
Bilboko Panerako eraikin berria hartuko duen Odontologiako Klinika Soziala aurkeztu berri dute EHUk eta Bilboko Udalak. 2027-2028 ikasturtean jarriko da abian eta arrazoi ekonomiko, sozial edo osasun arlokoengatik klinika pribatuetara edo osasun sistema publikora sarbide mugatua edo batere ez duten pertsonei eta taldeei arreta emango die.
Aurkezpenean Juan Mari Aburto alkateak eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak azaldu dutenez, besteak beste diru-sarrera txikiak dituzten pertsonei, migratzaileei, gutxieneko etnikoei, adineko pertsonei, aniztasun funtzionala edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei eta indarkeria matxistaren biktimei zuzenduta dago.
Esan dutenaren arabera, askotan kolektibo horiek tratamendu konplexuagoak behar dituzte, beraien premietara egokituta, eta unibertsitate-klinika hau arreta hori eskaintzeko hornituta eta egokituta egongo da. Gainera, prebentzioa sustatzeko hezkuntza programak eta baheketak egingo dira.
Horrekin batera, auzoan izango dituen onurak nabarmendu dituzte. Iragarri dutenez, oinezkoen eta bezeroen trafikoa areagotu egingo da, beste zerbitzu eta hornidura batzuen premia izango da, tokiko enplegua sortuko da, inguruaren irudia eta erakargarritasuna hobetuko dira, balizko lankidetzak eta aliantzak izango dira, hezkuntza eta prebentzioa hurbileko ikastetxeetako ikasleentzat emango da eta aukera profesionalak eskainiko dira auzoko gazteentzat.
Klinikaren eraldaketa zazpi helburu nagusitan oinarritu dute: talde kalteberen eskaera sozialari erantzutea, aniztasun funtzionala duten kolektiboei arreta ematea, ahoko eragina duten gaixotasun neurodegeneratiboak eta sistemikoak dituztenei arreta eskaintzea, iraupen luzeko ospitaleratzeak dituzten pazienteei zerbitzua ematea, gizartearen bizi-kalitatea hobetzea, sare publikoko asistentzia indartzea eta odontologian prestakuntza eta ikerketa erreferente izaten jarraitzea.
Bilbo unibertsitate-hiria
Odontologia Klinika Soziala Bilbo unibertsitate-hiria ekimenaren barruan kokatzen da. Bilboko Udalaren ekimen horren helburua hiria erreferente akademiko, kultural eta berrikuntzakoa bihurtzea da. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen hitzetan, «Euskal Herriko Unibertsitatea eragile estrategikoa izango da» Bilbon.
Bilbo unibertsitate-hiria ekimenaren helburu nagusien artean daude Estatuko eta nazioarteko talentu gaztea erakartzea; Bilbon goi-mailako hezkuntzaren eskaintza indartzea; ikasleak hiriko hiri eta kultura bizitzan integratzea; eta Bilbo hiri moderno, konektatu eta prestatu gisa gaztetzea.
Ildo horretan ere, Bengoetxeak hau adierazi du: «Akordio hau Bilboko Udalarekin lankidetza zabalago baten lehena izatea espero dugu. Eta ez bakarrik Udalarekin, eragile sozio-ekonomiko gehiagorekin lankidetzan aritzea ere bilatzen duelako, unibertsitate publikoa gizartearen zerbitzura jartzearen alde lan egiten baitugu. Azken batean, asmo handiko proiektua da, hainbat eragile inplikatzen dituena eta unibertsitatea gizarteari hurbiltzeko modu berri bat markatzen duena, proiektu sozialekin laguntzeko, EHUren apustu sendo gisa».

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
