NAIZ

Lege bat proposatu du EH Bilduk plataforma digitaletan pisu turistiko ilegalak saihesteko

Legez kanpoko pisu turistikoak iragartzea eta kontratatzea debekatzeko Lege Proposamena aurkeztu du EH Bilduk Kongresuan. Subiranistek diotenez, Hego Euskal Herrian lizentziarik gabeko ostatuak %30 dira. Proposamenak «zigor gogorrak» aurreikusten ditu, milioi bat eurokoak izan daizteke.

Pisu turistiko bat dagoela adierazten duen ikurra Bilboko atari batean.
Pisu turistiko bat dagoela adierazten duen ikurra Bilboko atari batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EH Bilduk legez kanpoko pisu turistikoak iragartzea eta kontratatzea debekatzeko Lege Proposamena aurkeztu du Kongresuan. Talde subiranistaren esanetan, «kontrolik gabeko fenomeno bat bihurtu dira etxe edo bizitoki turistikoak, eta horrek zuzenean eragiten die herritarren bizi baldintzei, etxebizitza eskuratzeko duten eskubideari, auzoen eta hirien gentritikazioari, bizilagunak kanporatzeari eta turismo masiboa handitzeari».

«Alokairu turistikoaren sektoreak gaur-gaurkoz iskin egiten die erregulazioei, eta bereziki lizentziarik ez duten legez kanpoko ostatuetan oinarritzen da», gaineratu du EH Bilduk ohar batean. Bertan azaldu duenez, lege proposamenak «modu eraginkorrean eta behin betiko» amaitu nahi du egoera horrekin. Horretarako, enpresen eta plataformen gain ere jartzen du legez kanpoko ostatuen ugaritzea saihesteko legezko erantzukizuna.

Izan ere, «orain arte, udalek eta baliabide mugatuak dituzten autonomia erkidegoek arazo asko izan dituzte egoera horri aurre egiteko: baliabide faltagatik kasu batzuetan, eta esku hartzeko borondate falta nabarmenagatik beste batzuetan. Permisibitate hori aprobetxatzen duten alokatzaileek ere ahalbidetu dute pisu turistikoen legez kanpoko merkatua kontrolik gabe ugaritzea».

Iragarkiak ez argitaratzeko betebeharra

Lege honen bidez, autonomia erkidegoek eta udalek pisu turistikoei eta horien errentatzaileei buruzko araudiak eta baldintzak ezartzen jarraituko dute, baina, orain, plataforma digitalen ardura izango da, legez, iragarritako ostatuek baliodun erregistroa edo lizentzia izatea, dagokion autonomia erkidegoko edo udaleko araudiaren arabera. Horrela, legez kanpoko iragarkiak kentzea ez da plataformen borondatearen menpe egongo: iragarkiak hasieratik ez argitaratzeko betebeharra izango dute.

«Orain arte, iragarpen irregularrak bermerik gabeko prozesu judizial konplexu eta luzeen ostean bakarrik kentzen ziren, edo enpresa horiei borondatezko eskaerak eginez, iragarkiak kentzea haien esku utziz», gehitu du EH Bilduk.

Dioenez, proposatu duen legearekin, aldiz, «jada ez da beharrezkoa izango iragarkiak kentzeko eskaera egitea, zuzenean ezingo direlako iragarri legezko baldintzak betetzen ez badituzte». Ezkerreko talde subiranistaren arabera, hori da «modu azkarrena eta eraginkorrena legez kanpoko bizitokiekin amaitzeko eta merkatuan berriro jarriko ez direla ziurtatzeko».

Zigorrak, milioi bat eurokoak izan daitzeke

Lege araudi berri hori Estatu espainoleko eta Europako ordenamendu juridikoan jasotako tresna eta mekanismoetan oinarrituko da: Errentamenduen Erregistro eta Leihatila Bakar Digitalean, iraupen laburreko ostatuen alokairu-zerbitzuei buruzko datuak bildu eta trukatzeari buruzko EBko araudian edo publizitateari buruzkoetan.

Horrez gain, «zigor gogorrak» aurreikusten ditu EH Bilduren lege proposamenak legearen baldintzak eta aginduak betetzen ez dituzten enpresentzat: hala nola, legez kanpoko pisu turistikoak argitaratzea eta kontratatzea, erregistro faltsuak erabiltzea edo errentatzaileen nortasun juridikoa ezkutatzea. Milioi bat eurokoak izan daizteke.

EH Bilduk ohartarazi duenez, gaur egun, legez kanpoko edo lizentziarik gabeko pisu turistikoen kopurua «oso handia da. Hego Euskal Herrian lizentziarik gabeko ostatuak %30 dira. Estatu espainoleko beste hiri eta erkidego batzuetan ehuneko horiek %60a gainditzen dute. EH Bilduren legea onartu eta aplikatuko balitz, izugarri murriztu litekeela etxe ilegalen parkea, herritarrentzat ondorio kaltegarriak dituen kontrolik gabeko negozioa baita».

Bizitoki larrialdiari aurre egitea

«EH Bildurentzat lehentasunezkoa da egungo bizitoki larrialdiari aurre egitea. Horregatik, legez kanpoko pisu turistikoen errealitateari behin betiko aurre egiteak krisi hau eragiten duten arrazoi garrantzitsuetako bat desagerraraztea ekar lezake», azpimarratu du.

Eta lege hau aplikatzeak bizitoki krisia arintzen lagun dezakeela dio, «udalen eta autonomia erkidegoen mekanismo eta erabakiekin batera: pisu turistikoak ohiko alokairu parkera itzultzea sustatuz, alokairu eskaintza handituz, eskaintza turistikoa murriztuz eta legez kanpoko turismo negozioarekin amaituz».

«Neurri horiek hobekuntza nabarmena izango lirateke etxebizitza krisia pairatzen duten eta etxebizitza duina izateko eskubidea bermatua ez duten milioika pertsonentzat», amaitu du.