NAIZ

Emakunde: «Amatasunak zigortuta jarraitzen du zaintza oraindik ere emakumeen esku dagoenean»

Emakundek onartu du EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2024ko Zifrak txostena. Lan honek egiaztatu du «amatasunak zigortuta jarraitzen duela, zaintza oraindik ere emakumeen esku dagoenean». Izan ere, emakumeek beren gain hartzen dituzte adingabeak zaintzeko eszedentzien %87.

Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak Lehendakaritzan bildu da astelehen honetan.
Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak Lehendakaritzan bildu da astelehen honetan. (IREKIA)

Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2024ko ‘Zifrak’ txostena onartu du astelehen honetan. Eremu sozial, ekonomiko eta politikoan emakumeen eta gizonen egoeraren bilakaera ikusteko aukera ematen du dokumentuak eta egiaztatzen du genero-estereotipoek eta bokazioen segregazioak baldintzatu egiten dituztela emakumeen eta gizonen hezkuntza- eta lan-ibilbideak, eta «faktore hori dela bizitzako eremu guztietan arrakalen iraunkortasunean eragina duen faktoreetako bat».

Hala adierazi du Emakundek ohar batean, eta azpimarratu du txostenak egiaztatu duela «amatasunak zigortuta jarraitzen duela, zaintza oraindik ere emakumeen esku dagoenean». Izan ere, «nahiz eta legezko aurrerapenak izan diren berdintasunezko baimenetan, eta zaintzagatiko eszedentziak dituzten gizonen kopuruak gora egin duen arren, emakumeek beren gain hartzen dituztela adingabeak zaintzeko eszedentzien % 87 eta senideak zaintzeko eszedentzien %72, eta horrek eragina du haien ibilbide profesionalean eta osasunean».

Zentzu honetan, nabarmendu du antsietate- eta depresio-sintomen kopuru handiagoa dela emakumeen artean gizonen artean baino adin-talde guztietan, eta eragin handiagoa du gazteen artean. «Emakumeen osasun mentalean eragin handia dute zainketen gainkargak, zahartzaroko bakardadeak edo egiturazko indarkeriak, besteak beste», ohartarazi du.

Enpleguari dagokionez, azken hamarkadetan jarduera- eta okupazio-tasak handituz doazen arren, lan-merkatuak sexuaren arabera segmentatuta jarraitzen du, eta segregazio horizontala dago, emakumeak sektore prekarizatuagoekin lotzen dituena. Izan ere, urteen poderioz aldea murrizten doan arren, gizonen batez besteko soldata emakumeena baino 5.790 euro handiagoa da.

Txostenaren arabera gizonen batez besteko soldata emakumeena baino 5.790 euro handiagoa da

«Emakumeek baldintza kaxkarragoetan, ezegonkorragoetan eta kontratu-kalitate txikiagoarekin lortzen dute enplegua. Emakumeek lanaldi partzialerako kontratatutako pertsonen % 66 ordezkatzen dute, eta emakumeek sinatutako kontratuen % 76 aldi baterakoak dira ( % 64 gizonen kasuan). Lan-merkatuak bi aldiz zigortzen ditu emakumeak: sarbide gutxiago, partzialtasun handiagoa eta behin-behinekotasun handiagoa. Horrek kate-ondorioak ditu errentan, gizarte-babesean eta pentsioetan», gaineratu du Emakundek.

Partaidetza soziopolitikoari dagokionez, Gasteizko Legebiltzarrerako azken hauteskundeen ondoren, emakumeen presentzia zertxobait handitu da, %52ra iritsiz. Bestalde, alkatetza eta zinegotzien ordezkaritza orekatua urrun dago. Alkatetzen %34k emakumeak dituzte buru, eta zinegotzien %46k. Are urrunago dago berdintasunezko errepresentazioa enpresa-erakundeetako Administrazio Kontseiluetan, haietan emakumeak %30 baitira. Finantza-erakundeei dagokienez, lautik batek baino ez du emakume bat lehendakaritzan.

«Oro har, emakumeen parte-hartzea gehiago kontzentratzen da arlo sozialarekin lotutako erakundeetan eta eremu publikoan; aldiz, espazio ekonomiko-produktiboek maskulinizatuta jarraitzen dute», dio Emakundek. 

Eta emakumeen aurkako indarkeria matxistak errealitate estruktural eta iraunkorra izaten jarraitzen duela salatu du. Txostenak 6.572 biktimizazio jasotzen ditu urtebetean, aurreko urtean baino %6,9 gehiago, baina Berdintasunerako Legearen azken erreformak baliabideen prestazioa eta biktimen arreta integrala erraztu ditu.

Indarkeria matxistak arazo estruktural eta iraunkorra da, txostenak 6.572 biktimizazio jasotzen ditu, aurreko urtean baino %6,9 gehiago

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak datu horiek aztertzeko gonbita egin du, «gure gizartean oraindik ere badirauten genero-desberdintasunei aurre egitera behartzen gaituen erradiografia soziala» erakusten baitute, eta horiek murriztuko dituzten berdintasun-politikak bultzatzen jarraitzeko.

Imanol Pradales lehendakariak adierazi du bere Gobernuarent lehentasuna dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta, azterlanak erakusten dituen arrakalen aurrean, dei egin du gizarte osoaren lan bateratuaren alde, bakoitzak bere eragin-eremuan, berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko. Ildo horretan, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian jasotako 11 jomugak nabarmendu ditu, besteak beste, aurrekontuekin, enpleguarekin, soldata-berdintasunarekin, emakumeen aurkako indarkeriarekin edo berdintasunean heztearekin zerikusia dutenak.

Berdintasunerako Planak erakunde publikoetan

Zuzendaritza Kontseiluak EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren Ebaluazioaren jarraipen-memoria ere onartu du, eta Emakunderen 2024ko jarduera-memoria ere.

Memoriak egiaztatzen du parte hartzen duten erakundeen %81ek Berdintasunerako Plan bat dutela: Lakuako sail guztiek eta foru-aldundiek dituzte plan horiek, eta, erakunde autonomoei eta erakunde publikoei, kapital publikoko enpresei edo informazioa betetzen parte hartzen duten beste erakunde batzuei dagokienez, %72,7tik %85,7ra bitarteko eskuragarritasuna du.