Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Aitona eta marrazoak

Txikitatik izan dut marrazoekiko lilura berezia. Erantzulea, jakina, Spielberg-en ‘Jaws’ (“Marrazoa”) filma izan zen. Ikusi nuenetik, animalia horiek sekulako zirrara eragiten didate. 

Filmak 50 urte bete berri ditu, eta horren aitzakiaz kaleratu dute ‘Jaws @ 50’ dokumentala. Sormen bidaia bat da, anekdotaz eta bitxikeriaz betea, izenburu mitikoak eragin zuen guztiaren berri ematen duen lan nostalgiko ederra. 

Nire kasuan, filma, sentimendu oso pertsonal batekin lotzen dut. 1994ko uztailaren 17a zen, Brasil eta Italiaren arteko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finala jokatzear. Anaia eta biok aitona-amonen etxean geunden. Zinemazalea izateaz gain, aitona futbolzalea zen oso, eta irrikaz zegoen final hori ikusteko. Partida hasteko hamar minuturen faltan esaldi batek hankaz gora jarri zuen etxeko lasaitasuna: 

«Aitona! ‘Marrazoa’ pelikula ikusi nahi dugu!», oihukatu nuen, ehunka aldiz ikusia genuen VHS zahar hura eskuartean nuen bitartean.

«Ez, lau urtean behin jokatzen da finala eta ikusi nahi dut». Segidan guk amonari: «Amona! Filma ikusi nahi dugu!». 

Hamar minutu geroago, eszena honakoa: anaia eta biok patxada ederrean ‘Marrazoa’ filma ikusten eta aitona gizajoa, iletik tiraka, egongelako izkinan zegoen eserlekuan. Partida izorratu genion, baina gustura ikusi zuen enegarren aldiz filma gurekin batera; oso presente daukat oraindik irribarre hura.