NAIZ

Elkarretaratzea hezitzaile batek adingabekoen etxe batean jasandako erasoagatik

Langileak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurrean bildu dira, hezitzaile batek adin txikikoen etxe batean jasandako erasoa salatzeko eta horrelakoak ekiditeko neurriak exijitzeko. Esan dutenez, ez dago aski langile eta «normala» da gauez langile batek bakarrik lan egitea.

GUFEren egoitzaren aurrean egin duten elkarretaratzea.
GUFEren egoitzaren aurrean egin duten elkarretaratzea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileek elkarretaratzea egin dute astelehen goiz honetan, Bilbon, enpresa batzordeak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren langile batzordeak deituta, langileen segurtasuna bermatzeko «neurri eraginkorrak» eskatzeko. Izan ere, joan den astean hezitzaile sozial batek eraso bat sufritu zuen hiriburuko adingabeen etxe batean.

‘Langileen segurtasuna bermatu’ lelodun pankartari eutsi diote protestan. ELA, LAB, UGT, CCOO eta Satse sindikatuek sinatu dute.

Hainbat eragile batu dira mobilizaziora, tartean EH Bildu. ‘Bakarrik inoiz ez’, ‘Hau ezin da berriz gertatu’, ‘Aldundia, entzun, zu zara errudun’ eta ‘Isiltasun gutxiago eta konponbide gehiago’ oihukatu dute.

Aspaldiko errealitate bat, agerian

Sindikatuen bozeramaileek azaldu dutenez, langileen batzordeak eta enpresa batzordeak deialdi hau egin dute erasoa jasan duen adingabeen etxeen sareko langileari «erabateko babesa eta elkartasuna» adierazteko. Zehaztu dutenez, Bilboko baliabide batean gertatu zen, ostegun goizaldean. Azkar osatzea opa diote langileari.

Beren ustez, eraso honek agerian jartzen du aspaldiko errealitate bat: «Etxeetako adingabeen profila gero eta konplexuagoa da. Aldi berean, ez dago aski langile».

Horregatik, enpresa eta langile batzordeek GUFEko Zuzendaritzari eskatu diote lehenbailehen «prebentzio neurri eraginkorrak» har ditzala, «langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, baita adinekoen arreta duina eta profesionala ere». Adin txikikoei zuzendutako baliabideetan egunero sortzen diren beharrei egoki erantzun behar zaiela azpimarratu dute.

Premiazkotzat jo dute gaur egungo protokoloak gainbegiratzea, beren iritziz agerikoa delako ez direla nahikoak. Lanpostuen arriskuak ebaluatu behar direla defendatu dute, baliabideak –langileak zein materialak– gehitzearekin batera.

Gaueko txanda

GUFEn gauez lan egiten duen pertsona bakarrik aritzea «normala» dela gaitzetsi dute, berdin du hezitzailea edo hezkuntzako laguntzailea izan. «Hau aldatzeak ez dakigu erasoak ekidingo lituzkeen, baina horien larritasuna behintzat bai. Ez da gauza bera bakarrik egotea eta lagunduko zaituen inor ondoan ez izatea, edo eraso hori geldituko duen eta egoera kudeatuko duen norbait izatea», azaldu dute.

Joan den asteko erasoa gertatu zenean, enpresa batzordeak eta berau osatzen duten sindikatu guztiek eskaera bat egin zuten Segurtasunaren eta Osasunaren aurre-batzordea premiaz elkar dadin. Zuzendaritzak bilera egin behar dela erantzun badie ere, oraindik ez die hitzordurik eman.