
Estatu espainoleko ‘party’-rik handiena da Euskal Encounter, egun hauetan Barakaldoko BECen ospatzen ari dena. Atzo hasi zen 33. edizioa eta igandera arte luzatuko da, 5.000 parte hartzaile batuz, zeintzuk 200 jarduera baino gehiagoz gozatu ahalko duten.
4.000 pertsonek euren ordenagailua eraman ahal izan dute, gau eta egunez 60 Gbps-eko internet konexioaz baliatzeko. Horrez gain, Opengune espazioa ere badago, doakoa, non hitzaldiak, tailerrak eta erakusketak dauden.Javier Gómez-Arruek, Euskal Encounterreko antolatzaile nagusiak, azaldu zuenez topaketa honek aisialdirako baino gehiagorako balio du. «Enpresa-proiektu berrien sorrera, ikaskuntza, esperientzien trukea eta parte-hartzaileen eta enpresen arteko konexioa bultzatzen ditu», esan zuen.
Aurtengo edizioaren ardatz nagusia adimen artifiziala da, «gaurkotasunean dagoen gaia». Beste gai batzuk ere aztertuko dira, hala nola ikerketarako eta irakaskuntzarako tresna digitalak, ziberindarkeriak, bideojokoen industria eta zibersegurtasuna.
Era berean, Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak inaugurazioan nabarmendu zuenez, «gure enpresek digitalizatzeko, berritzeko eta lehiakorragoak izateko behar duten talentua da, hain zuzen ere, gaur hemen, Euskal Encounterren, aurkitzen duguna».
Bere hitzaldian gogorarazi zuenez, «gure enpresen %90 eraldaketa digitalari ekin dio, eta %70ek hazkunde-aukera ikusten du», eta Bizkaiko Foru Aldundiak prozesu horrekin duen konpromisoa nabarmendu zuen: «17 milioi euro baino gehiago inbertitu ditugu 900 enpresa txiki eta ertain baino gehiagoren digitalizazioa laguntzeko laguntzetan».
Jaione Ganzarain Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak nabarmendu duenez, EAE «herrialde txikia da, baina azken urteotan hazi egin da teknologiaren eta digitalizazioaren trenera igoz».
Partyaren atalak
Euskal Encounter 33 osatzen duten atalen artean, sormen digitala, hardwarea, software librea, bideojokoak eta aisialdira bideratutako hainbat jarduera nabarmentzen dira. Parte-hartzaileek beren talentua probatzeko aukera izango dute arte digitaleko lehiaketetan. Horietan, hainbat diziplinatako pieza grafiko eta ikus-entzunezko onenak sarituko dituzte.
Gainera, ekitaldian bideojokoen 50 txapelketa baino gehiago eta software libreko erronka espezifikoak izango dira. Horietan, programazioan eta informatikan adituek hacking etikoa, kriptografia, logika, puzzleak eta alderantzizko ingeniaritza bezalako probak egingo dituzte.

Musika
‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Euskal Herria
Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Euskal Herria
Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herria
Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Euskal Herria