
Pipi Cardell alpinista zaildua da, baina andaluziarraren izena, zoritxarrez, ezagunagoa da Denis Urubkorekin duen bikote harremanarengatik. Nolanahi dela, diogun bezala, ondo menderatzen ditu alpinismoaren arlo garrantzitsuenak. Eta horren isla da uztail honetan Urubkorekin batera Nanga Parbaten (8.125 m, Pakistan) egin duen jarduera bikaina eta historikoa. Urubkori buruz, berriz, ezer gutxi esan dezakegu. Agian egokiena da aipatzea zortzimilakoetan egungo espezialista garrantzitsuenetakoa dela. Bakarka, sokadan, neguan… ekarpen izugarriak egin dizkio alpinismoaren atal horri.
Soka talde horrek zortzimilakoaren iparraldeko isurian ‘Nisabutka’ ireki zuen estilo alpinoan. Hain zuzen ere, 6tik 10era. Andaluziarrak eta errusiarrak diote ibilbide tekniko zaila eta zorrotza dela; baita dotorea eta agerikoa ere. Izotza, mistoa, elurra, harkaitza, artesi arriskutsuak dituen glaziarra… Alderdi alpino horietan gogor estutu behar izan zuten. Protagonistok gehitu nahi izan dute luizien eta elur jausien arriskua handia izan zela. Klimak ere ez zien batere lagundu. Arratsaldero ekaitzak bisita egin zien, eta elur freskoa ekarri ere. 90 kilometro orduko haizeteak ere izan zituzten. Bederen, jarduera osoan ez zuten minik hartu. Beste “bitxikeria” bat ere aipatu behar da: erabateko bakardadean jardun zuten. Zortzimilako horretan alpinista bakarrak ziren.
Igoeraren kronikarekin hasi baino lehen, NAIZek Cardelli galdetu dio Nanga Parbaten nortasun handiko marra tekniko bat era arinean zabaltzeak ez ote duen exijentzia maila muturrera eramaten. Batez ere, Urubko bezalako alpinista handia ondoan izanda. Erantzun hau eman digu alpinista andaluziarrak: «Garaieran azkar mugitzen den alpinista da Denis, eta duen teknika zainduarekin segurtasunez egiten du. Horrek guztiak zailtzen du bere erritmoa jarraitzea. Une batzuetan erritmo hori jaisten du elkarrekin joateko; baina, eremuak asko eskatzen badu, beste martxa bat sartzen du, batez ere arriskua duten lekuetan: seracak, elur jausiak… Akatsik egin gabe erritmo horri eusteak asko eskatzen die arlo fisikoari eta mentalari. Horrez gain, Denis oso zuhurra da, eta akatsak saihesten ditu. Exijentzia hori sokakideari helarazten dio; horregatik, konfiantzak erabatekoa izan behar du. Hori da giltza: sokadaren arrakasta eta segurtasuna arlo horretan oinarritzen da. Ez dut uste larrua arriskuan jarri dugunik, baina onartu behar dut mendiaren baldintzek une jakin batzuetan muturreko egoeran jarri zigutela. Gehitu behar dut ere, une batzuetan luiziengatik beldur handia izan nuela. Denis, berriz, lasaiago egon zen. Ziur aski hiru harriren kolpea jaso nuelako; Denisek, aldiz, bat bera ez. Urduritasun uneak izan ziren, bazirudien ez ginela handik oinik aterako».

