«Maria Josefa Sansberrok muga asko gainditu zituen, fisikoak eta moralak»
«Europako deportazioa nazien esparruetara» EHUren udako ikastaroan kasu zehatzak aipatu dituzte, tartean Maria Josefa Sansberrorena. Hari buruzko hitzaldia egin du Joxe Mari Mitxelenak, Izarraitz Villalucerekin. Maddi oso ausarta zela nabarmendu du. Erresistentzia antolatu zuen San Ignazio lepoan.

Maria Josefa Sansberro, Maddi, Ipar Euskal Herriko lehenengo dibortziatua izan zela uste dute. Ama ere izan zen, haurrik izan gabe. «Bere ideiak oso garbi zituen, zer egin nahi zuen eta zer egin zuen. Muga asko gainditu zituen, fisikoak eta moralak», adierazi du Joxe Mari Mitxelenak. Izarraitz Villalucerekin batera sakon ikertu du haren bizitza, eta NAIZ Irratiari kontatu dio.
Maria Josefa Sansberro, 1895eko irailaren 22an jaio zen Oiartzunen, eta lau urterekin Senperera bizitzera joan zen. Bost anai-arreba izan ziren. Zibilki lau Susperregi ziren, eta bera bakarrik zen Sansberro. Elizan hiru Susperregi ziren eta bi Sansberro. Maddi Senperen eskolara joan zenean Susperregi zen, baina Azkainen ezkondu zenean bataio agiria eskatu zion apaizak, eta orduan, 23 urterekin, konturatu zen Sansberro zela. Ezkondu eta Maria Josefa Perul bilakatu zen, senarraren abizena hori baitzen.
36 urterekin banandu zenean, berriz Maria Josefa Sansberro izan zen. Eta bigarren aldiz ezkondu zenean, 1938an, 42 urterekin, Louis Nicolas izan zen haren senarra, eta laugarren aldiz aldatu zuen bere identitatea: Maria Josefa Nicolas bihurtu zen.
«Lau emakume deportatu daude izen berarekin: Maria Josefa Nicolas. Orduan, gure Maddi benetan zein zen jakitea kostatu egin zaigu», aitortu du Mitxelenak.
Bere bi eskuekin aski
Lehen aldiz ezkondu zenean, Maddik ostatu batean lan egiten zuen. Lehen Mundu Gerra zen eta senarra zurgina zen, baina soldadu zebilen. «Banatzerakoan, Maddik esan zuen ez zuela pentsiorik nahi, bere bi eskuekin aski zuela bizitza aurrera ateratzeko».
Banatu eta gero, San Ignazio lepoko ostatua bizileku gisa hartu zuen. 1924an bertatik Larhunera igotzen den trena eraiki zuten. Maria Josefaren bigarren senarra, Louis Nicolas, bizar-moztailea zen Saran eta izugarrizko informazioa zuen. Hotela egitea erabaki zuten, eta bizar-moztaileak hartu zuen hura.«Louisek argi zuen hotela kudeatu nahi zuela, baina ez zeukan ideiarik ere nola egin. Eta pertsonarik egokiena Maddi zela ikusi zuen».
Hotelaz eta jatetxeaz arduratu zen Maddi. «Udan oso ondo, baina neguan ez zen inor ibiltzen. Zer bururatu zitzaion Maddiri? Igandetan soinu jotzaile bat eramaten zuen eta dantza egiten zuten. Bilera deitzen zion. Inguruko jende asko joaten zen igandetan San Ignazioko lepora dantza egitera, elkarri helduta dantzatzen uzten zutelako. Zenbat bikote egin ziren Maddiri esker!».
Haur bat semetzat hartu
Maddik seme bezala hartu zuen haur bat. «Bi dokumentu daude, bat elizan eta bestea udaletxean. Bietan gauza bera azaltzen da: Louis Nicolasen, hotelaren nagusiaren, adierazpen bat da, esanez berak haur bat jaiotzen ikusi zuela bertan. Besterik ez. Izena jarri zioten: Cyrin Lucien, abizenik gabe».
Haurra 1930eko urtarrilean jaio zen, eta handik sei hilabetera Louis Nicolasek esan zuen semetzat hartu zuela umea. Handik zortzi urtera Maria Josefa Nicolasek gauza bera esan zuen. 12 egunera Louis Nicolasekin ezkondu zen.
Erresistentziako kidea
Bigarren Mundu Gerra heldu zenean, naziek San Ignazio lepoa ere hartu zuten. «Horrek goitik behera aldatu zuen hango bizimodua. Mugatik oso gertu izanik, estrategikoki sekulako lekua zen. Beraz, artilleriakoak hor jarri ziren. Larhungo puntan, berriz, abiaziokoak kokatu ziren. Maddi nagusia izatetik nazi horien neskamea izatera igaro zen».
«Astean bi aldiz gutxienez informazioa pasatzen zuen bai artilleriakoek eta bai abiaziokoek aurreikusiak zituzten maniobrei buruz. Bizikletan joaten zen Baionaraino berri ematera»
Egoera horretan, erresistentziako zortzi sare ezberdinentzat lan egin zuen eta Nivelle-Bidasoa sarea antolatu zuen. «Maddi batzuentzat oso ondo ikusita zegoen, besteentzat ordea oso gaizki ikusita. Hotelean zegoen alemanekin, eta inguruko batzuek ‘izter arina’ deitzen zioten, naziekin konpontzen zela uste zutelako. Ez dakit konponduko zen ala ez, baina astero-astero bi aldiz gutxienez informazioa pasatzen zuen bai artilleriakoek eta bai abiaziokoek aurreikusiak zituzten maniobrei buruz. Bizikletan joaten zen Baionaraino berri ematera».
Maddik kobratu egiten zuen lan horrengatik. «Diru hori ez zen beretzat izaten. Iparraldetik Hegoaldera pasatzeko norbait ekartzen bazioten eta gaixo baldin bazegoen, bera antolatzen zen mediku bat hartu eta sendatzeko; mediku horri berak ordaintzen zion. Muga pasatzeko denak alpargatez joatea nahi izaten zuen eta espartin asko erosi behar zituen. Antolaketa berea zen, eta hori dena egiteko dirua behar zuen. Baina Frantziako erresistentziakoek ez zuten ondo ikusten, kobratzen zuelako. Zer diferentzia zegoen? Maddik pasatzen zituenak ez zituzten atxilotzen. Aldiz, Frantziako erresistentziakoak bi kilometrotara harrapatzen zituzten».
Torturatua eta deportatua
Normandiako lehorreratzea izan zen 1944ko ekainaren 6an. «Nazien akzio-erreakzioa izan zen San Ignazio inguruko 30 bat lagun atxilotzea, ia denak Nivelle-Bidasokoak. Informazioa pasatzea, pertsonak ezkutatzea eta ostatu ematea eta muga pasatzea leporatu zioten Maddiri», azaldu du ikerlariak.
Hendaiako Pardo Villan eta Bordeleko Fort du Han torturatu eta Dachaura deportatu zuten. 1944ko abuztuaren 28an iritsi zen hara, 93.869 zenbakiz tatuatuta. Zenbait kontzentrazio esparrutara bidali zuten. Baldintza hain txarretan lan egiten zuten, infekzio gogor bat harrapatu baitzuen, eta azkenean Sachenhausen hil zen, 1944ko azaroaren 31n, 49 urte zituela.

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

