NAIZ

Bera Berak bost lagunarteko jokatuko ditu abuztuan Ligari eta Superkopari ekin aurretik

Replasa Beti Onakekin hasiko ditu lagunartekoak, eta, horrez gain, Grafometal la Rioja eta berriro ere nafarren aurka lehiatuko da Egiako Torneoan, eta ondoren Caja Rural Aula Valladolid eta Guardes edo Malagaren aurka arituko da Summer BAG txapelketan.

Super Amara Bera Berak denboraldiaurrea hasi du dagoeneko.
Super Amara Bera Berak denboraldiaurrea hasi du dagoeneko. (SUPER AMARA BERA BERA)

Behin lanera itzulita eta 2025-2026. denboraldirako taldea osatuta, udako lagunartekoak ezagutzea falta zitzaion Super Amara Bera Berari. Bada astelehen honetan klubak jakitera eman du denboraldiaurreko plana eta asmoa da abuztuan bost lagunarteko jokatzea.

Lehenengoa abuztuaren 9an izango da, Lekunberrin, 19.00etan, Replasa Beti Onak talde nafarraren aurka; ondoren, Egiako Torneoa jokatuko da Donostiako Aste Nagusian, aurten hiru talde elkartuko dituelarik. Abuztuaren 12an, 18.30ean, talde donostiarrak Grafometal La Rioja izango du aurkari, besteak beste June Loidi fitxatu duen taldea. Abuztuaren 14an, ostegunean eta ordu berean, Replasa Beti Onak izango du berriz ere aurrean. Asteazkenean, aldiz, Beti Onak eta La Rioja taldeak elkarren aurka arituko dira. 

Abuztuaren 22 eta 23an Summer BAG txapelketa ospatuko da aurten ere. Leongo Villacelaman, Mecalia Atletico Guardes eta Caja Rural Aula Valladolidekin antolatzen den txapelketak Costa del Sol Malaga gonbidatu du. Hortaz, abuztuaren 22an 18.30ean Super Amara Bera Berak Valladolid izango du aurkari eta 20.30ean galizarren eta andaluziarren txanda izango da.

Ligan debuta, abuztuaren 30ean

Nola ez, udako lagunarteko hauek guztiek badute hekburu garbia: lehiaketa hasten denerako %100ean iristea. Super Amara Bera Berak 2025-26 denboraldia irekiko du Gascan abuztuaren 30ean, 19.00etan, Conservas Orbe Zendal Porriñoren aurka, eta hurrengo asteburuan Superkopa Iberikoa jokatuko du, oraindik egoitza ofizialik ez duena, Madeiraren aurka finalerdietan. Beste norgehiagoka Replasa Beti Onak eta Benficaren artekoa izango da.

Occidentek babesletza hitzarmena berritu du

Bestalde, Occidentek babesletza hitzarmena berritu du Super Amara Bera Berarekin, «emakumezkoen kirolarekin, esfortzua, talde lana eta bikaintasuna bezalako balioak sustatzearekin duen konpromisoa berretsiz», nabarmendu du klubak.

Babesletza hori 2025-2026 denboraldi osoan zehar hedatuko da, eta jarraipena ematen dio bi erakundeek azken urteetan izan duten lankidetza estuari.

Akordioaren arabera, Occidentek presentzia nabarmena izango du jokalarien kamiseta ofizialetan eta joko pistan lehen taldearen etxean jokatuko diren partidetan. Marka beste euskarri giltzarri batzuetan ere egongo da ikusgai, hala nola prentsa panelean, komunikazio materialetan eta eskubaloi atalaren webgune ofizialean. Klubaren sare sozialen bidez, partida bakoitzean 'Jokalari Onena' aitortzeko ekimena egingo da, jardunaldiko kirolari nabarmenenari aitortza eginez.

Klubak beste denboraldi batez jarritako konfiantza eskertu du, eta kirolaren garapenarekin konprometitutako enpresen babesa izatearen garrantzia nabarmendu du. «Occidenten babesa izatea motibazio handia da, eta pista barruan eta kanpoan talde gisa hazten jarraitzeko aukera ematen digu», adierazi du Tati Garmendia Bera Bera Eskubaloi Taldeko arduradunak.