NAIZ

BBK Klima parkeko kaleratutako 20 langileek kanpaldia hasi dute haien egoera salatzeko

LAB sindikatuak deitoratu duenez, Gaztetxo Eskola enpresak 20 langile baino gehiago legez kanpo kaleratu ditu. Hau salatzeko, BBK Klima parkeko udalekuetako langileek kanpaldia hasi dute ostegun honetan. Langileen subrogazioa, «iruzurren amaiera» eta kalte ordainak eskatu dizkiete enpresari.

BBK Kliman kaleratutako 20 langileek protesta egiteko kanpaldia hasi dute.
BBK Kliman kaleratutako 20 langileek protesta egiteko kanpaldia hasi dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Busturian dagoen BBK Klima parkeak udako denboraldiko udalekuetarako aurten kontratatu duen Gaztetxo Eskola enpresak 20 langile baino gehiago kaleratu dituela salatu du LABek azken asteetan. Honen aurrean, kaleratutako langileek kanpaldia hasi dute beren egoera salatu eta subrogazioa eskatzeko.

LABek honako hauek exijitzen ditu: kaleratutako langile guztien subrogazioa, «iruzurren amaiera» eta Gaztetxo Eskolak zein BBK-k langileei dagozkien kalte-ordainak ordaintzea. Arduradunen artean BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia ere aipatu ditu LABek, lan eskubideen «urraketa» hori haien babes instituzionalik gabe ezinezkoa izango litzatekeelakoan.

Sindikatuak azaldu duenez, orain arte zerbitzua Ortzadarrek eman du, baina, enpresa berriaren esku geratu bezain laster, LABek subrogazio prozesua modu «desegokian» egiten ari zela salatu zuen. Izan ere, sindikatuaren arabera, azken urteetan udalekuetan lanean aritu diren langileei ez zaie subrogazioa aitortu eta, horren ordez, ustezko formakuntza batera deitu zituzten.

Bertan, «presio bidez» kaleratzeak sinatzera behartu nahi izan zituzten, «mehatxuak barne». «Langileek, ordea, antolatzeko eta borrokatzeko erabakia hartu dute, eta LABek iruzur horri aurre egiteko bide sindikala eta judiziala aktibatu ditu», azaldu du.

Azken asteotan sindikatuak mobilizazioak egin ditu, salaketa publikoa zabaldu du eta hainbat eragilerekin harremanetan jarri da egoeraren berri emateko. Auzi judiziala ere martxan dagoela jakinarazi dute, datorren astelehenean epaiketa egingo da eta.

«Zoritxarrez, egoera hau ez da salbuespena: udalekuetan ohikoa bilakatzen ari da administrazio publikoaren diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresek lan eskubideak urratzea, lan hitzarmenak bete gabe eta esplotazioa normalizatuz, administrazioak ezikusiarena egiten duen bitartean» ohartarazi du sindikatuak, udalekuetan lan egin duten gazteei beraien eskubideen alde antolatzera deitzearekin batera.