Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Jon Garmendia ‘Txuria’
Idazlea

«Alaitasuna eta baikortasuna gaur egungo bizitzarako beharrezko tresnak dira»

Jon Garmendia ‘Txuria’-k Rafa Etxarrirekin batera sortutako ‘Hitzak eta Koloreak’ margolan eta idatzien erakusketa gaur egungo abiadura handiko gizartean gelditzeko eta geure kolore propioak aurkitzeko gonbidapena da. Erakusketa ikusgai dago Hernaniko Biteri kultur etxean, uztailaren 29ra arte.

Jon Garmendia idazle eta poeta.
Jon Garmendia idazle eta poeta. (Jon Urbe | FOKU)

Jon Garmendia ‘Txuria’ idazlea eta poeta bezainbat sortzailea da, elkarlanean eta lankidetzan aritzea «maite» duena. ‘Hitzak eta Koloreak’ erakusketak, Rafa Etxarri margolariarekin batera Arruitzeko baserrian abiatutako proiektua, gaur egungo gizartearen zurrunbiloa gelditzeko eta geure kolore propioak aurkitzeko gonbidapena da. Hitzak eta koloreak uztartuz, Garmendiak hiri-abiaduraren gristasunari edertasuna eta baikortasuna kontrajartzen dizkio, eta landa-jatorriaren sustraiak garaikidetasunarekin harilkatzen ditu. Elkarrizketa honetan, proiektu kolektiboa nola osatu duten, ikuslearen parte-hartzea nola ulertzen duten eta elkarren sormen-prozesuan ematen den trukeaz aritu da.

Zein izan zen ‘Hitzak eta Koloreak’-en abiapuntua? Nola bilatu zenuten hitzen eta koloreen arteko lotura?

Rafa eta biok duela asko ezagutu genuen elkar Ipar Euskal Herrian, berak margotzen zuela esan zidan, eta baita Gorriti eta Zumeta bezalako margolari eta sortzaile desberdinen lagun zela ere. Elkar ezagutu genuen eta beti hitz egiten genuen elkarrekin zerbait egiteaz. Horren harira biok elkartu gara hegoaldean, bere baserrian, Arruitzen. Han hasi zen gure proiektua. ‘Hitzak eta Koloreak’-en zergatia da guk ikusten dugun gaur egungo gizartean bizitza betetzen dugula hitzordu desberdinekin, egunero daukagula alde batera edo bestera zerbait egiteko… Gero, egunaren bukaeran, galdetzen diogu geure buruari: zer egin dugu? Eta kosta egiten zaigu erantzutea… Horrek esan nahi du bizi garela abiadura handiko gizarte batean. Hori da Rafa eta biok elkarrekin ikusten dugun zerbait, batez ere, eraman nahi gaituzten abiadura horren barnean sartuta gaudenean dena grisa, iluna da. Rafaren margoak kolorea dira, berak aldarrikatzen du kolorea zuk duzula zurea, nik nirea, bakoitzak baduela berea, hau ez dela gizarte uniforme bat.

Erakusketaren sarreran Rafak eta zuk «jatorri bera» duzuela aipatzen duzue…

Guk adierazi nahi genuen gure sustraiak nonbait badirela baina, sustrai horietaz gain, gure enborra eta adarrak zabalduta daudela. Sustraiak beti hor daude, eta sustraiek beti etxera eramaten gaituzte, sortu garen lekura. Azkenean Rafa eta ni beti ibili gara alde batetik bestera, baina beti itzuli gara baserrira. Baserria gaur egungo ostatu idealizatua da eta hamarkada askotan zehar gutxietsia izan da baserriko jendea. Guk aldarrikapen bat egiten dugu baserriko jendeak baduela ezagutza, naturarena, zuhaitzena, landareena, loreena… Bizitza honetan beharrezkoak diren elementu askorena.

«Rafaren margoak kolorea dira, berak aldarrikatzen du kolorea zuk duzula zurea, nik nirea, bakoitzak baduela berea, hau ez dela gizarte uniforme bat»


Erakusketarako hautaketa prozesu bat egingo zenuten. Zein izan zen prozesu horretan jarraitu zenuten ardatza edo haria?

Elkarlan bat izan da, urrats bat izan zen, ariketa bat zegoen hor. Berak egindako margoak zituen eta nik idatziak, baten bat azken momentuan egin nuen Hernanitik kanpo egon naizelako 20 urtez eta horiek adierazten dute nik nola ikusi dudan Hernani itzuli naizenean, duela 20 urteko toki beretik, han bertan eseri eta beste gauza bat ikusi dut. Rafaren margoak ikustean eta hark nire idatziak batak eta besteak lotura bat zutela ohartu ginen.

(Jon Urbe | FOKU)

Ikuslea lehen aldiz erakusketara gerturatzen denean, zer bilatzen duzue sentiaraztea?

