Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Onditz Iturbek brontzea eskuratu du bertikal modalitateko Europako Txapelketan

Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioak Italian antolatutako hitzordu nagusian Onditz Iturbe hirugarrena izan da 4.5 kilometroko ibilbidean. Asturiasen, berriz, Xabier Abasolok DesafiOSOmiedo lasterketan garaipena erdietsi du. Eta UTMB Val d’Araneko ultran Amaia Razkin bigarren postuan sailkatu da.

Onditz Iturbe hirugarrena izan da Bertikaleko Europako Txapelketan.
Onditz Iturbe hirugarrena izan da Bertikaleko Europako Txapelketan. (ISF)

Beste behin, asteburu bete-betea izan dugu trail running-eko lasterketekin. Kronikarekin hasteko, lehenik eta behin Italiara joko dugu. Izan ere, Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioak (ISF) antolatuta Europako Txapelketa jokatu da Aprica-Cortenon. Hainbat modalitate izan ditu, eta horietako batean, bertikalean, euskal lasterkari batek protagonismoa izan zuen. Onditz Iturberi buruz ari gara.

Igorreko korrikalaria oso zaildua da bertikalean, makina bat lasterketa eta titulu ofizial irabazi ditu eta joan den asteburuan bere ibilbideari beste emaitza bikain bat gehitu zion. 4,5 kilometro eta 950 metroko desnibela zituen ibilbidean, Iturbek lan ederra egin eta hirugarren postua sinatu zuen. Halere, ez zuen aukerarik izan lehen bi sailkatuak estutzeko. Benedetta Broggi italiarrarentzat izan zen garaipena 42 minutuko denborarekin. Ia minutu batera Paola Stampanon suitzarra sailkatu zen. Aurreratu dugun bezala, podiumaren hirugarren kutxa euskal korrikalariarentzat izan zen. Iturbek 44:26 kronoa egin zuen.

Gizonezkoetan, berriz, Daniel Thedy italiarrak egundoko erakustaldia eman zuen; 34.43 denborarekin urrea erdietsi zuen. Stian Angermund norvegiarra bigarrena izan zen (36:10) eta Jonatan Arobes espainiarra hirugarrena (36:33).

Emaitza bikainak

Bestalde, Asturiasen DesafiOSOmiedo lasterketa jokatu zen. Kirol ekimen horrek hainbat distantzia izan zituen, eta nagusian, ultra modalitatean, Xabier Abasolok garaipen handia lortu zuen. 70 kilometro eta 8.200 metroko desnibela zituen ibilbidean lehia ederra bizi izan zen Samuel Obaya eta euskal korrikalariaren artean. Azken sekzioan Abasolok atzean utzi zuen Obaya eta helmugara lehen postuan heldu zen 7 ordu eta 51 minutuko denborarekin. Bigarren sailkatuari ia hamabost minutuko aldea atera zion.

Alvaro Ramos ere protagonista izan zen Asturiaseko lasterketan. 46 kilometro eta 2.270 metroko desnibela zituen proposamenean aise gailendu zen 4 ordu eta 19 minutuko kronoarekin. Bigarren sailkatuari, Alberto Villamorri, 13 minutuko aldea atera zion. Emakumezkoen kategorian, Naroa Uriak hirugarren postua sinatu zuen 5 ordu eta 56 minutuko denborarekin. Raquel Villalvarentzat izan zen garaipena.

Amaitzeko, Pirinioetara joko dugu. Beste urte batez, sona handia duen UTMB Val d’Aranek egundoko arrakasta izan zuen. Azken ekitaldian 83 herrialdetatik iritsitako 6.000 lasterkarik parte hartu zuten. Denera, zazpi distantzia ezberdinetan lehiatu ziren. Oro har, esan daiteke antolatzaileek ez zutela lan samurra izan asteburuko edizioa aurrera ateratzeko. Aurreko egunetan ekaitz gogorrak eta euri zaparradak izan ziren, eta, korrikalarien segurtasuna bermatu ahal izateko, ibilbide ia gehienetan aldaketak egon ziren.

Hori, adibidez, CDH lasterketari gertatu zitzaion. Les herritik irten ziren 893 kirolariek 102 kilometroko eta 5.775 metroko ibilbideari aurre egin behar izan zioten. Nesken mailari dagokionez, Mari Klakegg norvegiarrak erakutsi zuen ibilbide horretan sasoikoena izan zela. Lasterketa osoa goitik behera menderatu zuen, eta marka ederra egin ere. Eta hori diogu sailkapen absolutuan (neskak eta mutilak) hamabosgarren korrikalaria izan zelako. Norvegiarrak 12:31:45 kronoa markatu zuen. Haren atzetik, bigarren postuan, Amaia Razkin helmugaratu zen. Lasterkari nafarra 14:12:08 denbora egin zuen.

Eta 32 kilometro eta 2.100 metroko desnibela zituen Exp izeneko lasterketan beste nafar bat podiumera igo zen: Asier Labairu. Dominik Taborrentzat izan zen garaipena (2:28:18), bigarren postua Bruno Argüellesentzat (2:36:08) eta hirugarrena lasterkari iruindarrarentzat (2:41:45).