BABESLEDUN EDUKIA

Irurtzungo txupinazoa asteazkenean botako dute eta bost egunez luzatuko dira jaiak

Irurtzunen prest dute aurtengo jaietako egitaraua eta txupinazoa datorren asteazkenean botako du Ander Lizarraga herriko gazteak. Egitaraua igandera arte luzatuko da adin eta gustu guztientzako jai ekitaldiekin, eta larunbatean herri kirol saio berezia izango da.

Jai hasierako kalejira asteazken arratsaldean egingo da.
Jai hasierako kalejira asteazken arratsaldean egingo da. (Iñigo URIZ | FOKU)

Azken urteetan ohikoa bilakatu da Irurtzungo festen hasiera iragarriko duen suziria jaurtiko duen pertsona edo taldea bozketa bidez hautatzea. Iaz herriko emakume taldea izan zen aukeratua eta aurten, Ander Lizarraga herriko gaztea izango da ohore hori izango duena, hainbat ekimenetan erakutsi duen inplikazio eta ahaleginagatik, batezere Larrazpiko gizartean eta antolakuntzan, baita Club Atletico Osasuna Genuine taldean izan duen kirol ibilbidean.

Txupinazoa asteazkenean izango da (uztailak 16) arratsaldeko 18.00etan, eta ondoren erraldoi eta buruhaundien konpartsa abiatuko da gaitari, dantzari eta txarangarekin lagunduta. Baina ordu erdi lehenago, Irurtzunen eta Sakanako herri askotan dagoen ohitura beteko dute, hain zuzen, 2024. urtean jaiotako haurrei jaietako zapia jarri eta erraldoi eta buruhaundien konpartsaren ipuina oparituko zaie.

Egitaraua bost egunez luzatuko da, igandera arte, eta ohikoa den moduan, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu dituzte, hala nola bermut musikatuak, zirku ikuskizuna, dantza emanaldiak, bazkari herrikoiak, larrain dantzak, zezen suzkoak, esku pilota jaialdia edota haurrendako ekintzak.

Aurten ere ez da faltako tradizio handiko kalderete lehiaketa. Ostiral goizean izango da (uztailak 18) eta eguerdian herri bazkaria egingo da. Antolatzaileek ogia, ardoa, mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte.

Larunbatean (uztailak 19) herri kirol saio berezia izango da arratsaldeko 18.30ean hasita, bertan parte hartuko baitute Aitor Saralegi irurtzundar aizkolari gazteak eta Sakanako Harri Eskolako harrijasotzaileek. Aitor Saralegi Ioan Goikoetxearen aurka arituko da eta, beraien ondoren, Malen Barrenetxea Nerea Arrutiren aurka arituko da. Eneko Saralegik altueran moztuko du enborra eta, harrijasotzaileen ondoren, Iparraldeko jokoen erakustaldia egingo du Jose Martin Tubi Bustinza bizkaitarrak.

Musika arloari dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita jai gauetarako: Oinutsik, Kresala eta Oxabi, eta DJ Oixani, DJ Kapitan General, DJ Jo Ta Txo eta DJ On Festa. Egunez ere musika ez da faltako, honako taldeekin: EZK txaranga, Elektrokela, Pancho Balbuena, Transfugas, Xaibor, Txingones de la Rencle.

Igandean bukatuko dira festak (uztailak 20) ohiko Larrain Dantza, Zezensuzko eta "Gaixoa ni" kantaldiarekin.

Jaietako albiste honen babesleak: Hnos Villegas carpintería metálica eta Urrutiaenea harategia.