NAIZ

Anna Hendersonek eskuratu du Giroko bigarren etapa eta britaniarra arrosaz jantzi da

Lidl-Trek-ekoa Dilyxine Miermont frantziarra baino azkarragoa izan da eta Movistar taldeko Marlen Reusser igandeko irabazleari maglia arrosa kendu dio. Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban bi minutu baino apur bat gehiagora helmugaratu dira, eta Naia Amondarainek bederatzi minutu galdu ditu.

Anna Henderson, garaile bigarren etapan.
Anna Henderson, garaile bigarren etapan. (GIRO WOMEN)

Anna Henderson txirrindulari britainiarrak (Lidl-Trek) irabazi du astelehen honetan 2025eko Italiako Giroko bigarren etapa, Aprican, eta irabazteaz gain, beste sari potolo bat ere eskuratu du: sailkapen nagusiko lehenengo postura igo da.

Hendersonek Dilyxine Miermont frantziarra (Ceratizit) menderatu du sprintean garaipen handiaeskuratu. Gainera, 26 urteko britainiarrak Movistar taldeko Marlen Reusser igandeko irabazleari maglia arrosa kendu dio.

Hendersonen eta Miermonten atzetik, hogei bat ziklistak osatutako multzo bat helmugaratu da, etapa garaipena jokatu duten bi txirrindulariekiko 26 segundora, eta, gerora, bi minutu baino apur bat gehiago galduta, beste multzo bat iritsi da. Horretan, Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko euskal txirrindulariak izan dira. Naia Amondarainek bederatzi minutu galdu ditu.

«Ikaragarri»

«Aukera aprobetxatzen jakin dut. Tropelak espazioa eman digu eta aprobetxtau egin dut. Nire ibilbidea aldatzen duen garaipen bat da. Ikaragarrizko sentsazioa da. Erlopupeko hobeagoa espero nuen, baina gaur [atzogatik] ezer galtzeko ez nuela sentitu dut. Amets bat da», adierazi zuen, helmugan, Anna Henderson txirrindulari britainiarrak.

Lidl-Trek taldeko txirrindulariak 15 segundoko aldea ateratzen dio sailkapen nagusian Marlen Reusser suitzarrari eta 31 segundo hirugarren den Elisa Longo Borghiniri. Ostolaza 45.a da, 3:54ra; Santesteban 51.a da, 4:09ra; eta Amondarain, 119.a, 11:20ra.

Astearte honetan lehiatuko den 36. Italiako Giroko hirugarren etapak 122 kilometroko ibilbidea izango du, Vezza d'Oglion hasi eta Trenton amaituko da, eta hasierako zatian parte-hartzaileek lehen mailako Tonale mendatea igo beharko dute.