Siebe Vanheek bakarka igo du Grand Capuniceko 'Voie Petit'
33 urteko eskalatzaile belgikarrak egun eta erdian eskalatu du era askean 450 metro eta 8b maila dituen ibilbide hori. Vanheek onartu du granitoan eta garaieran eskalatzeak asko eskatu diola.
Hormatzarretan jarduten duten eskalatzaileen artean, Siebe Vanhee munduko espezialista zailduenetako bat dugu. Sokadan makina bat igoera alpino egin ditu; zailtasun teknikoengatik eta konpromisoarengatik, horietako batzuek hedabideen lehen lerrora eraman dute. Murru luze horietara, gainera, etika oso zorrotzarekin hurbiltzen da. Irizpideak bikain definituta ditu, eta horregatik alde batetik eta bestetik laudorioak baino ez ditu jasotzen.
Badaki ere, zer den bakarkako lanetan gogor estutzea. Bakardade horretan, tresneria eta soka lagun dituela, igoera ederrak eta zailak sinatu ditu. Gogoan ditugu, adibidez, 'El Pilar del Cantábrico' (8a+, 500 m, Picu Urriellu) edo 'Une jolie fleur dans une peau de vache' (8b, 300, Verdon).
Bada, joan den ekainean, Alpeetara eginiko bidaia labur batean eskalada estilo hori indarrean jarri eta Grand Capucineko (3.838) 'Voie Petit' (8b, 450 m) era askean igo zuen. Egun eta erdi behar izan zituen 1997an Arnaud Petitek zuzendutako talde batek zabaldutako ibilbide zail hori biribildu ahal izateko. Sortu bai, baina frantziarrek ezin zioten puntu gorria jarri. Ohore hori Alex Huber alemanak izan zuen 2005ean. Luze guztiak askatu eta gero, 'Voie Petit'-erentzat 8b zailtasuna proposatu zuen. Ordutik, Alpeetan erronka zorrotzenetakoa bihurtu zen; jakina, duen mailarengatik eta eskalatzen den garaierarengatik.
Hori guztia aipatu eta gero, ondoriozta daiteke 33 urteko eskalatzaile belgikarrak Grand Capucinen erdietsi duena azpimarratzeko modukoa dela. Bakarkako estiloa aipatu dugunez, NAIZek Vanheeri galdetu dio zergatik aukeratu zuen estilo hori 'Voie Petit'-i aurre egiteko: «Perfekzioa eta ardura gustuko ditut, eta, hortaz gain, uneoro mugimenduan egotea. Erorikoa izaten denean, atseden hartu behar da, eta hori niretzat ez da oso egokia (kar-kar). Izaera honetako eskaladetan zuk zeuk ardura osoa hartzen duzu, eta gai horrek harrapatzen nau. Bide batez esan behar dut, pixkaka-pixkaka bada ere, nire mugak gainditzen ari naizela. Balizko erorikoak ez dira batere atseginak, eta babesteko sekzioak ondo neurtu behar dira. Nire muga bakarra plaka batean erortzea da; ez ditut nire oinak eta bizkarra apurtu nahi eroriko estetiko batean. Nire soka sistemarekin oraindik ez dut aukerarik eroriko dinamiko bat izateko».
Eskalatzaile honek adierazi du azken bi urteotan estilo horri nolabaiteko lehentasuna eman diola, batez ere, soken sistema kudeatzeko erronka logistiko eta taktikoa handia delako: «Nire helburua, jakina, ahalik eta askatasun eta segurtasun handiarekin eskalatzea da. Betidanik gustuko izan dut eskalada kideren batekin partekatzea. Elkarrekin arazoak konpondu, energia partekatu… Horrek guztiak batak besteari plus bat gehitzen dio, eta arrakasta sokadarena da. Baina azken urteotan bakarkako eskaladarekin oso harrapatuta nago. Eraman nau neure burua hobeto ezagutzera».
Nahiz eta bakarkakoetan eskarmentua baduen, Vanheek beste urrats bat egin nahi izan du 'Voie Petit'-ekin. Helburu hori iazko udaberrian sortu zitzaion; besteak beste, bide horrek izen handia duelako eta asko eskatzen duen eskalada delako. Bai, zailtasunean iraunkorra izateaz gain, garaierak eragin zuzena du.
