
Astigarragan asteazkenean (uztailak 23) botako dute jai hasierako txupinazoa. Astigar elkartea izango da arratsaldeko 19.00etan udaletxeko balkoitik pregoia irakurri eta jai hasierako suziria botako duena. Ordubete beranduago, gazte asanbladaren txosna irekiera egingo da eta une horretatik aurrera jai giroa lehertuko da bost egunez, uztailaren 27ra arte (igandea).
Aurtengo egitarauan indartu egin dira haur eta nerabeei zuzendutako jarduerak (txokolatada; kale ikuskizunak; uretako parketa; apar festa; zezensuzkoa; barrakak...) eta beste alde batetik, aurten ere bazkari herrikoi ugari egingo dira jaietan, publiko ezberdinei zuzenduta: haur bazkaria, nerabeen bazkaria, gazteen bazkaria, marmitako lehiaketa eta bazkaria, elkartasun bazkaria eta jubilatuen bazkaria. Horrekin batera jarduera herrikoiak ere izango dira, esaterako, herri danborrada eta larrain dantza herrikoia; eta baita hainbat lehiaketa eta txapelketa ere, toka eta boloen txapelketa, mahai jokoen lehiaketa, patata tortilla lehiaketa eta xake lehiaketa.
Azkenik, eta musikari dagokionez, aurten eskaintza zabala prestatu du jai batzordeak, honako taldeekin: Akerbeltz, Xskara, Marte Lasarte, Kresala, Duo Azabache, Norberto Almandoz musika eskolako taldeak CD Montre- Neo eta K.A, DJ S. Ghizzi, Elegancia Mexicana, Itzal, Janus Lester... Herrian zehar ere beste hainbat musika talde ibiliko da: Kolpez blai, Psicoklown, Sugarri Show, Zuttik elektrotxaranga, Pasai txaranga, Kita del Pare txaranga, trikitilariak...
Astigarragako informazio honen babesleak: Astigarragako Udala, Zamalbide Clínica Veterinaria, Lizeaga sagardotegia.

Villabonan egun bat beranduago hasiko dituzte jaiak, Santio bezperan (uztailaren 24an), baina herri honetan, ohikoa den moduan, saninaziora arte luzatuko dituzte, hau da, uztailaren 31 bitartean. Txupinazoa ostegunean botako dute, beraz, arratsaldeko 18.00etan, eta aurten 50 urte betetzen dituzten Oinkari Dantza Taldeak eta Salbadora Jubilatuen Elkarteak botako dute elkarrekin.
Ostiralean (uztailak 25), ohikoa den moduan, erromeria eguna ospatuko dute Oinkari dantza taldearen eskutik, eta egunean zehar antolatutako ekitaldien artean, aipatzekoak dira sagardo eta hegaluze-pintxo dastaketa, erromeria eta bertso-saioa. Larunbatean (Santana eguna) konpartsa herrikoia abiatuko da herriko kaleetan eta igandean (uztailak 27) Santiotan Kantari kantujira abiatuko da goiz eta arratsaldez.
Egitarauak uztailaren 31ra arte jarraituko du: astelehenean (hilak 28) gazteen eguna izango da, asteartean (hilak 29) jubilatuen eguna, asteazkenean (hilak 30) kuadrillen eguna eta ostegunean (hilak 31) saninazio eguna, non erreboteko 96. norgehiagoka jokatuko den goizean Villabona eta Hazparne herrietako taldeen artean, eta arratsaldean Remiri omenaldia egingo zaion.
Villabonako Udalak eskerrak eman nahi dizkie antolaketa lanetan aritu diren herritar norbanako, elkarte, eragile eta talde guztiei, eta era berean jai hauetan herrian elkartzen diren pertsona guztien arteko errespetua, gizalegea eta elkarbizitza sanoa aldarrikatu nahi ditu.
Villabonako albiste honen babesleak: Villabonako Udala, Industrias Borobil.

Soraluzeko Santiago eta Santa Ana jaiak ere ostegunean (uztailaren 24an) hasiko dira arratsaldeko 19.00etan botako duten kanoikadarekin eta aurten 35 urte bete dituen Musika Eskolako kideek irakurriko duten pregoiarekin. Hala ere, jai ekitaldiak ostegun goizetik hasiko dira, txosna zabaltze eta karropoteoarekin edota Plaentxia Kantuan taldearen kantujirarekin. Eguna amaitzeko, Janus Lester taldearen kontzertua izango da plaza zaharrean, Goma Dos taldearena gaztetxean eta herriko musikariek sortutako Sagar-Erreka Mix ikuskizuna zubi nagusian.
Egitaraua igandera arte luzatuko da (uztailak 27) eta egun horietan guztietan adin guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu dira, hala nola Larrain dantza herrikoia Euskal Jai Batzordeak antolatuta, Bizijolas jolasgune erraldoia, azeituna hezur jaurtiketa txapelketa, zezen suzkoa eta erraldoi, kiliki eta buruarinen kalejirak eta Soraluzeko emakumeen* batukada feminista.
Horietaz gain, kultur aniztasunak ere izango du lekua jaietan Soraluzeko arrozak ekimenari esker, baita herritar ugari biltzen dituen bakailao lehiaketa eta mus-tute txapelketa ere.
Musikari dagokionez, punta-puntako musika taldeek beteko dituzte Soraluzeko kaleak doinuz; besteak beste, Janus Lester, Idoia Asurmendi, Fan&Go, Belako eta Los Tenampas mariatxiak.
Soraluzeko informazio honen babesleak: Soraluzeko udala, Goki erreformak.
Mendaron, azkenik, Santa Ana jaiak ospatu ohi dituzte eta aurtengo egitaraua bi asteburutan banatzea adostu du jai batzordeak (uztailak 19-20 eta 24-27). Horrela, pasa den larunbatean kuadrillen eguna ospatu zen, eta igandean nagusien eguna.
Txupinazoa ostegunean (uztailak 24) arratsaldeko 18.00etan botako dute, baina gazteak goizetik hasiko dira euren egunaz gozatzen. Uztailaren 25ean Santixo eguna ospatuko dute, aurten hirugarren konpainia (baserritarrena) izango duen danborradarekin. Uztailaren 26an Santana eguna izango da eta, eguraldiak laguntzen badu, aspaldiko partez Santana ermitan elkartuko dira herritarrak. Aurtengo jaiak bukatzeko, igandean (uztailak 27) umeei eskainitako eguna izango da.
Mendaroko informazio honen babeslea: Mendaroko udala.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
