Arnaitz Gorriti

Elordi txalotu nahi izan arren Ermuko zaleek, Altuna eta Imazen garaipena txalotzen amaitu dute

Caixabank Masterseko bigarren puntua eskuratu dute Altunak eta Imazek, Elordi eta Albisu 22-12 menpean hartuta. Mallabiko aurrelaria oso kamuts aritu da eta Albisuren bitartez neurketa 12-9raino nahiko parekatua izan bada ere, azkenean gorriek alde handia aterata irabazi dute.

Altunak jotako musika dantzatu besterik ezin izan du egin Elordik.
Altunak jotako musika dantzatu besterik ezin izan du egin Elordik. (FOKU)

ALTUNA III - IMAZ 22

ELORDI - ALBISU 12

Ermuko Aritzmendi pilotalekuan deseatzen izan dira zaleak Aitor Elordi Mallabiko semeari txaloak jotzeko. Azken baten, Ermutik Mallabira oinez ere ordu erdian iritsi liteke. Alabaina, aurrelari bizkaitarrak ahalegina jarri badu ere, lau tanto baino ezin izan ditu amaitu. Aldiz, Jokin Altunak ezarritako musikaren soinuan dantzatzea egokitu zaio Elordiri eta Aritzmendi pilotalekua goraino bete duten zaleek, besterik ezean, amezketarrari eta Ander Imazi gustura asko jo dizkiete txaloak, txalotzeko moduko partida eginda irabazi baitute.

«Baliteke nik tanto asko amaitzea, baina garrantzitsuena puntua eta sentsazioak berreskuratzea ziren. Aurreneko jardunaldian ere irabazi genuen baino hobeto jokatzea bagenuela sinetsita atera ginen Ander –Imaz– eta biok, eta nik uste honako honetan askoz partida osoagoa jokatu dugula», iritzi dio Jokin Altunak.

Caixabank Masterseko bi partida jokatu eta biak irabazita, beren multzoko lider dira, eta are gehiago ostiral honetan atera duten aldearekin. Aurreneko tantoan nahi gabe Altunak traba egin dio Elordiri eta hargatik errepikatu egin behar izan da lehenengo tanto hori, baina ordutik aurrera, bikote gorriak beti eraman du markagailuko ekimena, eta 12-9koaz geroztik gainera, hautsi egin dute neurketa.

Hasteko 4-0 aurreratu dira Altuna eta Imaz, aurrelariak segidan lau tanto amaitu eta gero. Bada, alde hori izan da neurketa bere azken hereneraino gidatu duena. Albisuk galantak eman dizkio, eskuinez batik bat, eta Aritmendi frontoian atzeko koadroetatik aurrelariari errematea kentzea lan nahiko txarra da, baina Imazek, batetik, oso sendo erantzun die ataundarraren kanoikadei eta bestetik, Elordik, zaleen bultzada handia izanagatik, ez du zulorik aurkitu. Eskuinez, airez bi hormako jokaldiarekin egin du Mallabiko semeak bere aurreneko tantoa, eta ordurako markagailua 8-5 zen gorrien alde.

6-0ko partziala

Albisuren lanak eta Elordiren ekinak Altunak eta Imazek tarteka hutsegiteren bat egitea lortu dute, baina tantoa sartzea ikaragarri kosta zaie. Hala ere, 12-9raino partida ekarrita, irabazteko aukerak hor izan dituzte, gorriek 6-0ko partziala erdietsi duten arte.

«Albisu ikaragarri ari zen jokatzen, baina aurrera eta atzera korrika asko egiten ari zela iruditu zait, eta nik uste partidaren bigarren zati horretan nekatu egin dela», iritzi dio Jokin Altunak. Baliteke, baina dela Albisuren nekeagatik, dela Amezketakoaren magiagatik, gorriek 18-9koan arnasa hartu ahal izan dute, partida behin betiko hautsi baitute.

Paradoxa den arren, neurketa hautsi delarik iritsi dira Elordiren tantorik eta errematerik onenak, pilota berri bizi batekin. Zaleak zutik jarri ditu bizkaitarrak, baina 18-12raino iraun du erreakzioak.

Hurrengo tantoa hankapean erabili dute urdinek, baina Altunak eta Imazen pilota zail askoak bata bestearen atzetik eraman eta gero, nekearen poderioz zabalera moztutako pilota kontrakantxara joan zaio Albisuri eta handik 22ra zuzenean joan ahal izan dute Altunak eta Imazek. Eta noski, Aritzmendira hurbildu diren zaleek, Palestinako bandera aldean zutela kasu batzuetan, urdinei txaloak jotzeko gogoz joan badira ere, azkenean gorriei jo dizkiete ondo merezitako txalo horiek guztiak.

PARTIDAKO FITXA

Iraupena: 54.55 minutu. Pilotakadak: 457. Sakez: 0 Altunak, 0 Elordik. Jokoan egindakoak: 11 Altunak eta 2 Imazek; 4 Elordik eta 1 Albisuk. Jokoan galdutakoak: 4 Altunak eta 3 Imazek; 5 Elordik eta 4 Albisuk. Markagailua: 1-0, 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 5-3, 6-3, 8-3, 8-4, 8-6, 9-6, 11-6, 11-7, 11-8, 12-8, 12-9, 13-9, 18-9, 18-10, 18-12, 19-12, 22-12. Gorabeherak: Caixabank Masterseko bigarren jardunaldiko partida, Ermuako Aritzmendi pilotalekuan jokatua, harmailak goraino beteta direla, tartean Palestinako bandera eraman duten zale batzuek. Aurreneko sakea, gorri.