
Orain lau urte pasa, 2021eko otsailean aurkeztu zuten Netflix Euskaraz ekimena, unean eskari bidezko bideo-eskaintzan liderra zen Netflix plataformari edukiak euskaraz ere eman zitzala eskatzeko. Egitasmoa bultzatzeko 13.800 herritarren sinadurak ere bildu zituzten eta euskal erakundeei bidelagun izateko deia ere egin zieten, baita eskumena zuten esparruetan euskararen presentzia legez bermatzeko ere.
Ohar baten bidez, plataformak bere ibilbideari amaiera ematen diola iragarri eta denbora tarte honetan babesa adierazi dieten norbanako eta eragileei eskerrak eman dizkie, «bildutako indarrari esker lortu baita Netflix eta Prime Video bezalako erraldoiak edukiak euskaraz bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzen hastea».
Netflix Euskarazeko kideen ustez, urteotan «herri aktibazioan eta kontzientziazioan asko egin dugu aurrera; ez, ordea, euskal erakundeen politika publikoetan». Salatu dutenez, lau urte hauetan Lakuako Gobernuak «ez du gaiari heltzeko inolako borondaterik adierazi. Ez du pausorik txikiena egin Netflix, Prime Video edo Disney Plus bezalako streaming plataforma nagusietan euskarazko eskaintza duina bermatzeko», gaitzetsi dute.
Ekimeneko kideen iritziz, «larritasun-maila izugarriko afera da», batetik, egungo kontsumo ohiturei eta erronkei ez erantzuteak euskarari «izugarrizko kaltea» egiten diola uste baitute eta, bestetik, Lakua «ez delako legea betetzen ari». Gogora ekarri dute Estatu espainiarreko Ikus-entzunezko Komunikazioaren lege orokorrak dioela ikus-entzunezko lan bat diru publikoz berezko hizkuntzan bikoiztuta badago, tokian tokiko erakunde publiko autonomikoa dela bikoiztutako bertsio hori streaming plataformetara bidaltzearen eta gaiari jarraipena egitearen arduraduna. Netflix Euskarazen iritziz «euskararen normalizazioaren aurkako praktika publikoen zerrendan bat gehiago da» Lakuak legea ez betetzea.
Eremu publiko eta pribatuan eragitearen beharrari buruz ere mintzatu dira plataformako kideak. «Ez gaitzatela engaina», ohartarazi dute, euskara normalizatuko bada «esparru publikoan zein pribatuan eragiten asmatu dugulako» izango baita. Zentzu horretan, zienema-aretoak ere pribatuak direla eta horietan ere euskarazko eskaintza «oparoa» izan dadin lan egin behar dela ziurtatu dute.
«Esan dezakegu streaming plataformak direla gaur egungo pantaila izarrak. Datuek diote herritarren gehiengoa streaming plataformaren batean harpidetuta dagoela. Nola ez dugu, ba, euskarak esparru horretan egon behar duela aldarrikatuko? Nola ez dugu plataforma nagusietan euskarazko lanen eskaintza duin bat aldarrikatuko? Plataformen erabiltzaile diren euskaldunen hizkuntza eskubideak jokoan egoteaz gain, estrategikoa da hizkuntzarentzat», ekarri dute gogora.
Primeran eta Makusi
EITBren azken hilabeteetako aldaketei ere egin diete erreferentzia. Streamingaren alde egindako hautua balioan jarri dute. «Egin beharrekoa zen. Ongi etorria Primeran eta Makusi plataformei». Baina orain EITBk «euskararen biziberritzean abangoardia» izan behar duela uste dute. «Berari eta ez beste inori baitagokio jendarteari, eta, bereziki, gizarteko geruza zaurgarrienei, telebista konbentzionalean zein eskari bidezkoan, euskararako sarbide unibertsal eta doakoa bermatzea. Arretaz jarraitu beharko dugu Primeran eta Makusi plataformek etorkizunean hartzen duten norabidea», ziurtatu dute.
EITBren plataformei ongietorri eginda ere, euskarak normalizaziorako eta hedapenerako «urrezko aukera galdu» duela uste dute, Jaurlaritzak «streaming plataforma nagusietan eragin nahi izan ez duelako». «Horrekin hautsi beharra dagoela aldarrikatzen dugu. Euskarak, ikus-entzunezkoetan, EITBren monopolio izateari uzten dion egunean jauzi erraldoi bat emango dugulako euskararen normalizaziorantz aurrera».
Eta ohar bat ere helarazi nahi izan diete EITBko arduradunei: «EITBko buruei argi eta garbi esan behar diegu: euskararen alde egin nahi baduzue, baduzue lana etxean. Eman urratsak euskara hizkuntza nagusi izango duen irrati-telebista publikoaren alde, eman urratsak etorkizuneko euskara hutsezko irrati-telebista publikoaren bidean». Hala, diglosi estrukturalarekin hautsi eta eztabaida aurrekontuetara eramateko deia egin dute: «Sakoneko eztabaida da Eusko Jaurlaritzako kultura eta ikus-entzunezkoetako diru-partidak nora bideratu behar ditugun, gaztelerara ala euskarara, gaztelerazko lanetara ala euskarazkoetara», euren aburuz, «gaur egun, sos publikoa lehentasunez gaztelerazko kulturara, ikus-entzunezkoetara eta hedabideetara bideratzen da. Gaztelerazko kateak sustatu eta prestigiatu dira eta euskal hiztunak EITBren gaztelerazko programetara bideratu dira».

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Osakidetza administró otros dos tipos de vacunas caducadas; la Fiscalía abre diligencias
