Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Pixarren 29. filmak espaziora eramango gaitu

ELIO
AEB, 2025. 99’. Zuzend.: Madeline Sharafian, Domee Shi, Adrián Molina. Gidoia: Julia Cho, Mark Hammer, Mike Jones. Musika: Rob Simonsen. Animazioa: Derek Williams, Jordan Rempel.

‘Elio’ filmaren eszena bat.
‘Elio’ filmaren eszena bat. (PIXAR)

Flexo jauzkari ezagunaren etxeak estreinatzen duen 29. filma da, eta zientzia fikziozko generoan murgiltzen den hirugarrena, ‘WALL·E’ (2008) eta ‘Lightyear’ (2022) filmen ostean. Zuzendari lanetan Madeline Sharafian, Domee Shi eta Adrian Molina aritu dira. 

Bizitza traumatikoa duen gazte batek estralurtarrekin harremanetan jarri nahiko du kosta ahala kosta, eta Lurraren enbaxadore bihurtuko da espezie aurreratuen galaxiarteko komunitate baten aurrean.  

Pixarren lan berriak, ‘Elio’, Elio Solis 11 urteko mutikoaren istorioa kontatuko du. Sekulako irudimena du eta estralurtarrekiko lilura handia. Sarritan besteengandik isolatuta eta baztertuta sentitzen den arren, Eliok kontsolamendua aurkituko du beste planetetako izakiekin konektatzeko nahian. 

Izaki liluragarriekin izandako topaketen bidez, gazteak bera izateko adorea aurkitu beharko du, bere beldurrei aurre egin, eta, nahiz eta superbotererik edo entrenamendu espazialik ez izan, bere gizatasuna bere indarrik handiena izan daitekeela erakutsi beharko du. 

Zer gertatuko litzateke bizitzan bila zabiltzan horrek zu topatuko bazintu lehenengo? Filmean galdera horri erantzuna ematen saiatuko dira. 

Pixarren historiako estreinaldirik kaskarrena?

Ikusmin handia sortu du, baina debut xumea eta nahiko etsigarria izan du filmak. Hego Euskal Herrira ostiral honetan iritsiko den arren, nazioartean aste batzuk lehenago estreinatu da. Bada bere lehen asteburuan, animaziozko ekoiztetxearen historiako estreinaldirik kaskarrena izan zen; 35 milioi dolar ‘besterik’ ez zituen bildu mundu osoan (horietatik 21 Estatu Batuetan). 

Aurreko errekor negatiboa ‘Elemental’-ek zuen (2023): 44,5 milioi dolar (horietatik 29,5 AEBtako leihatilan), Box Office Mojo webgune espezializatuaren datuen arabera. 

Pixarren beste zinta batzuek datu okerragoak izan zituzten arren, testuingurua oso bestelakoa izan zen: pandemia garaian izan ziren, hala nola ‘Onward’ (2020), ‘Soul’ (2020) —ia zuzenean plataformetara joan zena—, eta ‘Luca’ (2021). 

Zenbaki txar horiek gorabehera, ‘Elio’ proposamen erakargarria izango da animazioaren eta zientzia-fikzioaren zaleentzat, eta ziur adin guztietako ikusleak liluratuko dituen abentura komiko eta hunkigarria eskainiko duela.