Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Jeffreys Bay: zergatik da Hego Afrikako urautsia hain berezia surflarientzat?

Munduko eskuin olatu luze eta indartsuenetako bat izateaz gain, leku berezia da Jeffreys Bay, Hego Afrikako historiari lotua. Surf txapelketen historian, norgehiagoka gogoangarriak utzi ditu: Mick Fanningen marrazo erasoa, apartheidaren kontrako boikota...

Uztailaren 12an olatu bikainak izan ziren J-Bayn, eta lehiakideek ikuskizun ederra eskaini zuten.
Uztailaren 12an olatu bikainak izan ziren J-Bayn, eta lehiakideek ikuskizun ederra eskaini zuten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Munduko surflari hoberenek haien urautsi kutunen artean dute Jeffreys Bay. Eskuin olatu indartsua da, oso luzea, edozein ariketa egiteko aukera ematen du, baita tubo sakonak ere. Tamaina guztietako itsaskietan funtzionatzen du, metro bateko zein lau metroko olatu perfektuak sortzen ditu, eta gainera, itsaskiak ugariak diren leku batean kokatuta dago.

Ordea, olatuaren itzelezko kalitateaz harago, J-Bayk badu zerbait lehen mailako txapelketak egiten diren beste lekuek ez dutena, edo galdu dutena. Alegia, nortasuna eta historia.

Datozen ordu edo egunetan amaituko da J-Bayn egiten ari diren CT zirkuituko hamargarren txapelketa. Beti bezala, ikuskizuna ziurtatuta dago, horren adierazgarri dira azken egunetan egin dituzten txandetako irudiak, baina txapelketa honen inguruko datu zehatzak hurrengo astelehenean argitaratuko ditugu. Gaurkoan J-Bay hobeto ezagutzen saiatuko gara, surfaren historian garrantzi berezia duen lekua zergatik den ulertzeko baliagarri izango delakoan.

Marrazo erasoa zuzenean

Aurten hamar urte betetzen dira 2015eko uztailaren 19an Mick Fanningek J-Bayn marrazo erasoa jasan zuenetik. Beste australiar batekin finalean lehiatzen ari zen bitartean gertatu zen, eta txapelketa sarean ematen ari zirenez, ikusleek erasoa zuzenean ikusi ahal izan zuten.

Txanda hasi baino ez zen egin, eta bozgorailuetatik Julian Wilsonen olatuaren puntuazioa ematen ari ziren. Mick Fanning urautsian olatu baten zain zegoela ikus zitekeen pantailan, eta bat-batean, surflariak mugimendu arraro bat egin zuen, atzera begira itzuli zen. Segituan konturatu zen marrazo handi bat gainean zuela. Marrazoarekin borrokan aritu ostean, taula galdu zuen eta albo batera igeri egiteari ekin zion. Gero, uhin batek gertatzen ari zena estali zuen. Sorosle eta begiraleak segituan konturatu ziren marrazo eraso bat zela eta, kameren ikusmena eragozten zuen olatua pasa zenerako, Fanning uretako moto batera igotzen ari zen. Guztia oso azkar gertatu zen.

Mick Fanningen marrazo erasoa, 2015eko uztailean. (WSL)

Fanning onik atera zen, ez zuen zauririk, nahiz eta marrazoak txikota moztu zion. Sustoa, ordea, sekulakoa izan zen, eta denbora apur bat behar izan zuen dardarka zuen gorputza bere onera ekartzeko. Txapelketa bertan behera utzi zuten, ez zen irabazlerik izan J-Bayn, bi finalistak bigarren postuan geratu ziren, eta geroago jakin ahal izan zen Fanningi ez ziola marrazo batek eraso egin, baizik eta bi marrazo zurik eraso egin ziotela.

Marrazo batek eraso egiteko probabilitatea oso urria da, eta milioika pertsona begira dituzunean gertatzea are eta zailagoa da, baina gertatu zen; izan ere J-Bay munduko urautsi hoberenetako bat izan arren, marrazo zuri gehien dituen urautsietako bat ere bada. Edonola ere, Fanningen olatu kuttuna izaten jarraitzen du; izan ere, urte bat geroago, J-Bayra itzuli eta munduko txapelketa irabazi zuen laugarren aldiz, 2002an, 2006an, eta 2014an egin zuen bezala.

