«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»
EHZren barnean egin zuen emanaldiko lehen minutuak sareetan zabaldu zituen Ane Lindane umoristak: Arberatze-Zilhekoako elizako aldarera igota, gurutze batekin masturbatzeko keinuak egin zituen. Eliza katolikoari egindako kritika lotsagabe hura, sareetan, gorroto tsunami baten pare itzuli zaio.

Probokatzailea, modu erabat erradikalean kritikoa, oso politikoa, muturreraino zorrotza, are lotsagabe eta zakarra; Ane Lindane (Barakaldo, 1988) komiko bizkaitarrak ez du inor epel uzten. Izan ere, umoregileak marra fin batean dantzan aritzen dira beti; deseroso izatea da komiko on baten sena.
Ane Lindane polemikara ohituta dago –ez du ahoan bilorik sareetan; eta horregatik ere kritikatua izan da–, baina azkenaldian ur handietan surfeatzera behartuta ikusi du bere burua, Eliza katolikoarekin topo egin baitu. Eta sare sozialetako zabor eta jendilajearekin ere bai.
Harrigarria da zelako zalaparta eragin duten Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren barnean, Nafarroa Behereko eliza txiki batean eta 200 bat ikusleren aurrean, egin zuen emanaldiko lehen minutu haiek zelako zalaparta eragin duten: salaketa judizial batekin mehatxatu dute –Abogados Catolicos fundazioaren eskutik–, ‘konponketa-meza’ baten protagonista bihurtu da –uztailaren 8an egin zen, Arberatzeko-Zihekoako elizan– eta sareen bitartez jasotzen ari den mezu eta mehatxuek muga guztiak gainditu dituzte.
«Nik zakarra izateko eskubidea daukat, eta zuk zakarkeria gustuko ez duzula esateko eskubidea daukazu, baina honek ez du legitimatzen gertatzen ari den hau guztia, ezta?»
«Esaterako, ‘hortzak espaloi baten kontra lehertuko dizkizugu’, esan didate, edo ‘zazpiren artean bortxatuko zaitugu zeure buruaz beste egiteko gogoa sartu arte»; halako adibideak eman ditu jasotzen ari den jazarpenari buruz. 200 bat mezu heltzen zaizkio egunean. Atera kontuak. «Nik mehatxuak ez ditut serio hartzen baina, hala ere, bortizkeria da. Nahiz eta niri minik ez egin, desgastantea da eta, nahiz eta nik haietaz barre egin, esaten dutena salagarria da».
Egoera horren iturburua eliza bateko aldarera igo eta gurutze batekin, PLTren ‘Hil da jainkoa’ kantak lagunduta, masturbatzeko keinuak egin zituela da. 1970eko hamarkadako zinemako film klasiko bateko (‘The Exorcist’) eszena baten remakeak XXI. mendean oraindik gorriarazi egiten gaitu ala? Ane Lindanerekin honetaz eta hartaz hitz egin dugu, baita Youtuben martxan jarri duen ‘La Galerna’ late night lotsagabeari buruz ere.

