Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Oriok eta Arraun Lagunak-ek bosgarren bandera astindu dute Getxon

Oriok eta Arraun Lagunak-ek denboraldiko bosgarren bandera astindu dute Getxon. Modu honetan, mirotzen ligako lidergoa sendotu dute eta ‘Lugañenek’, bestalde, lehen postua berreskuratu du.

Arraun Lagunak, Getxoko bandera astintzen.
Arraun Lagunak, Getxoko bandera astintzen. (Oskar MATXIN EDESA)

Hasieratik mahaian kolpea ematea, horixe izan zen bi eskifaia txapeldunen helburua atzo, Getxon, egon zitezkeen zalantzak uxatzeko. Oriok zein Arraun Lagunak-ek, hasi eta buka, menderatu egin dute Getxoko estropada eremua, brankan aldeak zabaldu eta poparean disfrutatzeko.

Gizonezkoetan, Urdaibaik eginiko denbora ederra segituan irauli dute mirotzek –bigarren minuturako, zazpi segundoko aldea– eta arerio zuzenenak –Zierbena eta Donostiarra– mugara eraman dituzte.

«Orio izugarri bat ikusi dut. Oihan Gozategi zoriondu nahiko nuke, bere lehen ikurrina irabazi baitu. Pozgarria da etxeko gizonak eskifaian sartzeko borrokan ikusi eta niri buruhausteak sortzen egotea», onartu du Iker Zabalak, Orioko entrenatzaileak, denboraldiko bosgarren garaipena ospatu berritan.

Ohorezko txanda hastear zela, haizeak nabarmen egin du behera eta beraz, Urdaibaik, bigarren txandan, sinatutako denbora ona hobetzeko baldintzak hobetu egin zaizkie sailkapeneko lau ontzi onenei. Bermeoko ontziak arerioak txikitu egin ditu –Getariari 28 segundo eta Lekittarrari 35 aterata– eta horri esker, bihar, Castroko jardunaldian, onenekin lehiatuko da.

Orioren lehen erreferentzia ere ‘Bou Bizkaiarena’ izan da, hala adierazi da Gorka Aranberrik bere eskifaiari zuzentzerakoan. Lehen ziabogarako, hamar segundoko abantaila atera dio Urdaibairi. Zierbena eta Donostiarra, orain arte mirotzei banderak lapurtzeko gai izan direnak, gogor aritu dira, mugaraino eraman dituzte beren baliabideak baina luzez luze, gutxika-gutxika, segundoak irabazten joan da Orio. Zierbenarekiko bi segundoko aldea zuen lehen ziabogan, 7 bigarrenean, 8 hirugarrenean eta bukaerarko, 14 segundogatik gailendu da.

Bigarren txandan Urdaibaik estropada txukuna egin badu, lehendabizikoan San Juanek egindakoa ere ez da gutxiagorako izan. Larrosek seigarren denbora onena egin dute eta bigarren txandan arituko dira bihar

Sailkapenaren behealdean, Cabo eta Kaikuren arteko borroka partikularrean, sestaotarrak aritu dira makalago, galiziarrengandik kasik 20 segundora helmugaratuta.

Brankan aldeak aterata

Arraun Lagunak-ek ere bigarren sailkatu Tolosadeari 14 segundoko aldea atera dio Getxon, brankan estropada apurtu eta lidergoa berreskuratzeko osagai guztiak pilatuta. Ziabogarako 700 metroen faltan, ontzi bateko aldea zuen arerio nagusiekiko: Tolosaldea eta Orio. Pasa den asteburuan, mirotzek beren erregulartasunaren saria eskuratu zuten, bandera eta lidergoa poltsikoratuta, eta beraz, Ane Sanchez berak onartu legez, errebantxarako gogoz ureratu zen ‘Lugañene’.

Brankaz apurtu du estropada egungo txapeldunak, irteera indartsua egin ostean. Ziabogarako 700 metroen faltan, ontzi bateko aldea zuen arerio nagusiekiko: Tolosaldea eta Orio. Pasa den asteburuan, mirotzek beren erregulartasunaren saria eskuratu zuten, bandera eta lidergoa poltsikoratuta, eta beraz, Ane Sanchez berak onartu legez, errebantxarako gogoz ureratu da ‘Lugañene’.

«Pasa den igandean kolpe handia hartu genuen (bosgarren bukatu zuten), gehienbat ez genuelako gure sentsazioekin bat egin. Gaurkoan, hasieratik dena ematera ateratzeko esan digu entrenatzaileak eta halaxe egin dugu», aztertu du arraunlari gipuzkoarrak. Juan Mari Etxabe teknikariaren aginduak ere bide beretik joan dira, brankaz aldea ireki eta gero mantentzeko.

Korrontea kontra zeukatela arraunkera ona hartu dute donostiarrek eta ziabogarako, bi ontziko errentarekin iritsi dira. Tolosaldea eta Orio elkarrekin atera dira ziabogatik eta bigarren postu horretarako lehia estua eskaini dute. Puntu bakoitzak asko balio duenaren adierazle izan da borroka hori; izan ere, Oriok lehen aldiz egin du hirugarren –orain arteko sei estropadatan bost bigarren postu eta garaipena pilatu ditu– eta horrek ahalbidetu dio Arraun Lagunak-i berriro ere sailkapenean puntu bateko abantaila izatea.

«Liga estu joateak bere onurak eta kalteak ditu, tartean taldeak sartzen dira eta puntu gehiago galdu daitezkeelako. Bestelako ikuskizun bat ematen dio honek», nabarmendu du Ane Sanchezek, estropada bukatzean.

Pasa den urtean bandera guztiak irabazi ostean, bi arerio gogor ditu aurten ‘Lugañene’-k, denboraldi ikusgarri bat eskaintzeko prest. Lehen zazpi banderak lehiatuta, 50 puntu ditu Arraun Lagunak-ek, bat gutxiago Oriok eta sei gutxiago Tolosaldeak. Koska bat beherago dago Hibaika (30 puntu), ohorezko txandako luxuzko gonbidatua. Sailkapenaren behealdean, aldiz, Donostiarra azken postuan kateatuta dago, nahiz eta gaurkoan azken postua saihestu duen. Hondarribia izan da azkena. Astillerok irabazi du Getxoko lehen txanda eta Zumaiak, igo berriak, emaitza txukuna bildu du.