Arnaitz Gorriti
Elkarrizketa
Urdax Antepara
Zierbenako Arraunlaria

«Irabazteko gai garela ikusteak lanean jarraitzeko anbizioa indartzen digu»

Iaz Urdaibai zen Zierbenak gainditu ezin zuen koska eta aurten, Orio; Iker Zabala-Gorka Aranberri bikoa, inondik ere. Hala ere, Zierbenako arraunlariak ez ditu ‘galipoak’ urruti ikusten eta argi dio, arrauna ere asmatze eta akats jokoa dela; xehetasun txikiek aldaketa handiak ekar ditzaketela.

Urdax Antepara, Zierbenako arraunlaria.
Urdax Antepara, Zierbenako arraunlaria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Pasai Donibaneko uretan kanpotik ikustea egokitu zitzaion Urdax Anteparari Zierbenaren denboraldiko aurreneko garaipena. Biharamunean, berriz, barrutik sufritu zuen Orion ‘galipoek’ jasan zuten gurutze-bidea. Naturaltasunez onartzen, ditu, ordea. «Gorago iristea zaila da baina ez da ezinezkoa, baina era berean, akats txikien erruz beste batzuek aurrea har diezazukete», dio, kiroltasuna eta zuhurtasuna nahasiz.

Ez zen agian astebururik onena izan sailkapen nagusian, baina behintzat aurreneko bandera eskuratu zenuten.

Bai. Kanpotik tokatu zitzaidan ikustea larunbatekoa, baina taldea lanean oso ondo ikusi nuen. Hasiera baten agian urduri, arrauneko kanpoa ezberdina zelako eta traineruek zituzten bide galtze eta moldatu beharrarekin. Baina behin erditik aurrera, Orio ere bikain aritu arren, oso ondo ikusi nuen Zierbena eta ondo merezitako garaipena lortu genuen. Pozik, orduan, hobetze prozesu baten ikusten dugulako trainerua.

Txanponaren beste aldea, igandean.

Halaxe da, bai. Ez zen egunik errazena arraunean egiteko. Badakizu, kale zozketan aurreneko txanda saihestu nahi baina gero hura baino kale okerragoa tokatu behar. Haizea, marea, korrontea. Pena handia izan zen asteburua Oriorengandik sailkapen nagusian zazpi puntura amaitzea, baina nik uste ez genuela hain estropada eskasik egin.

Bosgarren amaitu zenuten, baina tarte baten zortzigarren ere bazindoazten.

Hala da, bai. Sufritzea tokatu zen eta ikusi genuen Hondarribia, taldea gaztetzen ari bada ere, edo Donostiarra, Bermeo bera... akats txikiren bat eginez gero, bertan izan ditzakegula. Oriok, berriz, etxean sekulakoa egin zuen eta Isuntza ahaztu gabe. Batzuetan badirudi bigarren egiten duzunean ezin zarela pozik egon, baina Lekittarrakoek nola ospatu zuten bigarren poztu hori... Beraiengatik poztu nintzen ni ere, lanean ondo ari diren seinale.

Iaz Urdaibairen atzetik; aurten Orio aurrean duzue. Korrontearen kontra ari zaretela dirudi eta hori zaila da gero!

Azken bi urteetan Urdaibai izan dugu aurretik eta aurten Orio. Talde ezberdinak dira baina aurpegi bertsuak, batez ere Zabala eta Aranberrik badakigulako zer-nolako kultura irabazlea sortzen duten. Datuak ikustea besterik ez dago nolako lana egiten duten eta nolako emaitzak atera.

Ez da erraza korrontearen aurka aritzea, baina tira, ez gaudela hain urruti esango nuke. Pasaian ikusi zen eta beste estropada batzuetan ere bai, dirudiena baino oreka handiagoa dagoela. Egia da saltotxo bat badagoela eta aurreneko punta hori harrapatzeko zertxobait faltan gaudela, baina era berean, asmatzea eta huts egitearen marra hori oso mehea da. Eta era berean, gora heldu nahi izate horrek, eta larunbatean ikusi zen bezala, tarteka irabazteko gauza zarela ikusteak anbizioa ematen du ezinezko dirudiena gero eta hurbilago izateko.

«Egia da aurreneko postura saltotxo bat dagoela oraingoz, eta korrontearen kontra aritzea ez da erraza, baina ez gaude hain urruti»

Asteburu honetan Getxora eta Castrora zoazte arraunean. Zuentzat mesede ala kalte?

Getxokoa estropada eremua zertxobait aldatuta dago eta ikusteko dago ondo datorkigun ala ez jakiteko. Castrokoa, berriz, ia etxean aritzea bezala izango da; ez da alperrik gure taldekide batzuek han bizi direla (irribarrez). Hori bai, kaleek eragina izango dute eta hor ea igandean izan ez genuen zorte apur hori alde izaten dugun, nahiz eta edonola ere arraunean ondo egin beharko dugun.

Zazpi puntu asko dira, baina oraindik ligak luze joko duela espero dugu. Zer diozu?

Jakina! Min eman zigun asteburua zazpi puntura amaitzea, baina oraindik denboraldi luze joango da eta hemen bakoitzak egiten duenaz gain, ondokoena ere kontuan izan behar da. Begiratu Isuntzak igandean Oriok egin zuena, adibidez, edo Hondarribia egiten ari den gorakada, besteak beste. Zuk egiten duzun akats txikiena besteek baliatu dezakete, baina batez bestera ere bai. Aurpegia emango dugu beti eta egindako lanaz gozatzen jarraitu nahi dugu, emaitzak hortik ere etorriko direlako. Batzuetan irabazten ez denean dena gaizki dagoela dirudi, baina aurkariak uste baino hurbilago daude.

Akatsak nornahik egin ditzake eta noiznahi, baina lanean jarraitzea besterik ez dago. Maila ona ematen ari gara eta hobetuko dugun itxaropena daukat. Azken baten, eguneroko lan horri esker etorriko dira etorkizunean lortzen ditugun gauzak.

Liga ez da hasi berria, baina oraindik gorantz egiteko bidean ikusten duzue zuen burua?

Horixe baietz! Esan bezala, ematen duena baino hurbilago daude beste hainbat ontzi. Adibidez, min handia eman zigun igandeko bosgarren postuak Donostiarra eta Hondarribia hurbil zirelako. Buruan hori pentsatzen ekin behar diozu lanari eta hortik iritsiko da hobekuntza, baita liderrari begira ere.

Izan ere, zuek behintzat irabazteko handinahiarekin entrenatu dezakezue. Derrigor zailagoa izango da azken postua saihesteko entrenatzen duzunean.

Hori da. Baina hor aintzat hartu behar da bakoitzak zein helburu dituen. Hor ikusten dut Isuntzakoen poza Orion bigarren amaitu eta gero. Beraiei ere gauzak ondo egiten ari direla erakusten die halako emaitza on batek. Kasu horretan, besteek ere lan egin beharko dugu orain atzetik dauden horiek aurre har ez diezaguten.