«Ba niri ez zait potxolatik ateratzen modu finago batean egitea!»
Zer ekarri dizu EHZn egin zenuen emanaldiak? Lehenengo, Abogados Cristianos-en salaketa bat. Iritsi al zaizu?
Ez, momentuz ez zait inolako jakinarazpenik iritsi eta uste dut ez dela iritsiko, zeren zabaldu zuten komunikatuan aitortzen zuten Iparraldean delitu hori ez dela existitzen... eta flipantea da Estatu espainolean sakrilegio delitua existitzea! Zeren zer da sakrilegioa? Gauza sakratu bati min sinboliko bat eragitea. Baina zer da sakratua? Hau da, gauza sakratuak ez dira existitzen, ezta? Haien ‘kode magikoetan’ sinisten ez dugunontzat haien ‘kode magikoak’ ez dira aplikagarriak. Alde horretatik, lasai nago. Baina lasai nengoen hasieratik, zeren salaketa jarri baldin badute ere, ziurrenik artxibatu egingo dute eta epaile kabroi batekin, ultrakatoliko batekin, topo egiten badugu ere eta onartzen baldin badu, ez du inolako ibilbiderik izango.
Tira, niri ere Abogados Cristianos taldearen zunda-baloi bat zela iruditu zitzaidan baina, halere, gogora ekarri zidan Abel Azcona artistari gertatu zitzaiona: pederastiaren aurkako performance batean mezetan jasotako ostiak erabili zituela-eta Portugalera erbesteratu behar izan zuen.
Ni lasai nago. Nik oso umore punka egiten dut, oso umore politikoa, eta badakit egiten ditudan gauzek ondorio batzuk izan ditzaketela. Onartzen ditut. Hori, alde batetik; gero, bestetik, esaten ari nintzaizuna: ez dut uste ibilbidea izango duenik, baina berdin dio, zeren honekin gertatzen ari dena ez da haiek jarri duten edo ez duten jarri salaketa, baizik eta guzti honetatik zer datorren: jasotzen ari naizen mehatxuak eta bortizkeria.
Abogados Cristianos-en estrategia desgastearen estrategia da, gauza hauek oso desgastanteak direlako; hau da, ni oso nekatuta nago. Eta imajina ezazu prozesu legal bat baldin badago... zeren ekonomikoki desgastatzera jolas egiten dute.
Haien helburu bakarra turko-buru bat bilatu eta beldurra sartzea da. Niri hau egin baldin badidate, beharbada bihar beste umoregile batek pentsatuko du: ‘Eske, kristoren istilua muntatzen da!’. Egun hauetan esan didate: «Zelako istilua eragin duzun». Eta nik: «Nik ez dut inolako istilurik sortu. Nik nire lana egin dut eta nire lana txoroarena egitea da».
Umoregilea naiz eta mamarratxa bat naiz eta mamarratxoa egiten dut. Nik ez dut inolako iskanbilarik sortu, iskanbila haiek sortu dute. Eta hori da kontua: halako iskanbilak sortzen dituztenez, gure adierazpen askatasunarekin bukatzen saiatzen dira. Lehen Abel Azcona aipatu duzu eta, kasu honetan beharbada sinbolikoagoa ere bada, zeren nik ez dut elizatik ezer hartu, ez dut ezer lapurtu, ez dut ezer zikindu, ez dut ezer puskatu. Egin dudana da segundo gutxi batzuetako keinuak.
Emanaldiaren sarrerari buruz ari zara. ‘The Exorcist’ film klasikoan agertzen den eszena baten erreferentzia zen.
Beti egiten ditut halako sarrera apurtzaileak. Rakel Torres-ekin batera ‘Despotorre’ egiten dugunean, buru-beroki batzuekin ateratzen gara eta nik bonbetak botatzen ditut eta Rakelek pistola bat izaten du, burbuilak botatzen dituena. Halako txorakeriak egiten ditugu. Joder, artista bat naiz, egiten ditudan gauzak sinbolikoak dira eta batzuetan esannahi sakonago bat du eta beste batzuetan, besterik gabe, publikoarengan nolabaiteko eragina sortu nahi dut.
Eta zer gertatzen da umoristekin? Hemen kexa handi bat daukat euskal hedabideekiko, berria islatu dutelako baina esanez: «Begira zer nolako iskanbila sortu duen honek!». Bideoa igo zuten irakurketa politikorik egin gabe. Eta hau oso politikoa da: hau eraso faxista bat izan da adierazpen askatasunari eta sorkuntza artistikoari. Eraso faxista, espainolista eta ultraeskuindarra. Gainera, nori eta zein testuingurutan? Bakarrizketa bat egiten zuen euskarazko sortzaile bati, euskal jaialdi batean.
Nik uste dut irakurketa politiko horren falta dagoela hainbat arrazoirengatik; horien artean, adibidez, ni umoregilea naizela eta umoreak beti daukala kutsu fribolo hori. Punk talde batean jotzen duen gizona izango banintz, mundu guztiak esango luke: ‘punka horrelakoa da eta punkean horrela adierazten dira. Eta tipo honek, ipurditik gurutze bat sartzeko keinua egin du, punka delako da’. Baina, ni halako keinu lizunak edo halako modu zakarrean adierazten den emakumea naiz eta, gainera, umoregilea.
«Hau adierazpen askatasunari eta sorkuntzari egindako erasoa izan da. Abogados Cristianos-en estrategia desgastearen estrategia da. Haien helburu bakarra turko-buru bat bilatu eta beldurra sartzea da»
Fenomeno bat gertatzen da emakume komikoekin: politikaz edo, nik zer dakit, demagun menopausiaz, edo emakumeen egoerari buruz hitz egiten denean zuzen, are zakar ere, txokatu egiten duela, ezta?
Bai, bai, jendea asko txokatzen du emakumeak ‘kukiak’ eta finak ez izateak. Guk kode horietan adierazi behar dugu geure burua, beti izan behar gara goxoak eta ezin ditugu keinu zakarrak egin. Eta gai horiek jorratzen baditugu, are okerrago, guztiz kantzelagarriak gara. Ezkerreko ideologiatik erabiltzen diren argudioak: «Hau arreta deitzeagatik egiten duzu!». Bueno, nire lana arreta deitzean datza, zeren nik ikuskizun bat egiten dut!
Modu finagoan egin zenezakeela behin baino gehiagotan entzungo zenuen...
Ba, ez zait potxolatik ateratzen modu finago batean egitea! Egin dezala beste batek, zeren beste batzuek horrela egiten dute eta niri txalogarria iruditzen zait. Baina nik zakarra izateko eskubidea daukat, eta zuk zakarkeria gustuko ez duzula esateko eskubidea daukazu, baina honek ez du legitimatzen gertatzen ari den guzti hau, ezta? Eta gero, bestetik, beste gauzatxo bat: askok esaten dute Eliza katolikoari halako irainak-eta egitea gaindituta dagoela, beharbada 80ko hamarkadan zentzua izan zezakeela baina gaur egun ez.
Ba Ipar Euskal Herrian ikerketa bat ireki izanak, salaketa bat jarriko didatela esatearenak eta jasotzen ari naizen biolentzia honek guztiak argi uzten du hau ez dagoela gaindituta, ezta inondik ere. Eliza katolikoak duen indarraren adierazle da.
Euskal Herria Zuzeneanekoek idatzi duten komunikatuan ere ez dago irakurketa politikorik eta barkamena eskatzen diote Eliza katolikoari. Ulertzen dut haien lehentasuna izatea festibala mantentzea eta haiekin bat nator horretan. Baina egia da ez dela irakurketa politikorik ageri. Egiten dutena da esan «bueno, txoro honek egin duen gauza bat da eta arazoetan sartu nahi gaitu».

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

