NAIZ

Izaskun Ellakuriaga hil da, euskaltzale eta kultura sustatzaile porrokatua

Izaskun Ellakuriagarena euskararekiko eta kulturarekiko atxikimenduari loturik geratuko den izena da. Gaztetatik euskarari eta euskal kulturari lotua, alor horietan garatu du bere ibilbide profesional zein pertsonala. Minbizi bortitz batek eraman du artean 53 urte zituela.

Izaskun Ellakuriaga zendu da, 53 urte zituela.
Izaskun Ellakuriaga zendu da, 53 urte zituela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Asteazken gauerdiz iritsi zitzaigun berria: Izaskun Ellakuriaga minbizi bortitz baten ostean hil da, albistea jaso eta hilabetera. Artean 53 urte zituen. Gaztetatik euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa erakutsi zuen kazetari hau Gerediaga Elkartearen ibilbideari estuki lotua egon da, eta erakunde horretako zein Durangoko Azokako prentsa arduradun lanetan eman zituen azken urteak.

Aurretik, baina, ibilbide oparoa egina zuen hainbat alorretan. ‘Euskaldunon Egunkarian’ abiatu zuen bere kazetari ibilbidea eta egun Bizkaia Irratiko esatari ere bazen, hainbat hedabideren kolaboratzaile izateaz batera. ‘Anboto’ aldizkariko erredaktore eta zuzendari ere izan zen 1994 eta 2003 urteen artean. 1998an Donostiako belodromoan egin zen GARA egunkariaren aurkezpenean ere parte hartu zuen.

Albistea jakin eta berehala samina zabaldu da sare sozialetan. Euskalgintzaren Kontseilua, Bizkaia Irratia, MugaKultura, Bilbo Hiria Irratia, ‘Anboto’... dozenaka izan dira Ellakuriagaren galerak eragin dituen erakunde zein norbanakoak:

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel izan da bere samina adierazi dutenetako beste bat:

Ellakuriaga Lekukom komunikazio agentziaren sortzaileetariko bat ere izan zen, eta bertan ekitaldiak antolatu, sare sozialetako proiektuak garatu eta komunikazioaren kudeaketa izan ziren gehien landu zituen esparruak. Proiektu guzti horien ildotik, Ellakuriagaren izena sobera ezaguna zen Durangaldean, batez ere euskararekiko zuen konpromiso irmoagatik eta eskualdean garatu ziren hainbat proiektutan aktiboki parte hartu zuelako.

Bertsolaritzaren mundua ere maite zuen eta harekiko lotura handia ere erakutsi zuen, ‘Bertsolari’ aldizkarian parte hartuz, esaterako, baina baita txapelketen antolakuntzan ere, 2009. urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Euskararen eta ikastolen mugimenduan ere aritu zen, 2005ean Ibilaldiaren antolakuntzan adibidez.

2012an, Zeelanda Berrian eta Australira bidaiatu eta bertan hemezortzi hilabeteko egonaldia ere egin zuen, ingelesa sakondu eta bertako bizitza kulturalaz bustitzeko asmoz, eta han ere erakutsi zuen gizartea astintzeko eta inplikatzeko zuen joera: Aucklanden hainbat ekitalditan hartu zuen parte, interpretazio lanak eta bestelakoak burutuz.

Bere bizitzako azken urteak euskalgintzari eta kulturgintzari lotuak eman zituen, Gerediaga Elkartearen komunikazio lantaldearen barruan.

Zentzu horretan, 2023an Durangoko Azokan NAIZi eskainitako adierazpenetan, Durangoko Azokaren gaineko gogoetak utzi zizkigun: «Azokak nahiz zentralizatea izan, euskal kulturgintzan urtean zehar gertatzen denaren erakusleiho nagusi modura, ideala litzateke herri ezberdinetan Azokaren itzalean edo Azokaren arrastoari jarraiki beste azokak –ez derrigorrez klonak– egingo balira. Izugarri poztuko ginateke. Hemen sortzen den sinergia, indarra eta bizigogoa baliatuz nik uste euskarazko sorkuntza ardatz hartuta ekimen asko egin daitezkeela. Sortzen den guztia ez dadila izan bost egunez bakarrik ikusi eta gozatzekoa. Herritarrek erantzuten badute horrek aberastu egingo du hurrengo urteko Azoka eta ekosistema guztia. Durangoko Azokaren unibertsoan denetariko eragileak daude. Sortzaileek hartzaileak behar dituzte ekosistemak bizirauten jarraitzeko. Hori bai izango litzatekeela fantasia. Eta espero dezagun fantasia hutsean ez geratzea», adierazi zuen.