
Gaztelerara itzulita zegoen, baita frantsesera eta beste hamaika hizkuntzara ere. Mario Calabresi kazetari eta idazle italiarraren ‘Spingendo la notte più in là’, ordea, orain arte ezin zitekeen euskaraz irakurri. Lurdes Auzmendik eta Koldo Bigurik itzuli dute, ‘Gaua harago bultzatuz’ izenburupean, eta Igelak plazaratu. Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu dute asteazken honetan, han izan dira Inazio Mujika editorea, Auzmendi eta Biguri itzultzaileak eta, telematikoki batu bazaie ere, baita Calabresi bera ere.
Mario Calabresiren aita, Luigi Calabresi, Milanen polizia komisarioa zen eta Lotta Continua talde armatuak tiroz hil zuen Giuseppe Pinelli anarkistaren heriotzaren arduraduna zelakoan. Idazle eta kazetariak bi urte zituen aita hil ziotenean eta 2007an argitaratu zuen atentatuaren eta ondoren etorri zenaren inguruko liburua.
Mujikak azaldu du itzultzaileen ekimenez argitaratu dutela euskarazko bertsioa. Editorearen hitzetan, «Marioren ikuspegia familiarena da, amarena eta beste bi anaiena, biktimena», baina ez da hor geratzen, «beste biktima askorengana jotzen du, haien lekukotasuna jasotzen du eta liburura ekartzen du». Mujikaren aburuz, idazleak bere esperientzia propiotik abiatuta Italiaren historia kolektiboa jaso du liburuan.
Liburuaren itzultzailek eurek ekarri dituzte euskarara Calabresik eman dituen azalpenak. Poza agertu du liburua euskaraz irakurgai dagoelako eta aitortu du idatzi zuenean Italia baino ez zeukala buruan, nahiz eta beste herrialde batzuetan argitaratzen joan diren neurrian ikusi duen «oso ondo ulertua izan dela».
Ia hogei urte joan dira Calabresik liburua plazaratu zuenetik eta oso bestelakoa da testuingurua gaur egun, baina idazleak gogora ekarri nahi izan du une horretan Italian ez zela biktimen ahotsik entzuten. Adibide moduan aipatu du Aldo Moro politikariaren heriotzaren harira egin zuten telebista saio batean ez zutela bere gertukoekin hitz egin; aldiz, hil zutenen adierazpenak jaso zituzten. «Ez dut uste terroristek ez dutenik hitzik egin behar», argitu nahi izan du, baina biktimek lehentasuna izan behar dutela deritzo.
Etorkizunean jarrita du begirada, jakin badakien arren iragana argi izan beharra dagoela aurrera egin ahal izateko: «Aurrera begiratu behar da, baina, jakinda zer gertatu den eta erantzukizunak garbi izanda».
Batetik, Auzmendik liburuaren bi «meritu» azpimarratu nahi izan ditu: «Egia eta justizia bilatzen ditu», eta Italian biktimek egindako bidea islatzen du. Bestetik, Bigurik, egileak liburuan garatu duen ideia bat nabarmendu du: «Mariok dio ez dela justizia familiak erabakitzea biktimarioarekin zer egin, hori justizia mediebala dela».
Norberarenetik kolektibora
Ez-fikziozko lana da ‘Gaua harago bultzatuz’. Mario Calabresiren aita, Luigi Calabresi polizia-komisarioa, 1972an hil zuten, Milango komisaldegi batean anarkista bat leihotik behera erori eta gero, haren aurka hasitako akusazio-kanpaina baten ondoren.
Ikuspegi pertsonaletik aztertzen ditu semeak aitaren kontrako atentatuaren aurreko eta ondorengo gertaerak eta argitasunez deskribatzen ditu Italian ‘berunezko urteak’ deiturikoak. Argitaletxearen aburuz, liburuak «interes kultural eta sozial handia du euskal komunitatearentzat, autoreak terrorismoaren eraginari ikuspegi pertsonal eta kolektibotik heltzen diolako».

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