Gure erakusketa egina dago jendea tresna teknologikoetatik ateratzeko, adibidez ‘sare sozialak’ deitzen ditugunak, justu sare asozialenak direnak. Denbora joaten zaigu pantaila bati begira eta pantaila horretan uzten ditugu gure iruzkinak. Guk jendeak margoak ikustea nahi genuen bere idatziekin alboan, biak lotura batekin eta ea zer ekartzen zion jendeari pentsamendura. Bisita liburu bat jarri genuen bertan, eta ohartu gara jende askok utzi dituela bere idatziak, horrek esan nahi du jendea pasa dela hortik. Sortzaile gisa gure tokia aldarrikatu nahi genuen eta jendeari eskaini egiten dakiguna. 

«Hernanitik kanpo egon naiz 20 urtez eta testuek adierazten dute nik nola ikusi dudan Hernani itzuli naizenean, duela 20 urteko toki beretik, han bertan eseri eta beste gauza bat ikusi dut»

Duela hilabete pasatxo ikusi zuen argia zuen proiektuak…

Gu oso pozik gaude, bidea oso bazterretik egitera ohituta gaude, biak oso sortzaile hautuak gara. Erakusketa berezia da, elkarrekin jarri gara eta hasi ginen jakinda ez genuela beste bat egingo edo gero zer egin jakin gabe. Nahi genuena zen jendeari hor utzi eta etor dadila, ikus dezala eta eman dezala bere iritzia. Udan erakusketa bat egitea arraroa zela esaten ziguten baina guk dagoeneko prest genuen, guk proposatu nahi genuena zen jendea abiadura handiko bizitza horretatik irtetea eta erakustaldira gerturatzea, jendeak hartzeko bere denbora irakurtzeko, ikusteko, bertatik ateratzen zenean ea nola ateratzen zen. Herritarrek esandako hitzak dira niretzat aberasgarrienak.

Zein balio ematen diozu publikoaren feedback-ari?

Xumetasunetik sentitzen dudana orrian uzten dut eta niretzat publikoaren feedbacka garrantzitsuena da, publikoari zer pentsa eragitea. Nik aldarrikatzen dut alaitasuna eta baikortasuna beharrezko tresnak direla gaur egun eta bizitzarako borroka tresna batzuk direla horiek.

Definitu hitz gutxitan nola den Rafarekin lan egitea.

Rafa margoekin sortzen duen idazlea da. Idazten du pertsona, jendartea, gizartea, familia, mundua, hori dena kolore desberdinekin. Bizitzari bizitza ematen dio koloreekin.

Imaginatzen dut erakusketa Hernanin izateak bereziagoa egiten duela.

Lehen egunetik ikusi genuen lagunak, jende ezaguna prest zegoela Biteri Kultur Etxera gerturatzeko. Guretzat plazerra da etxekoak guri buruz hitz egitea.

Uniformetasunaren eta dibertsitatearen dikotomia azpimarratzen duzue lanean. Zuretzat zein aukera eta arrisku ditu gizarte koloretsu eta dibertsifikatu batek?

Niretzat bizitza koloretsu bat alaia da, lotura itxiak eta estuak utzi eta askea dena. Posible dena libreki erabaki ahal izan eta askatasuna ematen dizuna, baimenik eskatu gabe. Koloreak hori ematen du, noski, kontziente izanda iluna eta grisa hor dagoela. Sistemak nahi duen mundu produktibo, globalizatu eta uniforme horren kontrakoa da guk aldarrikatzen duguna. Palestinan eta Gazan ikusten ari garen holokausto basati hori bizitzen ari direna, hor dena iluna da zabaldu nahi dena eta horren aurrean kolorea jarri behar diogu mundu honi.

Zuk jarri zenizkion hitzak Rafaren margolanei? Edo Rafak irudikatu zituen zure hitzak?

Berak esan zidan: nik margo hauek ditut eta ea zer ekartzen dizuten, idatziak dituzun gauzak edo zure poemak zure kontu nahi ditut eta ea zer sortzen dizuten nire margoek.

Etorkizunera begira, ba al duzu beste artista edo diziplinarekin kolaboratzeko asmorik?

Nire eguneroko lanetan ohitu izan naiz sortzera beste norbaitekin edo taldean, kontzeptu hori maite dut, Xabi Solanorekin 30 urtez egin dut ibilbide musikal bat, baina beti ardatza gu biok izan gara, nik hitzak eta berak doinuak. Orain urritik abendura berarekin baita ere emanaldi batzuk emango ditugu hegoaldean Bidasoa ingurutik, nik ipuinekin, poemekin, hitzekin eta berak musikarekin, elkarrekin xumeki emango ditugun emanaldi batzuk izango dira. Sortu ginen gure lurraldean emango diogu hasiera urrian Hernanin. Ortzi Oihartzabal Uztaritzeko biolonjolearekin batera, olerki emanaldi bat emango dugu baita ere, berak zuzenean joko du eta nik hitzak deklinatuko ditut. Emanaldi publikoa izango da eta intimoa aldi berean.