Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Peio Etxeberria eta Zabaleta, San Fermineko patroiak finalean erakustaldia emanda (11-22)

4-4ko berdinketaren ostean, 0-9ko partzial batekin hasi dute urdinek erakustaldia. Peio Etxeberriak iniziatiba hartu du aurreko koadroetan eta Jose Javier Zabaletak kolpe handiak eman ditu huts gehiegi pilatu dituen Mariezkurrenaren aurrean.

Peio Etxeberria eta Zabaleta, podiumeko goiko partean txapelketa irabazi berritan.
Peio Etxeberria eta Zabaleta, podiumeko goiko partean txapelketa irabazi berritan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Entzun, arren, San Fermin. Zu zaitugu patroi. Zuzendu gure oinak entzierro honetan otoi». Gaurtik aurrera San Fermin jaiek badituzte beste bi patroi: Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta. Aurrelariak sekulako erakustaldia eskaini du Labriteko finalean, eta atzelariak bikain jarraitu dio ekinean Peña II-a.Mariezkurrena II.aren gainetik pasatzeko (11-22).

Ez du txapelketa erraza izan Aspeko bikoteak. Ziur aski beste finalistak baino gehiago surfritu behar izan dute txapela irabazteko, baina astelehen honetako partida erabakiorrean gainetik pasa dira. Jon Ander Peñak helburu garbia zuen: Lau eta Erdiko txapelari binakakoa gehitzea San Ferminetako errege izateko. Baina aurrelari tolosarrak gutxi egin ahal izan du inoiz baino motibatuagoa zegoen Peio Etxeberria urakanaren aurrean.

Zenotzekoak ez du hitz txarrik esan, baina enpresak CaixaBank Masterseko B Seriean ipintzea baliteke arantza bat sortu izana bere barnean. Gaurkoan, aurrelari nafarrak aho asko isildu ditu, isildu behar baziren beti ere.

Bere joko bolada bikainari Zabaletaren kolpe itzela gehitzen badiogu, bikote hau geldiezina da. Atzelariak, beste behin, oso ondo erantzun du mota honetako partida batean eta biek oso bikote sendoa osatu dute. Arraroa dirudi finaleko lehen tantoa ikusita. Urdinak ez dira elkarren artean ulertu eta gorriek lehen tantoa eskuratu dute.

Lehenengo kintze horietan, lehia oso berdinduta egon da. 4-4koa izan da azken berdinketa. Momentu horretan, Aspekoek 0-9ko partziala sinatu eta 4-13ra arte ihes egin dute.

Tanto ederrak

Peio Etxeberriak geldiezina izaten jarraitu du eta Zabaletak, gainera, errebotera bidali du pilota 5-15ekoan. Era guztietako tantoak egiten aritu da Zenotzekoa, eta gorriak desesperatzen hasiak. Jon Mariezkurrenaren aurpegia ikustea besterik ez zen egin behar. Etxetik oso gertu ari zen atzelariak ez du bere eguna izan eta lau huts pilatu ditu.

Hori bai, finaleko tantoa eskaini die pilotazaleei 6-16koa egiteko. Atzelariak zabalera indartsu bidali du pilota, Peio Etxeberriak pasatzen utzi du eta Zabaleta justu samar iritsi da. Aspeko aurrelariak ondoren airez eraman behar izan du, baina Mariezkurrenak zabalean amaitu du tantoa.

Atzeko aurkariak beste tanto eder bat sinatu du, dejadaz, 8-20koa egiteko. Peña II.ak emaitza txukundu nahi izan du hiru tanto jarraiekin, baina txapelduna nor izango zen argi zegoen eta Peio Etxeberriak ezker gantxo batekin amaitu du partida. Gutxiago falta da 2026ko San Ferminetarako.

PARTIDAKO FITXA:

Peña II.a-Mariezkurrena II.a: 11

Peio Etxeberria-Zabaleta: 22

Markagailua: 2.-0, 2-4, 4-4, 4-13, 5-13, 5-16, 8-16, 8-20, 11-20 eta 11-22. Sakez egindako tantoak: 2 Peña II.ak eta 1 Peio Etxeberriak. Jokoan egindako tantoak: 3 Peña II.ak, 3 Mariezkurrena II.ak, 9 Peio Etxeberriak eta 7 Zabaletak. Galdutakoak: 1 Peña II.ak, 4 Mariezkurrena II.ak, 2 Peio Etxeberriak eta 1 Zabaletak. Gertakariak: Giro eta sarrera bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan San Fermin Binakako Txapelketako finala ikusteko. Lehen sakea urdinentzat.

Jaka eta Ugartemendia, San Fermineko B Serieko txapeldunak

Uztailaren 14ko egunak beste final bat jaso du San Fermin txapelketaren barnean. Izan ere, B Serieko txapelketak ere txapelak banatu ditu gaurkoan eta bertan Jaka-Ugartemendia bikotea izan da garailea, Agirre-Eskirozi 22-14 irabazita.

Jaialdiko lehen partida jokatu dute lau pilotari hauek eta final handirako berotzeko bikain baliatu dute pilotazaleek. Lau egunetan hiru partida jokatutakoa zen Jakak  protagonismo handia izan du (13 tanto egin zituen), eta atzean Ugartemendiak oso ondo eutsi dio.