Gogo handiz zegoen bere buruari jarritako helburuari ekiteko. Ekainaren 24a izan zen aukeratutako eguna. Xede hori, gainera, egun bakar batean eskalatu nahi zuen. Bazekien zaila izango zela, baina saiatu zen. Badaezpada ere, motxilan lo-zaku arin bat, janaria eta elurra urtzeko su-txiki bat sartu zituen. Eskerrak erabaki hori hartu zuela; izan ere, hasieratik 'Voie Petit'-ek hortzak erakutsi zizkion: «Kareharrizko eskaladekin alderatuta, granitoan eginiko azken hau oso ezberdina izan da. Hasiera-hasieratik ohartu nintzen aurrean nuen erronka zaila izango zela. Luze batzuek sigi-saga egiten dute, neurri eta era askotako sabaiak gainditu behar dira… Eskaladari dagokionez, gai hori ez da arazoa; bai, ordea, rappelatzeko, sokatik igotzeko eta petatea jasotzeko. Luze jakin batean, adibidez, petatea bitan edo hirutan igo behar izan nuen. Txapa batetik bestera, batez ere petatea ez trabatzeko».
Sasoi bikaina
'Voie Petit'-en eraman zuen erritmoari dagokionez, protagonistak onartu du lehen lau luzeak nahiko arin gainditu zituela. Adibidez, bigarren luzea, 7b mailako plaka bat, arazorik gabe gainditu zuen. Baina bosgarrenean, hots, bidearen giltzan, egoera arras aldatu zen. Hasteko eta behin, sabaian erorikoa izan zuen: «Batzuentzat 8b da, baina 8a+ eta 8a ere entzun ditut. 45 minutuko lan izugarria egin eta gero, sabaiaren erdian erori nintzen. Bigarren ekinaldian, berriz, sabaia igo nuen, baina lanak bertan behera utzi behar izan nituen soka 20 metro beherago artesi batean trabatu zelako. Jaitsi eta egoera hori ikusi nuen; ezinezkoa zen jarraitzea. Luze horren oinarrira rappelatu nuen. Bero handia egiten zuen, leher eginda nengoen eta katu-oinen goma ia deseginda zegoen. Gainera, magnesiorik gabe geratzen ari nintzen! Beroarekin eskalatzea ez dut gustuko, eta onartu behar dut 3.500 metroko garaieran bero izugarria egiten zuela. Siesta txiki bat egin nuen. Esnatu nintzenean igo behar nuen luze hori itzalean zegoen. Tresneria antolatu, eskalatzen hasi, sabaia gainditu eta bosgarren luzearekin egin nintzen».
Seigarren eta zazpigarren luzeak ere ez ziren batere samurrak izan, eta buruhausteak eragin zizkioten. Bi ekinaldi egin behar izan zituen. Ordurako, eskalatzaile belgikarrak bazekien egunean igotzeko xedea ezinezkoa izango zela. Erlaitzera arratsaldeko 7etan iritsi zen, eta atseden hartzeko ordua iritsi zitzaion.
Biharamunean, 'Voie Petit'-i metroak kentzen jarraitu zuen; den-denak, era askean: «Bigarren egun horretan hobeto sentitu nintzen. Halere, ez nengoen guztiz ondo; izan ere, bezperako luze batzuetan huts egin nuen. Nire lehen asmoa ahalik eta luze gehienak bistan sinatzea zen, eta helburu hori ez nuen lortu. Horregatik, estrategia aldatu nuen. Hamargarren (7c+) eta hamaikagarren (7b+) luzeak bigarren saialdian sinatu nituen».
Ordurako, zailtasun tekniko handienak atzean utzi zituen. Gailurrera eramaten dituen azken metroak magikoak izan omen ziren: «Ertz arriskutsua da, baina bere maila samurra (6b). Azken sekzioan, aldiz, arrokaren kalitatea bikaina baino bikainagoa izan zen. Ekainaren 25an, goizeko hamaiketan, tontorrean nengoen; oso harro, gainera, bakarkako nire eskarmentu txiki horrekin».
Amaitzeko, Vanheeri balorazioa eskatu diogu 'Voie Petit'-en inguruan. Bakarkako beste eskaladak kareharrian egin ditu; azken hori, ordea, granitoan. Galdetu diogu bizitako sentsazioen inguruan: «Niretzat granitoan bistan eskalatzea zailagoa da. 'El Pilar del Cantábrico'-rekin alderatuta, 'Voie Petit'-en ezin izan dut bistan hainbeste borrokatu. Granitoan oso ondo eskalatu behar duzu. Kareharrian, aldiz, bistan akatsak egin ditzaket, baina arroka horrek aukera ematen dizu akats horiek zuzentzeko. Hortaz gain, Grand Capucineko ibilbide hori garaieran kokatuta dago. Altuera horretan bi egun eta gau bat egin ditut, eta ez dut uste aklimatazio ona egin dudanik».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
