NAIZ

Bi hamarkada bete ditu jendeari zabalik Mendukiloko leizeak

400.000 pertsona baino gehiagok bisitatu dute Astitzen, Nafarroan, dagoen Mendukiloko leizea jendearentzat zabalik egon den 20 urteetan. Urtemuga hau eta «lurraldean sustraitutako eta jasangarria den proiektu kolektiboa» ospatzeko bisita gidatua egin dute astearte honetan.

Astearte honetako bisita gidatua Mendukiloko leizean.
Astearte honetako bisita gidatua Mendukiloko leizean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Mendukiloko leizea Astitzen dago, Aralarren. 2005eko ekainetik bisitatzeko egokituta eta irekita dago, duela 20 urtetik. Ordutik 400.000 pertsona baino gehiago «murgildu dira leize honen sakoneretan, lurrazpi harrigarri bate ezagutuz».

Urteurrena eta «lurraldean sustraitutako eta jasangarria den proiektu kolektiboa» ospatzeko bisita gidatua eskaini dute astearte honetan, euskaraz. Doakoa izan da Lekunberrin erroldatuta daudenentzat eta 11.00etan eta 13.00etan egin diren gaztelerazko bisitek %50ko deskontua izan dute.

Kobazuloa kudeatzen dutenek nabarmendu dutenez, «hasieratik Mendukiloko leizean ingurumenarekiko errespetua, ingurumen sentsibilizazioa eta jakintza zientifiko eta kulturalaren zabalkundea daude». Gaineratu dutenez, «esperientzia eraldatzaileak sustatzen ditugu, hausnarketarako, jakinminerako eta ondare naturalaren zaintzarako gonbita eginez».

Gogorarazi dute, horrekin batera, Mendukilok ez zuela bere historia duela 20 urte hasi, artzainen aterpe eta biltegi natural modura erabili izan delako aurretik. XX. mendearen amaieran hasi ziren aztertzen espeleologoak, «bere aberastasun geologikoa eta hezkuntza potentziala agerian utziz».

Bisitak antolatzeaz gain, hainbat ekitaldiren eszenatoki izan da. Esate baterako, abesbatzen kontzertuak, liburu aurkezpenak, antzezpenak, esperientziazko bisitak geologo, biologo, artista eta beste hainbat profesionalekin. «Horrela, lurra ikusi eta entzuteko modu berriak zabaltzen dituen espazio bizia eta moldakorra bihurtu da».

Leizearen kudeaketa bertako erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da. Larraungo Udalaren, Lekunberriko Udalaren, Plazaolako Turismo Partzuergoaren eta Astitzeko Kontzejuaren artekoa, hain zuzen.