NAIZ

Jazinto Polo Rios miliziano anarkistaren gorpuzkiak bere familiaren eskuetan daude

1936ko abenduaren 4an hil zen ‘Malatesta’ batailoiko gudaria. Zornotzako hilerrian hobiratu eta identifikaturiko 149 gorputzetako bat da Donostian jaiotako miliziano anarkista. Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan egin den ekitaldian eman dizkiete gorpuzkiok ordezkari instituzionalek etxekoei.

Jazinto Polo Rios miliziano anarkistaren gorpuzkinak etxekoen eskuetan daude azkenean.
Jazinto Polo Rios miliziano anarkistaren gorpuzkinak etxekoen eskuetan daude azkenean. (@Irekia)

Jazinto Polo Rios miliziano anarkista donostiarraren gorpuzkiak, 1936 urte amaieran hil eta Zornotzako hilerrian identifikatu ostean, etxekoen eskuetara iritsi dira. Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hartuko dute atseden gorpuzkiok, asteazken honetan Polo Riosen etxekoek eta ordezkari instituzionalek ekitaldia burutu ostean. Maria Jesus San Jose, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkateak parte hartu dute bertan, miliziano anarkistaren etxekoekin batera.

Jazinto Polo Rios donostiarra 1936ko abenduaren 4an hil zen, Zornotzan, 20 urte zituela. CNT, sindikatu anarkistari atxikitako ‘Malatesta’ batailoiko gudaria zen. Hezur-hondarren azterketa forentseak erakusten du Jazinto gerra frontean zauritu ostean, ebakuntza egin ziotela. Beraz, pentsatzekoa da, Elosun zauritu eta Zornotzako ospitalera eraman zutela eta han, ebakuntzaren ostean, hil eta bertako hilerrian hobiratu zutela.

Miliziano anarkistaren gorpuzkia Zornotzako hilerrian berreskuratutako 149etako bat da, bertan identifikatutako bosgarrena. Identifikazioa gauzatzeko oso lagungarria izan da hezur-hondarrekin batera berreskuratutako identifikazio xafla, 23086 zenbakiduna. Euskal Prospekzio Taldeak dokumentazio historikoa kontsultatu eta zenbakiari izena jarri dio, Jazinto Polo Riosena. Ondoren, identifikazio genetikoa gauzatzeko, Gogora familiarekin harremanetan jarri, DNA lagina jaso eta EHUren Biomics laborategiak egin du laginen azterketa genetikoa.

Gogora Institutuak aurrera eramaten duen ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren’ emaitza positibo berri bat izan da honakoa, gerrako hildakoak bilatu, berreskuratu eta identifikatzeko programarena. Identifikaziora iritsi arteko prozesuaren etapa desberdinetan honako hauek parte hartzen dute: Euskal Prospekzio Taldea, 36ko gerrako biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen dena; Aranzadi Zientzia Elkartea, gorpuzkiak hobitik atera eta auzitegi-azterketa egiten duena; eta EHUko Biomics laborategia, DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen dena.

Ekimen honek desagertutako pertsonen senideen sufrimendua orbaintzen laguntzen du, horiek identifikatuz eta haien familiei itzuliz, eta euskal gizartea duintzen duen prozesua da, biktima horiei euskal gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua ematen baitie.

Jazinto Polo Riosen identifikazioak erakusten du, uste zena baino denbora tarte eta zonalde zabalagoan hildako pertsonak daudela Zornotzan hobiratuta. Hilerri horretan berreskuratu diren 149 gorpuzkiak (zifra behin-behinekoa da), denbora eta leku tarte zabal batean hil ziren gudariei dagozkie beraz; 1936ko abendutik 1937ko maiatza bitartean gerrako fronte desberdinetan hildakoei edota zaurituta ospitalera eraman ostean hildakoei.

Beraz, Gogorak berretsi nahi du gerra garaian hil eta desagertuta dauden gudarien senitartekoei egiten dien deia, DNA Bankurako lagina eman dezaten, identifikazio berriak lortzeko.

Bost izen

Gaur arte, bost dira Zornotzako hilerrian berreskuratu eta identifikatutako gudariak: Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa; Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa; Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen) eta Aretxabaletakoa; Ortuellako Benigno Hierro Pinedo; eta Jazinto Polo Rios, Donostian jaioa.

Centoitabengoa, Iñiguez eta Hierro Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean.

Enrique Contreras, EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko gudaria, bezperan hil zen, apirilaren 6an, Diman, Barazar inguruan.

Jazinto Polo Riosen identifikazioak erakusten du denbora eta leku tarte zabalagoan hildako pertsonak daudela Zornotzan hobiratuta, 1936ko abenduaren 4an hil baitzen Elosun zauritu eta Zornotzako ospitalera eraman ostean.