
Joseba Fernandezen burutik atera den estropada eremuak Eusko Label Ligako IV CMO-Valves Banderari sekulako gatza eta piperra eman dizkio. Erdia ibaian, erdia itsaso zabalean, haizea gorantz dela, korrontea ere petral eta traineruek enfilazioa bidean aldatu beharra... Ikusgarria izan da larunbat honetako estropada eta are gatz eta piper gehiago eman dio Eusko Label Ligari, azken txanpa gogoangarri bati esker Zierbenak denboraldiko aurreneko bandera eskuratu baitu, Orio liderra nabarmen gaindituz, eta bigarren txandatik aritu diren Hondarribia eta Getaria atzetik orpoz orpo izan dituztela.
Sailkapen nagusian Oriok jarraitzen du lider, baina «galipoak» hiru puntura hurbildu dira bigarren postuan. Hirugarren posturako, berriz, sekulako lehia dago Donostiarra, Urdaibai eta aurten eskifaia gaztetzeko lanetan sailkapeneko kontuak bigarren mailan laga dituen Hondarribiaren artean. Beti ez dira arraunketa baldintzak hain bereziak izango eta, jakina, erlojuaren aurka lehiatu beharrean elkarren ondoan aritzea tokatzen den horietan, kaleen arteko aldeak ere zeresanik izango du. Nolanahi, Joseba Fernandezen burutik atera den asmakizunak sekulako ikuskizuna laga dio arraun zaleari, hala estropadagatik nola emaitzagatik.
«Bagenekien ez geundela hain urruti», adierazi du Zierbenako patroi Aitor Lazkanok. «Orio lan bikaina egiten ari da, baina ikusten genuen goitik beherako estropada bat behar genuela gure maila benetan erakutsi eta bandera bat eskuratzeko», gaineratu du «galipoen» patroiak. Izan ere, orain arte hiru estropadatan nagusi izan da Orio eta irabazi ez zuen bakarrean Donostiarrak sartu zuen branka. Ondorioz, Bizkaiko traineru zaleentzat azkenean herrialdeko garaile bat aurkitzeko ordua iritsi da.
Itsasoaren eta haizearen gorakadaren ondorioz, Hondarribiak denbora luzean ezarri du denborarik onena. Alabaina, azken luzean olatuak eta haizea alde izan dute ohorezko txandako traineruek eta nabarmen geratu da, atzetik aurrera zer-nola egin duten ikustean. Kasu horretan, erreferentziak urri xamarrak izan badira ere, Oriok eta Zierbenak ia buruz buruko lehia egin dute; hots, azkenengo ziabogan denbora berbera markatu dutela hala «galipoek» nola «mirotzek».
Halakoetan Gorka Aranberri eta bere taldearen eskua nabarmendu ohi da, baina zapatu hobetan Aitor Lazkanorenek erakutsi dute sendotasunik handiena. «Azken luze horretan minutu bat behar izan dugu taldea bateratu eta garaipenaren bila joateko. Baina behin lortu dugunean, ezin hobeto atera da. Egia da honetarako entrenatzen dugula, baina zapore gozo berezia ematen du, lehiaketari berari bizitasuna eskaintzen diolako», gaineratu du Zierbenaren lemazainak.
Donostiarra eta Urdaibaik, berriz, nahi baino belarrondoko handiagoa jasan dute. Donostiarrek Hondarribia eta Gertaria aurretik izan dituzte, eta gaitzerdi San Juani eustea lortu dutelako. Bermeoko arraunlariek, ordea, zazpigarren denbora ezarri dute, Pasai Donibaneren atzetik eta Ondarroa aurrea hartzeko puntuan.
Beste behin, Cabo da Cruz eta Kaiku nabarmendu dira azken bi postuetan eta Lekittarrak eta Ondarroak Aresi aurrea hartu diotelako, are eta urrunago ari zaie jartzen hamargarren posturako bidea.
Igande eguerdian Orioko XXXV. Estropada - Orio Kanpina XIII. Bandera jokatuko da. Hor beste kontu batzuek azaleratuko dira, ziurrenik, baina larunbat honetako aho zapore gozoak hor iraungo du zaleentzat.