Itxura guztien arabera, ondoriozta daiteke ‘Nisabutka’ bide bikaina dela. Baina aipatu dugu ere, historikoa izan dela; batez ere, Cardelli dagokionez. Zortzimilako batean ibilbide bat estilo alpinoan zabaltzen munduko lehen neska bihurtu da. Batzuentzat berandu iritsi da, baina, bederen, heldu da: «Azken 50 urteotan zortzimilakoetan soilik 15 bide zabaldu dira estilo alpinoan. Horregatik uste dugu eginiko lanarekin ekarpena egin diogula alpinismoaren munduari. Eite horrekin oso harro gaude. Kontuan hartu behar da zortzimilakoen historian emakumezkoek helburu oso garrantzitsuak erdietsi dituztela: oxigeno gehigarririk gabe aurreneko igoerak, erabateko autonomiaz, espedizioak zuzentzen, neguko lehen igoerak egiten… Eta horrek guztiak denbora eskatu du. Bide bat estilo alpinoan zabaltzeak hainbat alderdi eskatzen ditu, eta ez dira errazak pilatzea. Lehenik eta behin argi izan behar duzu erronka hori zure mailan dagoela. Ondoren, prestaketa oso arduratsua egin behar da hainbat arlotan: fisikoan, teknikoan eta psikologikoan. Mendian edozein egoerari aurre egiteko prestatuta egon behar duzu. Sokakidea da faktore erabakigarri bat, eta alde horretatik pribilegiatua naiz. Eta nola ez, eguraldiak, ahal den neurrian, lagun izan behar duzu: mendiak azken hitza du beti. Egun maila handia duten emakumezko alpinista asko daude. Guk Nanga Parbaten eginiko lanak ea indar gehiago ematen dien eta etorkizuneko proiektuetan babesa eta laguntza jasotzen duten».
Nanga Parbatera joan aurretik, iaz Gasherbrum I mendian egin zuten bezala, Skarduko ingurumarian aklimatazio fasean murgildu ziren. Lau mendi igo zituzten; garaiena, 5.159 metrokoa. Denera, 62 kilometro eta 18.000 metroko desnibela pilatu zituzten. Fase hori amaitzeko, 6.000 metrora igo ziren.
Estilo bikaina
Aurreratu dugun bezala, Urubkok eta Cardellek estilo alpinoan eskalatu zuten. Erabat garbi. Horrekin esan nahi dugu ez zutela soka finkorik erabili; ezta oxigeno gehigarririk ere. Gainera, urrats osoa alpinistok zabaldu zuten.
Hilaren 6an igoerarekin hasi ziren. Hain zuzen ere, Ganalo mendiaren azpian antolatutako bibaketik irten ziren. 5.300 metrora dagoen glaziarra izan zen sarbidea. Errimaia gainditu eta 40 graduko pendiza zuen aldats batek 5.500 metrora eraman zituen.
Hortik aurrera benetako eskalada hasi zen. Hamalau luze egin zituzten izotzezko kanal (60º) batean. Sokaburuak bidea zabaltzen zuen bitartean, bigarrenak jumarrarekin igotzen zuen. Luizien eta ekaitzen arriskuarengatik, geldialdia egin zuten. Atseden gutxi hartu eta gauez eskalatzen jarraitzeko erabakia hartu zuten. Hurrengo hemeretzi luzeek asko eskatu zieten; izan ere, piolet tekniko bakarrarekin 80 graduko aldapak (batez beste, 60º) gainditu behar izan zituzten.
Arrokazko pare bat murru txiki (10 metroak) eskalatu ondoren, egunsentiarekin 6.250 metrora iritsi ziren. Ehun metro gorago bibaka antolatu zuten. Berriz ere oso goiz (ordu bietan) martxan jarri ziren. 300 metroko espoloi batzuk (M4) jarraitu zituzten, eta ondoren mistoari eta izotzari aurre egin zieten, 6.900 metrora heldu aurretik.
Gaua 7.100 metroan igaro zuten. Une jakin batean Kinshofer bide klasikora lotu ziren, eta, elur sakonean lan gogorra egin eta gero, 7.350 metrora beste bibak bat egokitu zitzaien. ‘Summit Trapeze’ izeneko sekzioaren azpian dauden artesiak gainditu zituzten. 7.400 metrora zeuden. Espoloi eta korridore bana igo eta tarte bertikal batean lau luze eskalatu zituzten. 300 metro gorago, eskuinera egin zuten harkaitzezko plaka eta irtengune batzuk eskalatzeko. Gailurrerira (8.050 m) heldu ziren, eta arazorik gabe, bost eguneko igoera eginik, ia eguerdian tontorrean ziren, ibilbide zorrotz eta zail bat zabaldu ondoren.
Jarduera handi horretako protagonistek argitu dute ‘Nisabutka’ erabat independentea dela. 6.600 eta 6.800 metroren artean ibilbide berriak 2009an Gerfried Goeschl austriarrak eta Louis Rousseau kanadarrak sortutako marra tarte oso txikian zeharkatzen du. Azken hau glaziarrera abiatzen den bitartean, Urubkoren eta Cardellen bideak ertz batetik jarraitzen du.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
