NAIZ

Agirrezabalak Valentzian jokatuko du lagata datorren sasoian eta bere ordez Padilla itzuliko da

Athletic eta Valentzia akordio batera iritsi dira eta Agirrezabalak Valentziako atea defendatuko du datorren denboraldian. Atezain errenteriarra lagata iritsiko da Mestallara, eta denboraldi amaieran, derrigorrezkoa ez den erosketa-aukera bat izango du Valentziak. Bere ordez, Padilla itzuliko da.

Julen Agirrezabala beroketa lanetan San Mamesen
Julen Agirrezabala beroketa lanetan San Mamesen (Athletic Club)

Athleticek eta Valentziak akordioa lortu dute Julen Agirrezabala atezainak Mestallan utzita jokatzeko 2025/26 denboraldian. Jokalaria bart iritsi da Valentziara eta ostiral goize honetan mediku-probak egin ditu. Athleticek ostiral arratsaldean modu ofizialean iragarri du webgunean.

Talde zuri-gorrriak akordioaren xehetasunak azaldu ditu: «Lagapenak konpentsazio ekonomikoa aurreikusten du, bai eta errendimenduagatiko zenbateko aldakorrak eta parte ez hartzeagatiko zigorrak ere. Valentziak derrigorrezkoa ez den erosketa-aukera bat du lagapena amaitzean». Hortaz, ikusteke dago ea denboraldi amaieran Corberanen taldeak erosteko-aukera aktibatzen badu.

Gauzak horrela, Julenek eskarmentua pilatzen jarraituko du maila gorenean. Valentzian Mamardashviliaren hutsunea beteko du, atezain georgiarrak Liverpooleko atea defendatuko baitu aurrerantzean. Dena den, Stole Dimitrievskirekin lehiatu beharko da hasierako hamaikakoan egoteko.

Errenteriako atezain gaztea 2018/19 denboraldian iritsi zen Athletic Clubera Antiguokotik. Egun, 24 urteko atezainak 2027ko ekainaren 30era arte dauka kontratua Athletic Clubekin eta 65 partida jokatu ditu, baita irabazitako Kopan pilatutako esperientzia handia ere. Izan ere, Kopan erabakigarria izan zen, aurreko Europa Ligan bezala, finalerdietaraino iritsi baitzen.

Azken denboraldian, Unai Simonen lesioa baliatuz, 29 partida jokatu zituen Julenek. Askotan erabakigarria izan zen, esate baterako, Madrilen aurka Kylian Mbapperi penalti jaurtiketa asmatu zion. Haatik, Simon itzuli zenean, taldeko bigarren atezainaren rola berreskuratu zuen Julenek. Orain, Valentzian, aukera gehiago izango ditu donostiarrak.

Alex Padillaren itzulera

Valverde ez da atezain soil batekin geratuko lehen taldean. Izan ere, irtenbide errazena eta logikoena Alex Padilla berreskuratzea izango litzateke, eta, klubak ordu batzuetara iragarri duen moduan, atezain mexikarra Valverderen aginduetara itzuliko da Lezamara. 

Padilla Mexikora abiatu zen urtarrilean, eta Pumas taldean jokatu du azken hilabeteetan. Hala ere, Ibaiganeko erakundeak zarauztarra berrerosteko eskubidea gorde zuen eta bete egingo du.

Padillak (21 urte) bost partida jokatu zituen joan den denboraldian lehen taldean, Ernesto Valverderen aginduetara, talde mexikarrera utzita irten aurretik.