Kokapena eta historia

Munduko meridianoa kontuan hartzen bada, antzeko longitudean daude Euskal Herria eta Jeffreys Bay. Ondorioz, ordu bera da hego hemisferioko lurralde horietan eta gurean; ordea, klima oso bestelakoa da. Afrikaz dugun irudia leku lehor eta eguzkitsuarena izan ohi da, eta horrela da bere luze zabalean. Aldiz, itsasoko urari dagokionean, Hegoafrikan ur hotza da nagusi; izan ere, Indiako Ozeanoa eta Atlantikoa batzen diren eremua izateaz gain, Antartikatik datozen korronte hotzen jomuga ere bada, eta horregatik itsasoratzen dira surflariak neopreno luzeekin.

1963. urtean «The endles summer» lehen surf pelikula arrakastatsua filmatzen ari zirela «topatu» zuten badia hau Afrikako hegoaldeko lurmutur batean. 1964an zinema aretoetako pantailetan olatu ikaragarri haien irudiak zabaldu orduko, milaka surflariren helburu bihurtu zen Jeffreys Bay. Kamera estatubatuarrek baino lehenago kolonizatu zuten, ordea, itsasertz hau afrikaner bezala ezagututako etorkinek. Badiaren izena ere afrikaans hizkuntzan jarrita dago, Jeffreys kapitainaren omenez.

Ekainetik abuztura itsasaldi franko izaten da Hegoafrikan, eta J-Bayko olatu bikainek ikuskizun ezin hobea ziurtatzen dute; baina, horrez gain, munduko surf lehiaketen historiara pasa diren gertakariak ere utzi ditu leku honek. Adibidez, 1984an Marc Occhilupo australiarra 18 urte besterik ez zituela nagusitu zen, eta, 2006an, Kelly Slater estatubatuarrak Andy Irons hawaiiarra menderatu eta zazpigarren aldiz eskuratu zuen munduko txapela J-Bayn.

Lehen txapelketa internazionala 1981ean egin zen, eta Shaun Tomson hegoafrikarrak irabazi zuen. Ordutik, urtero hasi ziren bertan egiten munduko txapelketa, baina Tom Carroll, Tom Curren eta Martin Potter surflari profesionalek uko egin zioten 1985ean J-Bayko txapelketan parte hartzeari, apartheid sistemarekin ados ez zeudela erakusteko. Ostean surflari gehiago ere batu zitzaizkien, boikot arrakastatsua egin zutelarik.

Irekiera ekitaldiko zeremoniako dantzaria. (WSL)

Shaun Tomson, aldiz, ez zegoen ados ekimenarekin eta kirolariengan oso ohikoa den esaldia esan zuen: «Kirola ez da politikarekin nahastu behar». Martin Potterrek jaso zituen kritika gogorrenak; izan ere, Erresuma Batuan jaio eta gutxira Hegoafrikara bizitzera joan ostean, Durbanen hazi zen «Pottz». Presio izugarria jasan zuen, eta azkenean, Australiara bizitzera joatea erabaki zuen urte horretan bertan. Hala ere, Martin Potterren famak lau urte geroago jo zuen gailurra: 1989an munduko txapeldun titulua lortu zuenean.

Esan bezala, txanda gogoangarriak eta garaipen esanguratsuak izan dira J-Bayn, baina oraindik zer esana ematen jarraitzen du. Esate baterako, gaur egun mutilen rankingean buru den Jordy Smith hegoafrikarra aurtengo WSL titulua irabazteko lehiakide faboritoetako bat da, lehen mailako lehiakide beteranoena delako eta azken 20 urteetan beti puntan egon arren titulu mundiala irabaztea inoiz lortu ez duelako. J-Bayn irabaziko balu, titulu mundiala irabazten lagun diezaiokeen garaipen gogoangarri bat izango litzateke.