NAIZ

Lorena Wiebesek irabazi du esprintean Tourreko hirugarren etapa arriskutsua

Herbeheretarra azkarrena izan da Angerseko helmugan, baina lasaia eta esprinterrentzat zirudien jardunaldian erorikoa izan da azken kilometroetan. Marianne Vos bigarren izan da esprintean eta maillot horia berreskuratu du.

Lorena Wiebes azkarrena izan da Angerseko helmugan.
Lorena Wiebes azkarrena izan da Angerseko helmugan. (Julien DE ROSA | AFP)

Emakumeen Tourra aurrera doa eta astelehen honetan hirugarren etapa lehiatu da, La Galicytik Angerseraino (163,5 kilometro). Helmugan azkarrena Lorena Wiebes herbeheretarra (SD Worx) izan da. Duela 26 urte Mijdrecht herrian jaiotako txirrindulariak bere ibilbideko 108. garaipena erdietsi du.

Wiebesek esprintean lortu du irabaztea, bigarren izan den Marianne Vosen (Visma) aurretik. 38 urteko herrikideak maillot horia berreskuratu du lehenengo etapa irabazi ostean. Ally Wollaston australiarra (FDJ-SUEZ) hirugarren izan da. Bestalde, Elisa Longo Borghini italiarrak (UAE) ezin izan du irteera hartu infekzio gastrointestinal batengatik.

Laboral Kutxako Usoa Ostolaza, Ane Santesteban eta Idoia Eraso talde handian sartu dira, denbora berean. Sailkapen nagusian, aldiz, Santesteban 30.a da, 1:49ra; Ostolaza 53.a da, 7:53ra; eta Eraso 112.a da, 18:54ra.

Hasiera batean lasaia zirudien etapa batean, txirrindulari ugari saiatu dira aurrera egiten hasierako kilometroetatik. Laboral Kutxako txirrindulariren bat ere ikusi ahal izan da aurrera egin nahian. Hala ere, kosta egin da ihesaldi ona sortzea eta bertan lau txirrindulari egon dira: Movistar taldeko Sara Martin, Alison Jackson kanadiarra, Clemence Latimier frantsesa eta Catalina Soto Campos txiletarra.

Ihesaldiko laukoteak lau minutuko aldea lortu du tropelak Britainia uzten zuen momentuan. Momentu horretan maillot horiak ez zuen arriskurik galtzeko, baina tropelak ez die aukera eman lau txirrindulariei eta pixkanaka aldeak murriztu ditu etapa irabazteko faboritoa zen Lorena Wiebesen SD Worx taldea aurrean zela.

Wiebesek lehen kolpea eman du bitarteko esprintean, helmugarako 38 kilometroren faltan. Herbeheretarra Marianne Vos baino azkarragoa izan da eta 13 puntu lortu ditu bertan. Vosek, ordea, beste sari bat jasoko zuen etapa amaieran: lidertza.

Ihesaldiko laukotearen abentura pixkanaka amaitzen ari zen bitartean, Sara Martinek luzatu nahi izan du ihesaldia eta aurrera egin du bakarka, atzetik Jacksonek eta Soto Camposek jarraitu diotela.

Txiletarra ere saiatu egin da bakarka joaten, baina 6 kilometroren faltan ihesaldiari amaiera eman dio tropelak. Dena esprintean erabakiko zela zirudienean, 3,6 kilometroren faltan eroriko handia izan da, tartean Demi Vollering eta Chloe Dygert zeudela.

Aurrean, aldiz, Lorena Wiebesek ez dio aukerarik utzi Vos herrikideari eta garaipena erdietsi du. Hori bai, Vosek maillot horiarekin ekinglo dio astearte honetako laugarren etapari; Saumur eta Poitiers artekoa, 130,7 kilometrotakoa.