EUSKO LABEL LIGA
IV CMO-VALVES BANDERA
1. Zierbena 19:52.48
2. Orio 19.58.76
3. Hondarribia 20:04.38
4. Getaria 20:07.06
5. Donostiarra 20.07.94
6. San Juan 20:09.56
7. Urdaibai 20:11.80
8. Ondarroa 20:15.50
9. Lekittarra 20:17.18
10. Ares 20:19.12
11. Kaiku 20:32.58
12. Cabo 20:51.80
NAGUSIA
1. Orio 57 puntu
2. Zierbena 54 p.
3. Donostiarra 45 p.
4. Urdaibai 45 p.
5. Hondarribia 43 p.
6. Getaria 35 p.
7. Ares 24 p.
8. San Juan 23 p.
9. Ondarroa 22 p.
10. Lekittarra 21 p.
11. Kaiku 11 p.
12. Cabo 10 p.
‘Lugañene’, nagusi
Arraun Lagunak Euskotren Ligako lidergoan are gehiago sendotu da Pasai Donibaneko erlojupekoan nagusitu ostean. Bost estropadatik lau eraman ditu ‘Lugañene’ ontziak orain arte, eta azken unera arte estututa izan bada ere, azken izerdi tantaraino zukutzeak sari eder askoa eman die donostiarrei.

Bostetik lau irabazi baditu Arraun Lagunaken ontziak, zer esan Orioren bostetik bostekoari buruz? Kontua da ‘San Nikolas’ beti bigarren sailkatu dela; lautan Arraun Lagunaken ondotik eta beste behin Tolosaldearen atzetik. Amorragarria behar du oriotarrentzat hain lan fina egin ostean –pronostikoetan sartzen ez zen lan fina, gainera– eta banderarik astintzeke geratu behar hori. Larunbat honetan ere bi segundo baino gutxiago izan dira irabazlearen eta bigarrenaren artean, oriotarrek bigarren luzean estropada asko estutu dutelako.
Erlojuaren aurkako estropadetan erreferentziek garrantzia eskerga izaten dute. Ez da harritzekoa Hibaikak irabazi izana aurreneko txanda –igandean ohorezko txandan izango da, sailkapen nagusian Zumaia harrapatu eta gero–; ezta Arraun Lagunaken garaipena ere, azken atera baitira biak ala biak beren txandetan. Hasiera baten haizea kontra egokitu zaie brankaz egiteko luzean eta poparean erabaki da azkenik emaitza. Zentzu horretan, erreferentziei esker atzetik aurrera egiteko aukera baliatu dute, Arraun Lagunakek bereziki, Orio bi segundotik behera geratu baita helmugan. Ez da txikia izan ‘Lugañene’ ontziko arraunlarien garrasia, garaile atera direla esan dietenean epaileek.
EUSKOTREN LIGA
II. GERTU ERAIKUNTZAK BANDERA
1. Arraun Lagunak 10:38.70
2. Orio 10:40.58
3. Tolosaldea 10:49.00
4. Hibaika 10:54.78
5. Zumaia 10:56.18
6. Hondarribia 10:59.54
7. Astillero 11:02.06
8. Donostiarra 11:07.22
NAGUSIA
1. Arraun Lagunak 38 puntu
2. Orio 35 p.
3. Tolosaldea 30 p.
4. Hibaika 20 p.
5. Zumaia 20 p.
6. Astillero 15 p.
7. Donostiarra 12 p.
8. Hondarribia 10 p.
Gainontzeko estropadak
Larunbat eguerdian, bestalde, KAE 1, KAE 2 eta ETE Ligako estropadak jokatu dira. Sorpresa San Pedrok eman du KAE 1 Ligako estropadan Zarautzen, hanka sartu eta seigarren amaitu duen Santurtzi liderraren aurretik. Castro, Zarautz, Hondarribia B eta Arkote izan dira aurreneko bost sailkatuak. Hala ere, Santurtziko Itsasoko Amak lider jarraitzen du, Zarautzek bainio zortzi puntu gehiagorekin eta Arkotek baino bederatzi gehiarekin, hurrenez hurren.
KAE 2 Ligari dagokionez, Hibaikak Orio B taldeari aurrea hartu dio azken honen etxean eta «mirotzengandik’ hiru puntura hurbildu da sailkapen nagusian. Portugalete, aurreneko bi sailkatuengandik oso urruti, dago hirugarren postuan.
Azkenik, ETE Ligako estropadas izan da Hernanin eta San Juanekiko 12 segundoko aldearekin irabazi du banderaren lehia Zarautzek. Talde hauek biak dira ETE Ligako onenak, zarauztarrek Pasai Donibaneri lau puntuko aldea ateratzen diolarik.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

