
Ekainaren 7an estreinatu zuen Deabru Beltzak kale antzerki taldeak ‘Su talka’ ikuskizun berria Bretainiako Kertsaint-Plabennec hirian eta hilaren 13an Euskal Herrian. Datorren urtean 30 urte betetzekoa da konpainia eta ibilbide luze horretan mugarri garrantzitsua da merkaturatze berri hau. Izan ere, lehen aldia da ekoizpen bat Euskal Herritik kanpo estreinatzen dutena eta, gainera, Deabru Beltzak Frantziako zentro nazionaletan sormenerako egonaldiak garatzea lortu duen lehen euskal antzerki konpainia ere bada. Obra berriaren xehetasunak aletu dizkio Garbitxuk, taldearen zuzendariak, NAIZi.
Bederatzi emanaldi eskainita, pozik daude obra izaten ari den harrerarekin. Sentsazio «oso oso onak» dauzkatela azaldu du Deabru Beltzak taldearen zuzendariak, «bai profesionalen aldetik, baita publikoaren aldetik ere». Tentuz mintzo da, hala ere, konpainian uste baitute hogeigarren emanaldia eskaini arte ez dagoela ikuskizuna borobilduta dagoela esaterik.
Taldeak astebeteko bi egonaldi artistiko egin ditu proiektu berria ontzeko: maiatzaren 24tik ekainaren 1era Garges-lès-Gonessen, Parisen, egon ziren, eta ekainaren 2tik 6ra Brest hiriko Leforneau: Cente national des arts de la rue delakoan. Sortze prozesuaz galdetuta, Garbitxuk dio «luzea» izan dela. Izan ere, 2023an hasi ziren ikuskizunaren bueltan lanean, baina kide baten gaixotasuna tarteko, prozesua geldiarazi behar izan zuten, behin sendatuta berriz ekiteko.

Luzatze horrek, ordea, parada eman die «gauzak patxadaz egiteko», hori izan dute alde. Denbora ez ezik, diru kontuetan ere zorteko izan dira: «Frantziako hiru zentro nazionalek eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu gaituzte». Halaber, Etxepare Institutuaren babesa ere izan dute. «Denborarekin eta diruarekin, gauzak ondo egiten dira», argi mintzatu da zuzendaria.
«Sorpresaz beteriko ikuskizuna» aurkituko du ikusleak, taldearen zuzendariaren hitzetan, bukaera «oso indartsua» duena, gainera. Horretarako, 45 minutuan 6 artista izango dira agertokian, gaueko ikuskizun ibiltaria gorpuzten. Horrez gain, aipatu beharra dago Deabru Beltzak taldeak, Garbitxuren zuzendaritza artistikoarekin, berrikuntzak egin dituela ekoizpen honetan. Talde artistiko eta teknikoaren barruan, Zesar A. Ogara, Garbitxurekin batera bazkide eta Deabru Beltzak taldearen sortzailea; Rubén Sastre, Rafael Ariza, Iker Barrientos eta Erlantz Eizmendi daude musikari eta pirotekniko lanetan.
Efektu bereziak, jantziak, makillajea eta musika-tresnen diseinua konpainiak berak sortzen ditu, Iñaki Etxeandiaren laguntzarekin, makillajean eta instrumentuen diseinuan. Piroteknian, gainera, Guillaume Pujol eta Poudre Rougeren laguntza izan du.
Frantziar estatuan eman behar dituzten antzezpenez gain, Euskal Herrian ere egongo da ‘Su Talka’ bertatik bertara ikusteko aukera. Dagoeneko, Iurretan, Hernanin, Mundakan, Berrizen eta Mungian izan dira; abuztuaren 2an Guardian eskainiko dute emanaldia eta hilaren 14an Aretxabaletan. Hori gutxi ez eta Italian, Britainia Handian eta Portugalen ere izango dira uda honetan.
Hiru hamarkada, ia-ia
Urte luzeko eskarmentua da Deabru Beltzak taldeak duena, 1996tik ikuskizun andana eskaini baitituzte toki desberdin ugaritan. Hori dela eta, Garbitxuk baieztatu dezake publikoa ez dela bera Euskal Herrian eta frantziar Estatuan, esaterako. Hemen, «publikoa ohitzen ari da kale antzerkia ikustera», azaldu du, baina, zehaztu du frantziar Estatuko merkatua oso bestelakoa dela, askoz gehiago programatzen baita eta, horregatik, publikoa «adituagoa da». Euskal Herrian, aldiz, haurrei zuzendutako ikuskizuntzat hartzen da, nahiz eta geroz gehiago programatzen ari dela aitortu duen.
Hain zuzen ere, ibilbide luzea izateak zailtasun puntu bat gaineratzen dio proposamen berritzaileak osatzeko erronkari. Garbitxuk ez du spoilerrik egin nahi izan, ‘Su Talka’ zer den jakiteko ikustera joan beharra azpimarratu du. Baina, aurreratu du, izenak dioen moduan, sua egon badagoela, bestelako efektu bereziekin batera. Kalea antzeztoki bihurtzen dute Deabru Beltzek dramaturgia mutua, efektu bereziak eta piroteknia uztartuta, ‘Su Talka’ irudizko adieran zein literalenean irudikatuta.

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Mutualistas vizcainos percibirán mayor importe en su pensión al ajustarse sus retenciones

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

