz hitz egiten hasita, ezin ahaztu 1999tik gaur arte «presoen eta haien senideen aldeko borroka eta herri honen askatasunaren aldeko aldarria lau haizetara zabaldu dituen askatasunaren aldeko festibala». Egindako lana txalotu eta Hatortxuko kideei eman diete hitza, zapiarekin batera.

Uztailak 24an, Lakuntzara

Euskal presoek «espetxeetako ateak» gurutzatzeko, eta iheslari zein deportatuek «aireportuetako ateak» gurutzatzeko garaia dela gogorarazi dute, eta elkartasuna adierazi izan duten guztiei eskerrak eman dizkiete: «Zuei, gure keinua. Eta baita Hatortxuri ere, bi norabidetakoa baita elkartasuna, hartu eta ematen dutenena. Mila esker egin duzuen eta egiten ari zareten lan guztiagatik. Uztailaren 24an denok Lakuntzara!».

Hatortxuko kideek adierazi dute azken jaialdia izanagatik, beraietako inor ez doala etxera: «Hiru aste barru agur esango dugu. Azken Hatortxu... Zenbatetan errepikatu dugun eh! Agur esanen dugu, bai, baina denak etxean eta modu duinean egon arte lanean jarraituko dugu. Gutako inor ez doa etxera. Hatortxu badoa, baino Hatortxuko kideak ez».

Oraindik egiteko asko badago ere, datozen bederatzi egunak disfrutatzeko deia egin dute, eta umorez amaitu dute beren hitzartzea: «Izkina hau kameraz josita dago. Beraz denak fitxatuta zaudete. Inor ez da libratuko Lakuntzan txanda bat egiteaz! Lanera ba, denak etxean izan arte!».